Itxura zatar-zatarra duen auziaz jakin dut gaur, Gorka Ercillaren txio honi esker:

San Bernardino auziaren inguruko ikerketak aitzakiatzat hartuta, Estatu Batuetako gobernuak asteak omen daramatza telefono egile guztiei eskatzen ‘atzeko ateak’ ireki ditzatela haien sistema eragileetan. Hau da: jar dezatela sistema horietan modu bat, gobernuak -zehatzago: poliziak, ‘inteligentziak’ eta abarrek- erraz atzitu ahal izateko telefono erabiltzailearen informazio zifratua. Are gehiago: informazio horren enkriptazio maila mugatzeko ere eskatzen ari da gobernua, ‘Estatuaren segurtasunaren’ izenean, noski.

Zehatzago, Gobernuak berak ez, baizik eta epaile batek, Sheri Pymek, agindua eman dio Appleri, FBIri eman diezaion “laguntza tekniko zentzuzkoa”, abenduko tiroketaren egileetako baten iPhonearen segurtasun sistema desgaitu eta barruko datuetara sartu ahal izateko. Segurtasun sistema horrek, Appleren arabera, telefonoaren barruko informazioa ezabatu egiten du, erabiltzailearen pasahitza sartzeko hainbat saiakera oker eginez gero.

FBIk segurtasun neurri hori desgaitzea nahi du. Horrela, iPhonea ordenagailu batekin konektatu eta hura arduratuko litzateke behar beste konbinazio sartzeaz, pasahitz zuzena topatu arte.

Baina datuen pribatutasuna eta segurtasuna dira Applek bere telefonoak saltzeko erabiltzen dituen argudio bereizgarri nagusienetakoa: “Hey, gu ez gara Google, ez ditugu zure datuak aztertzen haiekin negozioa egiteko! Zure informazioa seguru dago gurekin!”. Eta noski, epailearen aginduak ez dio batere graziarik egin Tim Cook eta konpainiari.

Appleren gutuna bezeroei (ingelesez). Klik jatorrizkoa irakurtzeko.
Appleren gutuna bezeroei (ingelesez). Klik jatorrizkoa irakurtzeko.

Halandaze, Applek gutun ireki bat idatzi die bezeroei, esanez ez dagoela prest epailearen agindua betetzeko, (irudi aldetik mugimendu ezin zuhurragoa), horrek Pandoraren kutxa irekitzea ekarriko lukeelako. Besteak beste, zera diote iPhoneen egileek:

Gobernuak dio [segurtasuna saihesteko] tresna behin bakarrik erabiliko litzatekeela, telefono bakar batean. Baina hori ez da egia. Behin sortuta, teknika hori behin eta berriz erabil liteke, nahi beste gailutan. Mundu fisikoko giltza maisu baten parekoa litzateke, ehunka milioi zerrailu irekitzeko gai izango litzatekeena: jatetxe eta bankuetatik hasi eta denda zein etxeetan amaitu. Zentzuzkoa den inork ere ez luke hori onargarritzat joko.

Gobernuak eskatu dio Appleri geure bezeroak hackeatzeko, eta hamarkadetan bezerook hacker eta zibergaizkileengandik  babesteko egindako segurtasun aurrerapenak hondatzeko. Erabiltzaileak babesteko asmoz, iPhoneetan enkriptazio sendoa txertatu zuten injineru berberek agindua jaso dute orain, ironikoki, babes horiek ahuldu eta erabiltzaileen segurtasuna murrizteko.

Gutunean, aldi berean, Applek argi uzten du hau dena AEBei zein demokraziari dion maitasunagatik egiten duela, eta, nolabait, behar moral eta etikoa duela gaiaren inguruko eztabaida piztea. Esanguratsua da, zentzu horretan, gutunaren amaiera:

FBIren eskariari kontra egiten diogu, Amerikako demokraziarekiko begirunerik sakonenarekin, eta gure herrialderekiko maitasunez. Uste dugu guztiontzat dela onena pausu bat atzera egin eta honen ondorioak aztertzea.

FBIren asmoak onak direla sinisten badugu ere, okerra litzateke gobernuak gure produktuetan ‘atzeko ate’ bat jartzera behatuko bagintu. Azken finean, beldur gara eskari horrek gure gobernuak babestu behar dituen askatasun eta eskubideak hondatuko lituzkeela.

Ikusteko dago, hala ere, Applek bere horretan tematzeko aukerarik izango duen. Bide legala gorabehera, Estatu Batuetako estatu batzuetan presio ekonomikoa aztertzen ari dira, telefono egileak enkriptazioa ahultzera behartzeko. Hala, New York eta Kalifornian, adibidez, lege proposamenak aztertzen ari dira, enkriptazioa saltatzeko modurik ematen ez duten telefonoen egileei isunak -edo zerga bereziak- ezartzeko.Irudi operazio ezin zuhurragoaz haratago, egia esan, hainbat galdera beldurgarri uzten ditu zabalik kontu honek:

    Korporazio multinazional bat demokrazia eta askatasun lezioak ematen? Puntu horretara iritsi gara?Ados daude beste sistema handien egileak (Google, Microsoft…) Appleren filosofiarekin?Ados dago Europako Batasuna AEBetako irizpideekin?Zer ez ote diren adosten ibiliko, gu iskanbila honi begira gauden bitartean…?

2 Comments

  1. Dabid 2016(e)ko otsailak 18
  2. joxe 2016(e)ko otsailak 18

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.