(Aizu! aldizkariaren 408. zenbakian argitaratua)

Gazteenontzat zentzugabekeria izango da seguruenik, baina garai batean, internet hedatu aurretik, ordenagailuak makina isolatuak ziren. Makina batetik bestera informazioa pasatzeko modu bakarra disketeak ziren, gehienez 1,4 megako edukiera zituzten euskarri magnetikoak. Sistema eragilearen bertsio berri bat, edo aplikazio potolo samar bat instalatu behar zenean, kutxa bat erosten zen, eta haren barruan 10, 25, 30 disketeko sorta eder bat aurki zitekeen, bakoitza bere zenbakitxoarekin. Ta hor ibili beharra zegoen: “Jarraitzeko, sartu 6/24 disketea”. Instalazioak kale egiten bazuen, lehenengotik hasi beharra zegoen, eta diren eta ez diren jainko eta jentil guztiei erregutu, disketetako bat eremu elektromagnetikoren batek kaltetuta egon ez zedin…

Gero edukiera handiko euskarri magneto-optikoak etorri ziren. 100 megatik gorako edukiera zuten diskete formatu berriak, estandarizatzera iritsi ez zirenak. Eta disko optikoak: CDak, DVDak, Blu-Ray… horiek asko erraztu zuten tamaina handiko softwareen banaketa.

Baina garai hori ere amaitu egin da, edo desagertzeko bidean dago behintzat. Sistema eragile nagusienak jadanik ez dira euskarri fisikoetan banatzen. Internetetik deskargatzen dira zuzenean. Eta eguneraketak ere, halatsu. Batzuetan erabiltzailea konturatu gabe ere. Nahita ere, gero eta zailagoa da Windows, Mac OS zein GNU Linuxen disko fisiko bat topatzea. Lainoan dago guztia.

Eta berdin gertatzen da aplikazioekin. Aurrekoan sekulako fanfarriarekin iragarri zuen Whatsappek ordenagailuetarako aplikazio berria atera zuela. Gezur txiki-handia zen hura. Aplikazio hori mini-nabigatzaile bat besterik ez da, Whatsappen web aplikaziora zuzenean eramaten gaituena.

Aplikazio konplexuagoekin ere berdin gertatzen ari da. Photoshop eta antzekoak ere harpidetza eredu batera pasatzen ari dira: aplikazioa ez da inoiz ordenagailura deskargatzen, sareko zerbitzari­ batetik exekutatzen da zuzenean. Horrela, askoz errazagoa da, adibidez, programazio akatsak zuzentzea: zuzenketa horiek behin eginda, zerbitzarian, erabiltzaile guztiek berehala igarriko dituztelako. Baina hori bai: hasi pentsatzen amaitu egin zaigula aplikazio garestiak dohainik erabil zitezkeen garai hura…

Loturak, estekak, linkak…

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.