Datozen radarrak

Beste esparru digital guztiak bezalaxe, argazkilaritzarena ere izugarri garatu da azken urteotan. Duela ez horrenbeste, 4 megapixeleko sentsore bat gauza hipersofistikatua iruditzen zitzaigun. (2006an Artandape aldizkarirako erositako kameraz akordatzen ari naiz zehazki). Gaur egun, 50 euroko edozein telefono txatxuk darama bereizmen bikoitzeko kamera, eta esparru batzuetan behintzat gero eta ohikoagoak dira gigapixeletako argazkiak. Argazki eta bideogintzarekin batera, aurpegi eta objektuen errekonozimendua, mugimenduaren detekzioa eta beste hainbat teknologiak ere salto izugarria egin dute azken 10 urteotan. Eta batzuetan ez dakit hori ona ala txarra den…

Espainia aldeko gidariak, adibidez, aztoratuta dabiltza egunotan. DGTk, bertako trafiko zuzendaritzak, iragarpen beldurgarria egin du-eta: asteon hasita, trafiko agintaritzak 70 radar edo trafiko-kamera berri barreiatuko ditu estatu osoko errepideetan, eta 2016 bukatu orduko 200 gailu berri izango dira guztira. Asmo bakar batekin, noski: gidarien segurtasuna zaintzea.

robocop-semaforoaGauza da makina horiek belaunaldi berrikoak izango omen direla. Eta hor hasten dira komeriak.  Ahaztu puntu jakin batean abiadura jakin bat gainditzean flasha aktibatu eta argazki desenfokatua egiten duten makinak. Radar berri horiek bide-bazterreko Robocop hutsak izango omen dira!

Haietako batzuk, oinarrizkoenak, aspaldiko ezagunak ditugu Euskal Herriko errepideetan. Egin dezagun errepasotxo bat:

Bide-zatiko radarrak

Oinarrizkoena, esan bezala, ezaguna izango duzue askok: bide-zatiko radarra da. Errepideko puntu jakin batean, radarrak argazkia egiten die bertatik pasatzen diren auto guztiei. Irudia aztertu eta, autoaren kolorea, forma, eta matrikula irakurrita, identifikatuta geratzen da.

Kontrolatu nahi den bide-zatiaren amaieran, beste kamara batek berriz egiten du argazkia, eta berriz identifikatzen ditu ibilgailuak. Kalkulua ere ateratzen du: ibilgailu bakoitzak zenbat denbora egiten duen hasierako puntutik bukaerara eta, beraz, zein izan den batez besteko abiadura. Abiadura hori baimendutakoa baino handiagoa izanez gero… tira, ez dizuet kontatu behar zer gertatzen den ondoren, ezta?

Euskal Herrian 2011n instalatu zen estilo horretako lehen radarra, N1 errepidean, Ordizia eta Irura artean. Honelaxe azaldu zuen orduan Eusko Jaurlaritzak, goxo-goxo inor ez haserratzeko…

Hain ondo funtzionatu zuen sistemak, handik urtebetera kendu zuten, bere helburuak lortuta.

Fotogorriak

Hauek ere klasikoak dira honezkero, baina gero eta ohikoago bihurtzen ari dira: semaforoetan jartzen diren gailuak dira, eta gorriz pasatzen dituzten ibilgailuen BOST argazki egiten dituzte, bereizmen  handian. Infragorriekin funtzionatzen dutenez, argazkiaren momentuan ez dute flashik erabiltzen, eta beraz, txinpartarik ez ikusteak ez du esan nahi isunik jaso ez duzunik…

vaxalpr-fotorojo1

Traffic Eye

Traffic Eye delako gailu horiek dira betiko radarren jauzi ebolutiboa, eta beldur apur bat ematen dute bai. Gizaki baten batere laguntzarik gabe, hau dena atzeman dezakete:

  • ibilgailu baten modeloa eta kolorea
  • gidaria telefonoz hitz egiten ari ote den
  • gidariak zein bidaiariek segurtasun uhala daramaten ala ez
  • ibilgailuan animaliarik ote doan, garraiatzeko kaiolatik kanpo
  • umerik ote doan ibilgailuan, behar duen besaulki berezirik gabe
  • eta noski, beste kontu sinpleago batzuk: kontrako norabidean doazen ibilgailuak, gelditu ezin den lekuetan gelditu direnak…

Makinatxo sinpatiko horiek finkoak izan daitezke, edo ibilgailu batean ere joan daitezke, ondo disimulatuta. Espainian horrelako 150 jarri omen dira martxan azken urtean.

Hortxe gure laguntxoa, adi-adi

Hortxe gure laguntxoa, adi-adi

Multiradar C

multiradar-c

Multiradar C delakoa instituzio bat da errepidezaleen artean. Maiztasun oso altuko eta potentzia oso baxuko uhinak erabiltzen ditu neurketak egiteko, eta horrek hainbat abantaila ematen dizkio:

  • hainbat errail kontrola ditzake batera, norabide ezberdinekoak baldin badira ere
  • abiada handian doan auto batean instalatuta joan daiteke
  • ohiko detektagailuek ezin dute atzeman

Hurrengo pausua: Mesta Fusion

Baina hurrengo pausua, aurreko horiek denak batuta baino beldurgarriagoa, Mesta Fusion delakoa da. Probako fasetan dauka Morpho izeneko enpresa frantziarrak, eta aurreko guztiek egin dezaketena egin dezake batera, gehi gainera:

  • 32 ibilgailu eta 8 errail zain ditzake batera, ibilgailuak motaren arabera bereiziz eta isunak sailkapen horren arabera aplikatuz
  • 200 metroko irismena du
  • eguraldia edozelakoa dela ere funtzionatzen du
  • aurreko gailuek egin dezaketen guztia atzeman dezake, eta gainera segurtasun distantziaren urraketak, errailen inbasioa, baimendu gabeko birak…

Nik, badaezpada, trafiko araudi osoa irakurriko dut berriz goitik eta behera 🙂

Erantzunik ez

Eta zuk, zer diozu?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.