(Aizu! aldizkariaren 407. zenbakian argitaratua)

Badira informazio eta komunikazio teknologiei ‘teknologia berriak’ deitzen tematzen direnak. Konturatu gabe gezurretan ari direla, sarritan euren burua ere engainatzen. Egia da perspektiba historikotik IKTak oso-oso berriak direla, eta esparru bereko beste teknologia batzuek askoz ere denbora gehiago behar izan zutela hedatzeko. Pentsa inprentak, telegrafiak, telefonoak, irratiak, zenbat denbora behar izan zuten eguneroko bizitzan sartzeko. Duela 30 urte zientzia-fikzioa ziren smartphoneak, berriz, ezinbesteko tresna bihurtu zaizkigu belaunaldi batetik bestera.

Eta horrek aldaketa asko ekarri ditu ‘negozio’ asko eta askora. Internet hedatzen hasi zen garaian, duela apenas 20 urte, egunkariek erabaki bat hartu zuten: artean berria zen teknologia berri harekin publikatzen zuten edukia dohainik izango zela, paperezko ‘teknologia zaharraren’ osagarri. Are gehiago: interneteko edizioak esperimentazio guneak ziren, paperak ematen zuen etekinari esker mantentzen zirenak.

Interneteko edukiak hasieratik dohainik zabaltzeko erabakia ‘oinean tiro bat ematea’ izan zela entzun nion aspalditxo nazioarteko egunkari garrantzitsu baten ordezkariari. 20 urte geroago, paperak dagoeneko ez du interneteko edizioari eusteko beste etekinik ematen eta, okerragoa dena: publikoak, irakurleok, erabat barneratu dugu interneteko edukia dohainik dela eta izan behar duela.

Eta iritsi da une bat, berria zen teknologiak zaharrak baino publiko zabalagoa duena. Eta orain komeriak: irakurleok ez dugu sareko edukia ordaindu nahi, iragarkiak jartzen dizkigutenean ere, ez zaigu ondo iruditzen eta blokeatzeko teknikak ere erabiltzen ditugu, eta paperezko egunkariek gero eta jarraitzaile gutxiago dute, batez ere belaunaldi gazteen artean. Eta orduan… nondik atera behar da kazetarien soldata ordaintzeko dirua?

Hor dabiltza/gabiltza komunikabideen munduan, galdera horri erantzuna bilatu nahian. Eta konponbide posible bakoitzak baditu bere arazoak: albiste bakoitzeko ordainketa txiki bat egitea, harpidetza modukoak sortzea, publizitate estilo berriak txertatzea, informatiboak behar luketen webguneak saltoki erraldoi bihurtzea… Teknologia ez, ideiak behar ditugu berriak!!

Loturak, estekak, linkak…

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.