Zerbitzuak nahi dituzue... eta ederki ordainduko dituzueHonezkero inor gutxik jarriko du zalantzatan: bel-dur-ga-rri-a da Googlek gutako bakoitzari buruz gordetzen duen informazio kopurua, eta haren xehetasun maila. Multinazionalak zerbitzu izugarri onak eskaintzen dizkigu, hori ere egia da, eta ez digu trukean xentimorik ere eskatzen. Baina gauza bat da dirurik ez eskatzea, eta oso-oso bestelakoa zerbitzu horiek dohainik izatea.

Google erabiltzaile izatearen truke, guri buruzko informazioa biltzeko baimena ematen diogu bilatzaile erraldoiari, baita informazio hori prozesatu, gurutzatu eta behar beste manipulatzeko, printzipioz publizitate zerbitzua ahalik eta modu pertsonalizatu eta pertinenteenean eskaintzeko. Guk baimena eman eta, noski, Googlek erabili ere erabili egiten du.


Ez dirudi, gainera, gauzak hobera egingo duenik. Joan den astean aurkeztu zuten Google Now laguntzailearen bertsio berriak askoz xeheago aztertuko du zer egiten ari garen uneoro, testuinguruaren arabera erabakitzeko zer informazio behar dugun eta zein ez. Kontrola, beraz zorrotzagoa izango da, xeheagoa.

Eta zer egin dezaket?

Ezjakintasuna indarra daBeste hainbat kontutan bezalaxe, honetan ere, inportanteena informazioa da. Jakitea zer dakien eta zer ez dakien Googlek guri buruz eta, gure esku dagoen mailan behintzat, hori mugatzea. Momentuz behintzat, Googlek esku-eskura jartzen digu informazio hori eta, sinestuidazue, merezi du ku-kutxo bat egitea.

Gaur bertan, Nire kontua’ tresna berria aurkeztu dute. Lehen hainbat orritan sakabanatuta zegoen Google kontuaren informazioa kudeatzeko kontrol panel bateratua. Erabat euskaratuta dago -ikusi dudana, behintzat, txukun samar gainera- eta oso modu sinplean erakusten digu Googlek gure erabiltzaile kontuaren barruan gordetzen duen informazio guztia. Onena zuek zeuek kuxkuxeatzea da, baina hona errepaso azkar bat:

Google Nire Kontua - Kontrol panelaKontrol panelera sartzeko, http://google.com/myaccount helbidera jotzea baino ez dago. Ikusiko duzuenez, panelak hiru aukera nagusi ditu. (Informazioa erdaraz ateratzen bazaizu, hirugarren atalean alda ditzakezu hizkuntz ezarpenak).

1. Saio hasiera eta segurtasuna

Atal horren zeregin nagusia da kontrolatzea nola sartzen zure Google kontura. Bertan egin daitezkeen gauza batzuk:

  • google kontua: gailuen kontrola
    Ikusi zer gailutatik erabili den zure Google kontua azkenaldian

    Saioa hasteko moduen kontrola:

    • Pasahitza aldatzea.
    • Azken pasahitz aldaketa noiz egin zenuen ikustea (gogoratu gomendatzen dela pasahitzak aldian-aldian aldatzen joatea).
    • Bi urratseko egiaztapena gaitu eta desgaitu (gomendagarria informazio sentsiblea gordetzen baduzu).
    • Pasahitza edo kontua berreskuratzeko bideak ezarri: ordezko posta elektronikoa, telefono zenbakia, segurtasuneko galdera sekretua…
  • Saioa hasitako gailuen kontrola: ikusi zure kontua zer gailutik erabili duzun azkenaldian, eta baimendu/debekatu gailu horien sarbidea
  • Konektatutako aplikazioak eta guneak: ikusi (eta kontrolatu) zer aplikazio eta webguneri eman diozun baimena zure Google kontuarekin identifikatzeko.

2. Informazio pertsonala eta pribatutasuna

Atalik garrantzitsuena, zalantzarik gabe. Bertatik kontrola dezakezu zer informazio ematen diozun Googleri (eta zein ez), zure historialak gorde ditzakeen ala ez, eta abar. Hasteko eta behin, zure pribatutasunaren inguruko azterketa bat egiteko aukera ere eskaintzen dizu panel  honek. Denbora apur bat baduzu, komeni da azterketatxo hori egitea: informazioa partekatzeko dauden aukera anitzak erakutsiko digu panelak, eta banan-banan joango gara aukeratzen zer norekin partekatu nahi dugun.

Horrez gain, gure informazio pertsonala (emaila, telefono zenbakiak, helbide fisikoa…) ikusi eta editatzeko aukera izango dugu. Baita zerbitzu bakoitzaren historia: bilaketa historiala, Youtuben ikusi dituzun bideoak, zure Android gailuen aktibitatea, ahots bidezko agindu eta bilaketak, erosi dituzun aplikazioak, ‘gustuko’ iragarkiak… Informazio horren guztiaren segurtasun kopia bat ere jaitsi dezakezu zure ordenagailura, edo zure kontua kudeatzeko baimena beste erabiltzaileren bati eman.

googlekontua

3. Kontuaren hobespenak

Amaitzeko, atal honetan zure Google kontuaren hizkuntza aukeratu ahal izango duzu (euskara hautatzea gomendatzen dizut, noski (nahi baduzu, beste erdara batzuk ere aukera ditzakezu bigarren edo hirugarren aukera gisa). Atal honetan topatuko dituzu, gainera, zure Google kontua edota bertan gordetako edukia osorik ala partzialki ezabatzeko aukera.

google kontua ezabatzeko aukerakEgin bisitatxo bat!

Badakit, badakit zeregin erakargarriagoak dituzula bizitzan, Google kontuaren konfigurazioan sartzea baino. Baina benetan iruditzen zait merezi duela minutu batzuk galtzea, batez ere bigarren atalean, jakiteko G handiak zenbat dakien gutaz eta, jakitea nahi ez badugu behintzat, desaktibatu ahal ditugun aukerak desaktibatzeko. Gero ez egin negarrik e? Gogoratu Edward Snowdenen hitzak:

Arguing that you don’t care about the right to privacy because you have nothing to hide
is no different than saying
you don’t care about free speech because you have nothing to say.

Hots: “Ezkutatzeko ezer ez daukazunez, pribatutasunerako eskubideak axola ez dizula esatea, esateko ezer ez daukazunez adierazpen askatasunak axola ez dizula esatea bezalaxe da”.

Joe, ze zaila den horrelako esaldi luzeak ganoraz itzultzea. Ulertzen da, ezta?

 

Erantzunik ez

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.