Garatzaileen biltzarren sasoia ireki dela ematen du: joan den astean Googlek berea egin ostean, aste honetan Appleren txanda da. Sagarraren enpresak atzo aurkeztu zituen datozen hileotarako software berrikuntzak eta, sorpresa-sorpresa, haietako batzuk Googlek aurkeztutakoen oso-oso-oso antzekoak dira. Hona errepaso azkar bat:

Mac OS X 10.11 El Capitan

El Capitan ezizena jarri diote Mac OS Xren bertsio berriari, Yosemite parkean dauden haitz batzuen omenez. Ez da harritzekoa, ematen baitu betsio honen berrikuntza nagusiak Yosemite ezizena zeraman aurrekoan atzemandako hainbat gabezia konpontzea dela, bestelako nobedade handiegirik gabe. Iragarri dituzten ezaugarri berrien artean, honako hauek nabarmendu daitezke:

  • OSX berriaren 'Snap' funtzioa Windowsen dagoenaren berdin-berdina da
    OSX berriaren ‘Snap’ funtzioa Windowsen dagoenaren berdin-berdina da

    Hobekuntzak leihoen kudeaketan, eta haiekin lotutako funtzio berriak, Windowsen ikus daitezkeenen oso antzekoak: bi aplikazio ezartzea pantaila osoan batera, parez pare, bakoitzaren tamaina aldatzeko aukerarekin, adibidez).

  • Spotlight bilatzaile hobetua, hizkuntza naturala ezagutzeko ahalmenarekin. Adibidez:“iazko argazkiak Portugalen”, argazki horiek bilatzeko. Bilaketa hori, hala ere, ingelesez funtzionatuko du (seguru), gazteleraz eta frantsesez (seguruenik), baina ez euskaraz (hori ere segurua da, Applek euskarari ezikusiarena egiten jarraitzen duen bitartean).
  • Metal liburutegi grafikoa, orain arte iOSen erabili dutena, OSXen ere erabiliko dute, errendimendu grafikoa hobetuz.

Bertsio berri hau udazkenean iritsiko da publiko orokorrera, %100 dohainik. Garatzaileek gaur bertan deskarga dezakete probako bertsio bat.

iOS 9

Gailu mugikorren sistema eragilearen berrikuntza nagusia laguntza sistema hobetua da. Dirudienez, Apple bat dator Googlerekin:  bilatzailea ona izateko, estrategikoa da testuinguruko informazioa edukitzea. Appleren laguntzaile adimentsuak, Sirik, sakonago arakatu ahal izango du gailuaren edukia, erantzun esanguratsuak emateko, eta beste aplikazioekin estu-estu integratu ahal izango da.

iPadetan apli bat baino gehiago zabaldu ahal izango dira batera
iPadetan apli bat baino gehiago zabaldu ahal izango dira batera

Hori bai: Applek esan du bilaketa historialak eta kontestuko informazioa gailuan baino ez direla gordeko, ez direla inongo zerbitzarira joango, ezta Apple ID-arekin lotuko. Anonimoak izango dira beraz.

Horrez gain, Flipboarden oso antzekoa den News aplikazioa ere sartuko dute sisteman, erabiltzailearen intereseko albisteak kontsultatzeko, eta hobekuntzak egin dituzte Apple Maps aplikazioan eta Notes, ohar-blokean.

iPaden kasuan, sistema berriak pantaila erdibitzeko aukera emango du, bi aplikazio batera zabaltzeko. PiP modu bat ere aurreratu dute (Picture in Picture), aplikazio batean zauden bitartean, beste aplikazio baten leihotxo bat zabalik mantendu ahal izateko.

watchOS

Appleren erlojua oraindik ez dago salgai gure inguruan, baina hala ere badu sistema eragile berria. Berrikuntzarik handiena da aplikazio propioak onartu ahal izango dituela, telefono edo tabletaren aplikazioen bidez funtzionatu beharrean. Musika eta bideoa ere errepdroduzitu ahal izango du, eta HomeKit, Appleren domotikarako sistemarekin bateragarria izango da. Hau ere udazkenean iritsiko da erabiltzaileen erlojuetara.

Wallet

Appleren ordainketa sistema ere berritu egin dute. Passbook deitzen zen diruzorro birtualari izena aldatu diote, eta orain Wallet izango da. Kreditu txartelak ez ezik, deskontu eta fidelizazio txartelak ere onartuko ditu, deskontuak automatikoki aplikatu ahal izateko. Hori bai, Apple Pay ordainketa sistema osoa Estatu Batuetan baino ez dago erabilgarri momentuz, eta uztailetik aurrera Erresuma Batura ere eraman nahi dute.

Apple Music

Apple Music aplikazioa Androidera ere iritsiko da
Apple Music aplikazioa Androidera ere iritsiko da

Espero zen bezala, harpidetza bidezko musika zerbitzua ere iragarri du Applek. Aplikazioa Mac, iOS, Windows eta Androiden ere egongo da eskuragarri (hala behar zuen, ahalik eta harpidedun gehien lortzeko). Zerbitzuak 9,99 dolarreko kuota izango du hileko, hiru hilabeteko doako probaldiarekin. Familia-harpidetzak ere aurreikusi dituzte: 14,99 euro ordainduta, sei lagun sartu ahal izango dira zerbitzura.

Aplikazioa ekainaren 30ean egongo da eskuragarri WIndows, Mac eta iOSen. Android bertsioa udazkenean etorriko da. Hari esker, streaming bidez sartu ahal izango gara iTunes katalogo osoan (30 milioi kanta), eta artxiboak jaisteko aukera ere izango da, offline entzuteko.

Online irrati propioa ere sortu du Applek: Beats One. Egunero emitituko du zuzenean, 24 orduz, Los Angeles, New York eta Londresetik. Irrati lokutoreak kontratatu dituzte horretarako, eta musika aukeraketa gizakiek egingo dute, ez algoritmoek.

 

 

 

Erantzunik ez

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

%d bloggers like this: