Azkenik! Teslak pilotu automatikoa gaitu du

galaxy-s4-update

Gutxi-asko, denok ikusi ditugu honen antzeko jakinarazpenak, telefonoan ez bada, ordenagailuan

Gutxi gorabehera, honezkero denok ohitu gara software eguneraketekin: noizean behin, denok jaso dugu ordenagailuan edo sakelakoan jakinarazpen bat edo beste, gure sistema eragilearen bertsio berri bat zain daukagula adieraziz.

Joan den urriaren 15etik, Tesla auto elektrikoen jabeek ere halako abisu bat ikusi dute: Zure autoaren sistema eragilearen bertsio berri bat dago eskuragarri. Orain instalatu nahi duzu, ala geroago?

Azkenik! Teslak pilotu automatikoa gaitu du 2 - teknopata.eus

Tesla Model S autoen jabeek honelako abisuak jaso dituzte egunotan. Orain, autoek ere sistema eguneraketak izaten dituzte!

Eguneraketa horren berrikuntza nagusia, aspaldi kontatu nizuen bezala, ‘Autopilot’ funtzioa da. Hari esker, Tesla autoek haien sentsore guztiak erabiltzen dituzte doazen errailari automatikoki jarraitzeko, alboko zein atzeko eta aurreko autoekin talkarik egin gabe. Autoak berez egokitzen du abiadura beste autoekiko distantzia mantentzeko, eta gainera erraileko marrei ere jarraitu ahal die, gidariak bolanteari eragin beharrik gabe.

Horrez gain, software berria instalatutakoan, Tesla hauek gauza dira bidean doazen beste kotxeei automatikoki aurre hartzeko. Autoak seinale bat ematen du aurre hartzeko maniobra egiteko prest dagoenean, eta nahikoa da gidariak keinukariaren palankari eragiteko, autoak maniobrari ekiteko. Azkenik, software berriak automatikoki aparkatzeko aukera ere ematen die Tesla autoei.

Teslak bere blogean iragarri duenez, software bertsio berriak markako auto guztiak elkarrekin konektatzen ditu. Horrela, gidatze automatikoa posible egiten duen sistemak etengabe ikasten du bidean doazen auto automatikoek biltzen duten informaziotik, eta beraz, etengabe hobetzen ari da. (Bai, azken hau apur bat Skynet da, ezta?).

Erantzukizuna, gidariarena

Gogoratuko duzuenez, Teslak software hau askatzeko zuen arazo handienetako bat ez zen teknikoa, legala baizik: auto hauek beren kabuz ibil badaitezke, nor da erruduna istripurik izanez gero? Aseguru etxeek nori eskatu behar diote erantzukizuna? Software egileari? Autoaren jabeari? Teslari berari?

tesla-model-s-autopilot-software-70

Konponbide salomonikoa eman dio auto enpresak auzi horri: funtzio automatiko berri guztiak ‘gidariarentzako laguntza sistema’ gisa aurkeztu ditu. Teslak dio bere autoak ez direla autonomoak, baina ahalmena dutela gidariaren lana errazteko. Piloto automatikoak, adibidez, eskuak bolantean jartzeko eskatzen dio gidariari tarteka-marteka, eta gidariak kasurik egin ezean, autoa bide bazterrera hurbiltzen da automatikoki, eta bertan gelditu. beste auto bati aurreratzeko erabakia, adibidez, sekula ez da makinarena, gidariarena baizik. Horrela, ezbeharrik izanez gero, erantzukizuna gidariarena da beti: gizakiarena, alegia.

No Responses

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.