Bost pellokeria zure sakelakoaren bateria hobeto aprobetxatzeko

Hementxe dugu uda, eta harekin batera askorentzako oporrak, bidaiak eta abarrak… Askoz denbora gehiago pasatzen dugu kanpoan: kalean, mendian, hondartzan… eta horrek -teknopata maitiok- arazo handi bat dakarkigu: gure sakelakoaren bateria ohi baino gutxiagotan karga dezakegu!!!

kargatu bateria

Baina lasai, hemen dituzu bost aholku zure bateriari ahalik eta zuku gehien ateratzeko. Aholku eta adibide praktikoak Android sistema eragilean oinarrituta daude, baina beste sistema batzuetan ere antzera funtzionatu beharko lukete

1. Ezagutu zure arerioa

Android - Bateriaren informazioa

Normalean Android sistema eta pantaila izango dira bateria gehien jaten dutenak. Hala ez bada, arazotxo bat daukazu

Bateria hobeto aprobetxatzeko, lehenengo eta behin ondo jakin behar dugu zertan joaten zaigun. Ni bezalako instalatzaile konpultsiboak baldin bazarete, dozenaka apli izan ditzakezue telefonoan, bateria alferrik zurrupatzen. Horietako asko beldurrik gabe garbitu ditzakezu telefonotik, seguru.

Zure bateria zertan joaten den jakiteko erabili Ezarpenak > Bateria. Hortxe ikusiko duzu grafiko batean, bateria nola joan den husten. Gainera, zenbat denbora geratzen zaizun ere ikusiko duzu, Lollipopen bazaude; edo zenbat denbora pasatu den azken kargatik (Kit-Kat eta aurrekoak). Grafikoaren azpian, bateria kontsumo handiena egin duten aplien zerrenda ikusiko duzu. Arakatu ondo zerrenda eta begiratu erabiltzen ez duzun aplikazioren bat ote dagoen bertan. Alferrikako apli horiek ezabatzea oso hasiera ona da bateria aurrezten hasteko.

2. Kontuz zure pantailarekin

Egoera normal batean, Android sistema eta pantaila izango dira bateria gehien kontsumitzen duten elementuak. Sistemaren kontsumoa zailagoa da doitzen, baina pantailarekin hainbat aldaketa egin daitezke kontsumoa murrizteko:

Pantaila-hondo iluna

Pantailarako hondo ilun honek, adibidez, bateria kontsumoa murrizten lagunduko dizu

  • Argitasuna eskuz kontrolatu. Gogoratu bateria aurrezteaz ari garela, e? Muturreko egoeran gaude eta muturreko neurriak behar ditugu: pantailaren argitasuna automatikoan jartzen baduzu, telefonoaren sentsoreak etengabe egongo dira martxan, inguruan zenbateko argitasuna dagoen antzeman eta pantailaren argitasuna horren arabera doitzeko. Etengabe begira egote horrek bateria jaten du. Beraz: itzali argitasun automatikoa, eta kontrola ezazu eskuz.
  • Beste hau hainbesteko pellokeria da, esateak ere lotsa ere ematen dit, baina tira: pantaila zenbat eta argitsuago, orduan eta kontsumo handiagoa. Mantendu ahalik eta ilunen.
  • Pantaila hondoko irudiak ere bateria aurrezten lagun diezazuke: zenbat eta hondo ilunagoa, orduan eta kontsumo txikiagoa.
  • Laburtu pantaila automatikoki itzaltzeko tartea. Beharbada deserosoagoa izango da pantaila berehala amatatzea, baina horrek ere minutu extra batzuk emango dizkizu. Ezarpenak > Pantaila atalera joan, eta han ‘Pantaila denboraz kanpo’ aukera aldatu: 15 edo 30 segundurekin nahiko izango duzu normalean.

3. Sarea eta konektibitatea

Screenshot_2015-07-03-00-48-17Sakelakoak era askotako sare konexioak ditu, eta -batez ere oporretan eta deskonektatuta bagabiltza- haietako asko ez ditugu behar:

  • Bluetooth konexioa: smartwatch bat erabiltzen ari zara? Haririk gabeko entzungailua? Kirol ‘kuantifikagailu’ horietako bat? Ez? Ba orduan itzali Bluetooth konexioa atoan. bateria alferrik xahutzen ari zara.
  • NFC konexioa: ez badakizu zer den, ez duzu haren beharrik. Fuera.
  • GPS konexioa: nabigazio aplikazioren bat erabiltzen ari bazara (Google Maps, Copilot, Waze…), orduan GPS konexioa aktibo behar duzu, noski. Bestela, piztuta mantentzeak bateria alferrik gastatzeaz gain, Googleri kontatzen dio zehatz-mehatz nondik nora zabiltzan. Hori ere itzali.
  • Datu konexioa: gure ohiko operadorea ez den batekin ari bagara, edo estaldura urriko gune batean bagabiltza, datu konexioak bateria atoan jan dezake. Internet konexioa behar baduzu, saiatu beti WI-Fia bilatzen. Topatzen ez baduzu, eta hala ere konektatuta egon behar baduzu, aldatu konexioa 2G modura. Motelagoa da bai, baina ez dizu bateria siku utziko. Konexio mota aldatzeko:
    • Lollipop: Ezarpenak > Sare mugikorrak eta hor, Sare mota hobetsia. Hor, aukeratu 2G.
    • Kit-Kat: Ezarpenak > Sare gehiago > Sare mugikorrak > Sare modua. Hor, aukeratu GSM.
  • Wi-Fi: Internetera sartu behar baduzu, saiatu Wi-Fi bidez egiten posible den guztietan. Datu konexioa baino bateria gutxiago gastatzen du (eta baliteke fakturan ere sustoak ekiditea!)

4. Kontuz beroarekin

Tenperatura altuak oso-oso-oso kaltegarriak dira baterien biziraupenerako. Uneko karga azkarrago gastatzea eragiten dute, bateria berriz kargatzeko ahalmena murrizteaz gain.

  • Ez utzi telefonoa eguzkitan. Kontuz hondartza edo pistinara zoazenean, utzi telefonoa beti gerizpean. Eta autoan GPS nabigatzaile gisa erabili behar baduzu ere, saiatu parabrisatik urrun kokatzen, eserlekuen artean-edo.
  • Ez utzi kargadorea luzaro konektatuta. Karga %100era iritsitakoan konektatuta utziz gero, sarritan bateria berotzen joaten da. Eta, berriz diot: tenperatura altuak bateriaren biziraupen ahalmena murrizten du.

5. Kargatu maiz!

Recharging Danbo Power

Ahal baduzu behintzat, kargatu mobila maiz, kargadore on batekin. Hobe da %30ean dagoela kargatzen jartzea, %10etik behera egon arte itxarotea baino. Eta ahal baduzu behintzat, amatatu telefonoa edo jarri hegazkin moduan kargatzen duzun bitartean, prozesua azkartzeko. Ez da ezinbestekoa %100era iristea, bateria modernoek ez dute ‘memoria efekturik’, baina kargaren %5etik behera ibiltzeak ‘estresa’ sortzen du, eta bizi itxaropena murriztu.

 

Zer iruditzen? Ondo zaintzen dituzu zure bateriak? bestelako gomendiorik bururatzen zaizu? Bota lasai 🙂

Erantzunik ez

Eta zuk, zer diozu?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.