Espioien altxorra

(Aizu! aldizkariaren 405. zenbakian argitaratua)

Aurrekoan esan nizuen: gauzen internet delakoak aukera zoragarriak ekarriko omen dizkigu, baina etxeko gailu guztiak elkarrekin konektatuta eta etengabe ‘hizketan’ egoteak hozkirri apur bat ere ematen du.

Bada, azken asteotan irakurri dugunaren arabera, hozkirri apur bat baino gehiago eman behar digu elkarrekin konektatutako objektuen mundu horrek. Eta ez ahaztu ez garela etorkizunaz ari, orainaz baizik: sakelako telefonoak, autoak, telebistak, erlojuak… gero eta ohikoagoak dira internetera konektatutako objektuak.

Estatu Batuetako “inteligentzia” zerbitzuen zuzendariak, James Clapper-ek, agerraldia egin zuen otsaila hasieran, AEBetako Senatuaren aurrean. Estatuaren segurtasuna, terrorismoaren aurkako borroka eta enparauak zituen mintzagai. Eta, besteak beste, argi asko esan zuen: “etorkizunean, inteligentzia zerbitzuek gauzen internet erabil lezakete identifikaziorako, zaintzarako, kokapenaren jarraipena egin edota errekrutatzeko hautaketa egiteko”.

Ez dezagun ahaztu, esate baterako, Samsung etxeko telebistek etengabe piztuta eta internetera konektatuta dauden mikrofonoak dituztela, jabeen ahozko aginduei erantzun ahal izateko. Eta haiek bezalaxe, ordenagailuek, telefonoek… jostailu askok ere mikrofonoa eta internet konexioa dute! Harvard unibertsitate ezaguneko ikertalde batek gai honen inguruko txosten bat argitaratu zuen otsaila hasieran, eta horien ondorioak ere beldurgarriak ziren: besteak beste, gauzen internet espioitza agentzietarako altxor bat dela dio txostenak… eta laster hasiko direla agintariak elektronika etxeak legez behartzen haien gailuei ahalmena ematen inguruan gertatzen dena zelatatzeko.

Hori bera ere ez da etorkizuneko kontua: kasualitatea ala ez, otsailaren erdi aldera, Applek publikoki salatu zuen epaile batek behartu nahi zuela iPhoneen enkriptazio sistema ‘hackeatzera’, abenduan izandako tiroketa bat argitzeko. Appleren lehen erantzuna ezezko borobila izan zen, baina ikusteko dago noraino eutsi ahal izango dion legearen indarrari.

Gauzen Interneten atarian

Gauzen Interneti buruzko azalpen gehiago, Berriaren aspalditxoko artikulu batean.

EHUren ikerketa Gauzen Interneten segurtasunaz

No Responses

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.