Errudun bila

(Aizu! aldizkariaren 400. zenbakian argitaratua)

KITT

“Abiadura muga gainditzen badut, isuna zuretzat izango da, Michael”

Duela hilabete batzuk, munduko auto elektrikorik ospetsuenak egiten dituen Tesla etxeak iragarpen txundigarria egin zuen: software eguneraketa sinple batek autopistan gidaririk gabe ibiltzeko ahalmena eman behar zien bere autoei. Horrez gain, autoa aparkatuta dagoen lekutik jabea dagoen lekura ere automatikoki iris liteke, software berri horrekin, 80etako auto fantastikoa bezalaxe.

Adimen artifiziala, batez ere autogintzari aplikatutakoa, oso aurreratuta omen dago teknikoki, eta dirudienez, gaur-gaurkoz ez omen dago eragozpen teknikorik gure autoak ordenagailuek gidatzeko autopistan goazenean (herri eta hirietan konplexuagoa omen da kontua, ezusteko handiagoak daudelako: espaloitik non-nahi irteten diren oinezkoak, txirrindulak, baloi galduak…).

Eta hori horrela bada, zergatik atzeratzen ari da Tesla mundu osoaren arreta deitu zuen software eguneraketa horiek argitaratzeko? Badirudi teknikaz bestelako arazoak sortu direla azken asteotan: txikiak, lehen begiratuan, baina oso konplexuak.

Pentsa: 120ra zoaz autopistatik, autoa piloto automatikoan daramazula eta, dena delakoagatik, istripu bat izan eta beste auto bat jo duzu. Beste autoko gidaria eta zu ondo zaudete biak, baina makinek kalte larriak izan dituzte, eta autopistako material ugari ere hondatu da istripuaren ondorioz.

Hortxe arazo itxuraz txikia: noren errua izan da istripua eta, beraz, nork du eragindako kalteen erantzukizuna? Orain arte, erantzuna argia zen: istripua eragin duen autoaren gidariak. Baina ai! Gidari hori software aplikazio bat bada? Nork du aplikazioak egiten duenaren erantzukizuna? AEBetako aseguru etxeen ustez, softwarea diseinatu duenak izan beharko luke, hots Teslak berak. Horrek, noski, atzera eragin dio autogintza enpresari, eta eguneraketa famatua atzeratzen ari dira kontua argitu arte.

Teslak dio erantzukizuna, orain arte bezalaxe, autoaren jabearena dela… baina kontuak zalantza asko piztu ditu. Horrenbeste ezen, arazoak ekiditeko, beste autoak automatikoki aurreratzeko funtzioa ere aldatu egin duen, azken erabakia gidariarena izan dadin beti. Eztabaida oso-oso interesgarria iruditzen zait, batez ere pentsatzekoa delako aurrerantzean arlo gehiagotan ere errepikatuko dela: ebakuntzetan errorea egiten dituzten zirujau-robotak, umeak txarto hezten dituzten irakasle-robotak… Nork hartu behar du horien erroreen erantzukizuna? Eta batez ere, nork ordainduko du haien asegurua?

Erantzunik ez

Eta zuk, zer diozu?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.