Gutxi gorabehera, selfie makilekin batera hedatu dira munduan zehar, eta zaila da jakitea zer izan den lehenago. Kirol kamerak azken garrasia dira youtubegintza eta sare sozialetako coolgintzari dagokionez. Kamera horiei esker sekulako balentriak ikus ditzakegu, lehen pertsonan zein drone batetik grabatuta.

Normalean kamera txikiak dira, HDn grabatzeko ahalmena dute, eta angelu zabala harrapatzen duen objetiboa. Esan daiteke kamera mota honen estandarra GoPro Hero delakoa dela, baina badira beste marka eta modelo batzuk: Polaroid Cube, HTC Re… eta hemen aztertuko dugun Xiaomi Yi, besteak beste.

Xiaomi etxe txinatarra da, eta smartphone merke baina onak egiteagatik egin da ezaguna. Androiden aldaera propio bat ere badute, MIUI izenekoa, Appleren iOS sisteman ‘nabarmenki inspiratutakoa’. Azken bolada honetan beste produktu arrakastatsu batzuk atera ditu merkatura: eskumuturreko adimentsuak, bateria eramangarriak, aurikularrak, bozgorailuak, baskula adimentsuak… eta oraingo hau ere bai: Yi kirol kamera.

Ezaugarri orokorrak

Kamera txikitxoa da Yi hau, GoPro-ren tamainakoa, eta bi koloretan eros daiteke: zuria eta jostailua ematen duen berde fosforitoa. Printzipioz Txinako merkaturako pentsatutako produktua da, eta horregatik, kamerarekin batera jasoko dugun dokumentazio fisiko guztia txinera hutsez dago. Berez ez dago salgai Txinatik kanpo, baina -globalizazioaren mirakuluak- internet bidez erraz erosiko duzu hainbat dendatan. DealExtreme-n, adibidez, 73 eurotan dago lerro hauek idazteko orduan, GoPro-en 300 euroetatik oso urrun, bistan denez. (Erostea erabakitzen baduzu, analisi honen bukaeran aurkituko duzu eskuliburua ingelesez deskargatzeko aukera).

xiaomi yi neurriakKamerak 155 graduko zabalera hartzen duen objetiboa darama, eta f2.8ko irekiera. Gauza gutxi esaten didate zenbaki horiek niri, baina beharbada baten bati interesatuko zaizkio. Sentsorea 16 Megapixeleko Sony Exmor R BSI CMOS bat da, eta eman dezakeen gehienezko bereizmena 1080P 60fps-ko abiaduran (1920 x 1080 pixel). Argazkitarako, berriz, 4608×3456 (16 MP) da eman dezakeen gehienezko bereizmena. Ez du pantailarik, ezta barneko memoriarik ere: kamera hau erabiltzeko MicroSD txartela beharko duzu, gutxienez Class 10 kalitatekoa. Panasonic etxeak egindako 1010 mAh-ko bateria darama, teorian 80 minutu bitarte ere iraun dezakeena (nik egin dudan probatan 60-70 minutu inguru ibili da).

Ez da estankoa: bere horretan ezin da uretan sartu. Uretarako funda egokia lortuz gero, berriz, 40 metroko sakonera du gehienezko muga. Fundarik gabe, zipriztin arinak edo euria jasan lezake… baina ni neu, badaezpada ere, ez nintzateke arriskatuko.

Kutxaren barruan

Honelako funda merke batek arazo handi bat konponduko dizu: objetiboa babesteko estalki baten faltza
Honelako funda merke batek arazo handi bat konponduko dizu: objetiboa babesteko estalki baten faltza

Xiaomi Yi bat erosten baduzu, jasoko duzun paketetxoan ez duzu batere luxurik topatuko: kamera bera, bateria eta USB kable txiki bat, kamera kargatu ahal izateko. Ez kargadorerik, ez fundarik… ezta objetiboa babesteko tapa ziztrin bat ere. Baina tira, trukean eskatzen duten prezioan,  ulergarria ere izan liteke.

Horrez gain, kamera martxan jartzeko liburuxka bat ere topatuko dugu kutxaren barruan. Baina gehienontzat alfer-alferrik izango da, txinera hutsez baitago. Datu garrantzitsu bat badu liburu horrek hala ere: QR kode bat, Android edo iOS sistemarako aplikazioa deskargatzeko orrira eramango gaituena.

Eta hortxe amaituko zaizue ‘unboxing’-a. Paketea minimalista da, hitzaren zentzurik zabalenean. Sport pack delakoa erosten baduzue, kamera + selfie makila topatuko duzue bertan. Pack arrunta baino 20 euro inguru garestiago saltzen dute pack hori. Nire gomendioa: behin ‘txinakeriatan’ hasita, kamera soila eta selfie makila aparte erostea.

Nik neuk faltan bota dudan osagarri bat, kasu honetan oso-oso beharrezkoa iruditzen zaidana, objetiboa babesteko estalki bat da. Yi-ren objetiboa ez da ‘ezkutatzen’ kamera amatatzen dugunean. Gailua tamaina aldetik poltsikoan eramateko oso aproposa bada ere, babes falta horrek eragiten du sakelan sartzean, objetiboa berehala zikinduko dela sakelaren barruko oihala edo, zer dakit nik, bertan eraman ditzakezun painelu, giltza eta abarren kontaktuaz. Kasu horretan ere, badira funda garden merke-merke batzuk ere, objetiborako tapatxo bat ere badakartenak.

Gailua bera

Gailuak berak ez dauka misterio handirik: plastikozkoa da oso-osorik, baina eskutan hartzean ez du kalitate eskaseko inpresiorik ematen. Ondo egindakoa dirudi, eta zati guztiak ondo lotuta daude bata bestearekin, ez da jostailu txinatar tipikoa, eskutan hartu orduko berez desmuntatuko den itxura ematen duena. Hona atal nagusien azalpen zerrenda txiki bat, manualetik ateratakoa:

xiaomi yi kamera diagrama

  1. Piztu/amatatzeko eta bideo/argazki modua aldatzeko botoia
  2. Karga adierazteko argi-eraztuna
  3. Objetiboa
  4. Disparadorea
  5. Argazki/bideo modua adierazteko LED argia (horrelako beste bi daude beheko eta atzeko aldean)
  6. Mikrofonoa
  7. Wi-Fi egoera adierazteko LED argia
  8. Wi-Fi etengailua
xiaomi yi atzeko partea
Atzealdeko tapak ez daude kameraren gorputzari lotuta, eta despistatzen zaren lehenengoan betiko galtzeko arrisku handia dagoela esango nuke.

Beharbada atzeko aldea da, gailuaren sendotasunari dagokionez, alderik ahulena. Bateriarako estalkia eta konexio zirrikituak babesten dituena ere topatuko ditugu hor. Eta, ñah, biek ere badute hobetzeko tarte handia:

  • Bateriaren tapa zabaltzeko malgukia ondo dabil, baina ibilbide laburregia du, eta kostatzen da azazkalarekin lehenengoan irekitzea.
  • HDMI, MicroUSB eta MicroSD zirrikituak estaltzen dituen tapatxoa, berriz, txiki-txikia da, eta ez dago gorputzaren kamerarekin lotuta. Kontuz ibi ezean, berehala galtzen den elementu horietakoa dela esango nuke.

Haien alde, esango dut tapa biak oso ondo enkajatzen direla euren lekuan, eta oso ondo ixten dutela kamera, kanpoko hauts eta hezetasunetik babesteko. Hori bai: kontuz ibili, kameraren gorputza ez da estankoa, eta beraz, ezin da uretan erabili. Uretako jarduerak grabatzeko, uretarako funda estankoa beharko duzu.

Softwarea

Xiaomi Yi app QRKameraren oinarrizko funtzioak bertako botoitxoak erabiliz erabil badaitezke ere, konfigurazio aurreratua egin nahi baduzu, iOS edo Android aplikazioa deskargatu beharko duzu, hor ondoan duzun QR kode hori eskaneatuta, edo bertan klik eginda. Android 4.1 edo handiagoa beharko duzu kamera kontrolatu ahal izateko, edo iOS7 edo berriagoa.

Android bertsioan gutxienez, bi hobekuntza nabarmen egon dira aplikazioan azken asteotan:

  • Hasteko eta bat, aplia Google Playtik deskargatzen da orain zuzenean. Googlek ofizialki onartu die aplikazioa, eta eguneraketak eta horrelakoak zuzenean jasoko ditugu. Duela aste gutxi batzuk arte, APK artxibo bat jaitsi behar zen Xiaomiren webgunetik eta hori eskuz instalatu. Askoz ere segurtasun gutxiago eskaintzen du metodo horrek… eta lan gehiago ere ematen du, eguneraketak ere eskuz eta banan-banan instalatu behar zirelako.
  • Gainera, badirudi aplian behintzat leundu egin dutela “China only” politika, eta orain apliaren interfaz osoa, eta -garrantzitsuagoa dena- online laguntza ere ingelesez topa daitezke. Egia da behin kamera maneiatzen hasita, ez daukala konplikazio handirik… baina beti eskertzen da erreferentzia erdi-ulergarri bat izatea emergentziarik izanez gero.

Aplikazioa WI-Fi bidez konektatzen da  zuzenean kamerarekin (eta horrek Yiren bateria jan egiten du, kontuz!), eta hainbat funtzio interesgarri eskaintzen du:

  • Kameraren bisorea. Telefonoko pantailan zuzenean ikusiko dugu momentu horretan Yi-ren objetiboa ‘ikusten’ ari dena. Oso lagungarria argazkia/bideoa ondo koadratzeko.
  • Urrutiko agintea. Telefonotik zuzenean has gaitezke grabatzen, edo argazkiak egiten, kamera ukitu beharrik gabe.
  • Argazki modu aurreratuak. Tenporizadorea, time-lapse modua… modu aurreratuak apliakziotik soilik piztu daitezke.
  • Kameraren konfigurazio orokorra. Modu nagusia argaziak ala bideoa izatea nahi dugun, seinale akustikoen bolumena, irudien bereizmena, objetiboaren ‘arrain-begi’ efektua zuzendu nahi dugun ala ez… hori guztia ere, aplikaziotik kontrolatu dezakegu.
  • Galeria. Aplia erabiliz, kamerak txartelean gordeta dauzkan irudiak aztertu eta telefonora ere deskarga ditzakegu.
  • Firmware eguneraketak. Xiaomik aplikazioaren bidez helaraziko dizkigu kamerarako firmware eguneraketak.
  • Laguntza teknikoa. Kameraren manualak eta abarrak aplitik kontsulta daitezke.

Atal honetan kontu bakar bat sumatu dut faltan: irudia egonkortzeko aukera. Eskuko kamera eta sakelako askotan ere, badago aukera bideoak digitalki ‘egonkortzeko’: dardarak eta mugimendu bortitzak nolabait leuntzeko. Aukera hori ohikoa da beste kirol kamera batzuetan ere, baina Yik ez du halako aukerarik. Lastima, mugimendu handiko eszenetan asko eskertuko litzateke eta. Hala ere, oraindik aukera duzu grabatu dituzun bideoak editore batekin tratatzeko, eta han egiteko egonkortze lan hori.

155 graduko zabalera oso lagungarria da argazki panoramikoak egiteko, baina emaitzak zorabiatzeko modukoak dira batzuetan ;)
155 graduko zabalera oso lagungarria da argazki panoramikoak egiteko, baina emaitzak zorabiatzeko modukoak dira batzuetan 😉

Irudi kalitatea

Aitortuko dizuet: ez naiz inolako aditua honako kontuetan, baina iruditu zait ordaintzen den prezioagatik oso bideo eta argazki kalitate ona eskaintzen duela kameratxo honek. Kalitate hori maldan behera jausten da argitasun gutxi baldin badago. Softwareak badu aukera bat argitasun txikiko eszenak nolabait zuzentzeko, baina uste dut erremedioa okerragoa dela gaitza bera baino. Bideo errepasoaren amaieran badituzue kamerarekin grabatutako irudi batzuk zuek zeuek ikusteko.

Audioa ez da beste munduko ezer, baina tira, kirol jarduerak grabatzeko bere funtzioa betetzen du (inguruko soinua ondo harrapatzea). Kamerari hitz egin behar badiozue, gogoan izan mikrofonoa goiko aldean dagoela: askoz hobeto entzuten da ahotsa kameraren goiko aldetik hitz eginda, kamera zure parean jarrita baino.

Xehetasun teknikoak

Prozesagailua Ambarella A7LS
Sentsorea Sony Exmor R IMX206 (16 Mpx)
Kanalak 1
Pantaila
GPS
G-Sensor
Wi-Fi
Bideoa
Gehienezko bereizmena
1080p 60fps
Gehienezko bitrate (Mbps) 23
Bideo formatua
MP4
Konpresioa H.264
Ikusmen angelua 155°
Grabazioa
Grabazio euskarria MicroSD txartela
Gehienezko tamaina
64GB
Kalitate gomendatua
Class 10
Bestelakoak
Tamaina (mm) 60.4 x 42 x 21.2
Argindar hornidura
5V
Bateria 1100 mAh
Merkaturatze data 2015eko martxoa
Apps Android, iOS

 

Baliabideak

 

Xiaomi Yi eskuliburua ingelesez
Xiaomi Yi eskuliburua ingelesez

Xiaomi Yi kirol kameraren eskuliburua, ingelesez

Erosketa gida

Xiaomi Yi kamera erostekotan bazabiltza, DX.COM webgunea aukera ona izan daiteke: kamera zein osagarriak prezio onean topatuko dituzu bertan, bidalketa gastuak dohainik izango dituzu, eta zure erosketa etxean jasoko duzu eroso-eroso, 15 bat egunean. Erosketa bertan eginez gero, blog honek puntutxoak lortuko ditu aurrerantzean zozketak egiteko sariak-eta dohainik jaso ahal izateko.

Xiaomi Yi
  • Prezioa - 100
  • Erabilerraztasuna - 75
  • Tamaina, erabiltzeko erraztasuna - 80
  • Gailuaren sendotasuna, fabrikazio kalitatea - 90
  • Irudi kalitatea egun argiz - 80
  • Irudi kalitatea gauez - 40
  • Irudia prozesatzeko aukerak - 60
75

Laburpena

Kirol kamera merkea, hasi berrientzat ezin egokiagoa.

Alde

Prezioa
Tamaina eta formatua (GoPro osagarri gehienekin bateragarria da)
Software bidezko aukera aurreratuak: Time-Lapse, tenporizadorea…

Kontra

Oinarrizko osagarriak faltan: objetiborako babesa, ur azpirako funda
Atzeko estalkiak, galtzen errazak
Irudiak egonkortzeko sistema propiorik ez

Sending
User Review
0 (0 votes)
Comments Rating 0 (0 reviews)

2 erantzun

  1. xabirequejo 2015(e)ko uztailak 25
    • joxe 2015(e)ko uztailak 25

Utzi zure erantzuna

Sending

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.