Etxe konektatuen abantailak: ikusi autotik nola erretzen den zure etxea, segundoz segundo.

Gauzen internet deitzen zaion nahaste-borraste horren zati garrantzitsu bat etxe adimendun edo konektatuak dira. Internetera eta zure sakelakora konektatzen diren etxeko gauzak, badakizue: argindar hartuneak, etengailuak, pertsianak ireki eta ixteko sistemak, zerrailuak, era guztietako sentsoreak, kamerak…

Jakingo duzuenez, joan den astean sute erraldoi bat izan zen Kanadan, eta 100.000 lagunetik gora etxetik alde egin behar izan zuten, erreta ez hiltzeko. Haietako bat James O’Reilly da. Etxean zeukan konexio sistema aurreratuari esker, bere iPhonetik ikusi ahal izan zuen, segunduz segundu, nola erretzen zen bere etxea, bere autokarabanan ihesi zihoala.

Ikusi ez ezik, bere etxea kiskaltzen den momentuan Youtubera igo eta Edmonton Metro toki komunikabidearekin konpartitu du. Duela 20 urte erosi zuen O’Reillyk bost minututan goitik behera erre zitzaion etxea. Kamera, berriz, duela hilabete baino gutxiago. O’Reilly familiaren penarik handienetakoa irudian ikus daitezkeen bi arrainak dira. Haiek bezala, ehunka maskota hil omen dira sutean.

https://www.youtube.com/watch?v=z1J9UutvucA

Txarraren barruan, O’Reillyk dio ‘eskertuta ere’ badaudela bere familian, haiek, gutxienez autokarabana dutelako bizileku gisa erabiltzeko. Bere auzokide gehienak kale gorrian geratu dira.

 

Erantzunik ez

Eta zuk, zer diozu?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.