NabarmenakTrepetak

Sakelako adimentsuen erruz desagertu(ko) diren 15 traste

Telefono aurreratuen hedapena inguruan ditugun (edo genituen) beste hainbat gailuren akabera izan da. Hona sakelakoen erruz arriskuan dauden 15 traste mota.
Sakelako adimentsuen erruz desagertu(ko) diren 15 traste 7 - teknopata.eus
Nire lehen segapotoa -1999an- NEC DB 2000 hau izan zen (hauxe bera e, argazkia neronek egindakoa da!). Garai hartako gama altua zen, bi arrazoirengatik: 'mehe-mehea' zelako (2 cm!) eta dardara egiten zuelako!
Nire lehen segapotoa, 1999ko  NEC DB 2000. Garai hartako gama altua zen, 2 zentimetroko lodiera ‘baino’ ez zuen, eta gainera dardara ere bai!

25 urte dira artean enpresa publikoa zen Telefónica-k Moviline zerbitzua martxan jarri zuela. Telefonia mugikorra (garai hartan nekez deitu zitekeen ‘sakelakoa’) zerbitzua eskaintzeko 450 Mhz-ko banda zabalera saturatzeko puntuan zeukan eta, 900 Mhz-koa merkaturatzeko sortu zuen Moviline marka.

Tira, gauza da Hegoaldean behintzat Moviline horren sorrerak ekarri zuela sakelakoen eztanda. 25 urte pasa dira jadanik, Moviline zerbitzu analogikoa Movistar digitalak ordezkatu zuen… eta deitu eta SMSak jaso eta bidaltzeko besterik balio ez zuten lehen mugikor haiek ere, gero eta konplexuagoak egin zaizkigu… harik eta beste hainbat traste erabat ordezkatu edo horretarako bidean behintzat jarri diren. Hona sakelakoen erruz desagertzeko arriskuan ditugun eta gure babes eta zaintza behar duten hamar traste-espezie.

1. Telefono finkoak

ET gaixoak nola, laste halaxe begiratuko diogu geuk ere telefono finkoari. Pentsatzen jarrita, ez dakit nik pelikulako esaldi mitikoak ("ET phone home") bere garaiko inpaktua lortuko ote zuen gaur egun. Orduan ez bezala, orain ez dugu lagu batera deitzen, pertsona bati baino.
ET gaixoak nola, laster halaxe begiratuko diogu geuk ere telefono finkoari. Pentsatzen jarrita, ez dakit nik pelikulako esaldi mitikoak (“ET phone home”) bere garaiko inpaktua lortuko ote zuen gaur egun. 1982an ez bezala, orain ez dugu leku batera deitzen, pertsona bati baino.

Noiz erabili duzu etxeko telefono finkoa azkenengoz? Nire kasuan baldin bazaude, internet linea jartzeko ‘ezinbestekoa’ delako izango duzu telefonoa etxean. Haiekin batera betiko galduko den bizi-esperientzia: egongelako telefonoaren bidezko elkarrizketa pribatuak izateko saiakerak. Agur eta ohore, lagun horiek!

Bide batez: ezagutzen al duzue telefonia enpresarik internet etxean jartzeko telefono finkoa jartzera behartzen ez duena? Bai, badakit deiak dohainik izaten direla eta abar… baina hala ere, alfer-alferrik dira ahots linea eta gailua bera. Ezta?

2. PDAk

Palm III zaharrak hilabete aguantatzen zuen 1,5v ko bi pilarekin.
Palm III zaharrak hilabete aguantatzen zuen 1,5v ko bi pilarekin.

Gogoan dituzue? Asistente pertsonal digitalak edo PDAk 90etako sentsazioa ziren. Agenda elektronikoak, poltsikoan eraman zitezkeenak, eta egutegiaz gain, kontaktuen agenda, ohar blokak eta horrelakoak ere gordetzeko balio zutenak. Apple-ren Newton modeloak fama handia lortu zuen, baina merkatua benetan jan zuena hasieran 3Com enpresaren parte zen Palm Pilot delakoa izan zen. Garai batean jaun eta jabe izan ziren, harik eta Microsoftek ere muturra sartu eta Windows CE sisteman oinarritutako sistemak merkaturatu zituen. Ataza oso jakin eta mugatu batzuetan zentratuta zeuden Palm modeloen aldean, Windows CE makinek era guztietako aplikazioak zituzten, koloretako pantailak… lehenengoak askoz ere eraginkorragoak izan arren (batez ere bateria kontsumoari dagokionez) Palmek Windowsek irekitako bidetik sartzea beste erremediorik ez zuen izan… Denborarekin PDA hauek sakelakoekin uztartu zituzten… eta horrela jaio ziren gaur egungo smartphoneak. Esan liteke PDAk desagertu baino, garatu egin direla, eta smartphoneak haien oinordekoak direla.

3. Argazki eta bideo kamera konpaktuak

Garai batean Applek argazki-kamerak ere saldu zituen. Trastelekuan gordeta daukat hau bezalako QuickTake 200 bat, 640x480 erresoluziokoa :)
Garai batean Applek argazki-kamerak ere saldu zituen. Trastelekuan gordeta daukat hau bezalako QuickTake 200 bat, 640×480 erresoluziokoa :)
FLickr grafika
Flickr-en erabilitako kameren sailkapena. Egin klik irudian estatistiken orrira joateko.

Segapotoek gero eta erresoluzio eta optika hobeko kamerak dituzte, eta uneoro eramaten ditugu aldean. Gauzak horrela, alferrik dira oporretako argazkiak egiteko poltsikoko kamerak. Are gehiago: esango nuke Instagram eta enparauek azkartu egin dutela kamera arinak baztertzeko prozesua. Ikusi Flickr sare sozialaren estatistikak. iPhonea da bertan ‘kamerarik’ erabiliena, eta 3. eta 5. postuak ere telefonoak dira: Samsung Galxy eta Sony Xperia, hurrenez hurren. Honezkero, gauza ez da argazkiak ‘egitea’, argazkiak interneten argitaratzea baino. Eta hori askoz errazago egiten da telefonotik.

Argazki album klasikoak ere, esan nahi dut, paperezko argazkiak pegatzekoak, bide beretik doaz. Salgai ikusten dira oraindik, bai baina… nork erosten ditu?

Bideokamera konpaktuak ere desagertzera kondenatuta daudela esango nuke. youtuberra edo antzeko zerbait izan ezean, nork behar du gaur egun bideoa grabatzeko aparteko gailu bat, telefono gehienek HD grabazio txukunak egiteko ahalmena dutelarik?

4. GPS gailuak

red light at Duttweilerbrücke

Gabonetako, aitaren eguneko eta abarreko opari izarra izan ziren boladatxo batez, baina gaur egun mapatik desagertuta daude autorako GPS gailu berezituak. Telefonorako GPS aplikazioak errazago eguneratzen dira, eta online zerbitzu oparoagoak dituzte (ikusi adibidez Waze-ren sare sozial funtzioak, trafiko informazioa beste gidariekin zuzenean partekatzeko). Auto askok GPS nabigazio sistema propioa izateak ere kalte handia egin die Tomtom eta enparauei, nahiz eta niri neuri ideia txarra iruditzen zaizkidan (beste egun batean azalduko dizuet zergatik).

5. MP3 erreproduktoreak

Old Rio One MP3 Player
iPoda sortu aurretik Diamond Rio erreproduktoreak ziren merkatuko nagusienetakoak. Gaur egun, iPodaren oinordekoa den iPhoneak bere aitite-amamak jan ditu, patatekin.

Applek 2001ean aurkeztu zuen iPoda, baina lehenago baziren merkatuan MP3 erreproduktoreak: disko gogorrean oinarritutakoak, memoria solidokoak… eta CD zein Mini-CDetan oinarritutakoak. Smartphoneen hedapenak bigarren edo hirugarren planora baztertu ditu musika entzuteko baino balio ez duten gailuak, eta garai batean Appleren ikurra zen iPod-aren argia ere apurka-apurka amatatzen ari da.

6. Ahots grabagailuak

Kazetaritzan ere, sakelakoek ahots grabagailuen lekua hartu dute.
Kazetaritzan ere, sakelakoek ahots grabagailuen lekua hartu dute.

Bideo eta argazki kamerekin gertatzen den bezalaxe, ‘etxetik ibiltzeko moduko’ audio grabagailua behar dutenek smartphonearen bidez bete dezakete funtzio hori, aparteko gailurik erosi beharrik gabe. Fijatu zarete telebistan ikusten diren prentsaurreko eta adierazpenetan? Gero eta gehiago dira elkarrizketatuen hitzak grabatzeko sakelakoa erabiltzen dutenak. Abantaila handi bat daukate, gainera, kazetariaren ikuspuntutik: audio hori erredakziora edo beste nonbaitera bidali behar izanez gero, momentuan bertan egin daiteke gailutik bertatik, audio traste batetik beste batera pasatzen ibili beharrik gabe.

7. Eskanerrak

Etxeko eskanerra. Urtebete baino gehiago piztu gabe!
Etxeko eskanerra. Urtebete baino gehiago piztu gabe!

90etan, eta batez ere kazetaritzaren alorrean, edizioaren digitalizazioak ezinbestekoak egin zituen eskanerrak: artean oso gutxi ziren argazki digitalak egiten zituztenak, eta beraz paperean (edo negatiboan zuzenean) ekarritako argazkiak norberak digitalizatu behar zituen lanean hasi aurretik. Testuetarako ere, irudiak testu bihurtzeko OCR aplikazioak erreminta lagungarriak ziren, paperean ekarritako idatziak zuzenean eskaneatu eta testu bihurtuta digitalizatzeko.

Trantsizio garai hori amaitu egin dela esan daiteke: gaur egun argazkiak digitalean egiten dira zuzenean. Dokumentu idatziren bat digitalizatu behar izanez gero, CamScanner edo GoogleDocs bezalako aplikazioek ere aukera ematen digute haren argazkia egin, OCR bidez prozesatu eta, ttak, dokumentu gisa gordetzeko.

8. Telefono agendak

029-1Beste klasiko bat: etxean telefonoaren ondoan egoten zen libreta, lagun eta senideen telefonoak txukun-txukun apuntatuta. Eta sendagilearena, auzoko jatetxe txinatarrarena, botikakoa… Haren ondoan edo azpian egoten zen telefono aurkitegiaren galbidea ere nabarmen nabarmena da: garai batean bi banatzen ziren: zuria, partikularren telefonoekin, eta horia, enpresa eta saltokienekin. Eta bakoitzak izango zuen, zer, kilo eta erdi, bi kiloko pisua?

Denborarekin, horiek mehetzen eta murrizten joan ziren: jaso dudan azkena gida bakarra da, kilo erdi eskasekoa, eta armairuan sartuta dago, prezintoa kendu barik.

Baina ni benetan txunditzen nindutenak argazkikoa bezalako ‘rolodex’ estiloko agendak ziren: kontaktu bakoitza fitxa batean sartuta, bueltaka erabil zitekeen gurpil antzeko batean. Detektibe eta polizien pelikuletan nonahi agertzen ziren, eta haurtzaro guztia pasatu nuen halako bat izatearekin amesten. Tamalez, hazi nintzenerako desagertutako espeziea ziren.

9. Telefono kabinak

La Cabina (telefónica)Hauek ere, agendak bezalaxe, gero eta txikiago bihurtzen joan dira denborarekin: hasieran aluminio eta kristalezko kutxak ziren, haien atea eta guzti, elkarrizketak nolabaiteko pribatutasuna izateaz gain, aterpean ere izan ahal izateko. Gero posteak izatera pasa ziren, batere estalperik gabe. Zeeenbat aldiz deituko genuen halakoetatik etxera, sartutako dirua esan behar genuen guztia esateko nahiko izango ote zen zalantzarekin, txanpon gehiago sartzeko seinalea entzun eta ‘bueno, hau moztu egin behar da e?’ esanez…

Mantenu garestiko trasteak omen dira, eta izugarri murriztu da haien presentzia. Are gehiago: azken boladan ikusi ditudan bakanak, postea edo kutxa baino ez ziren, barruan telefonorik ez zutela…

10. Errepideko SOS posteak

Espainiako gobernuak 2.010ean iragarri zuen SOS posteak kentzen hasiko zela pixkanaka-pixkanaka.
Espainiako gobernuak 2.010ean iragarri zuen SOS posteak kentzen hasiko zela pixkanaka-pixkanaka.

Kabinen patu berbera izan dute 80ko hamarkadan autobide eta autopistetan agertu ziren SOS posteek. Neurri batean, ez da harritzekoa: finean, zenbaki bakar batera deitzeko balio zuten telefonoak ziren. Haien mantenua oso garestia zela argudiatuta, (bi milioi euro urtean?!?), pixkanaka-pixkanaka erretiratuko zituela esan zuen Espainiako Gobernuak 2010ean, sakelako telefonoen hedapenak posteon beharrik ez izatea ekarri duela gehituz. Egia da, bai, sakelakoa erabilita edonondik dei dezakezula 112ra, baina errepidean ezbeharra daukazunean, poste hauek norberak baino askoz informazio zehatzagoa eman dezakete, adibidez, kokapenaz. Niri gertatu izan zait autoa geldirik geratzea A-1ean, Madrildik 50 kilometrora, eta 112tik non ote nengoen galdetzean, ideia zipitzik ere ez izatea…

11. Sakelako egutegiak

egu_euskara14Segapotoak daraman egutegiak agenda bezala funtziona dezake, lagunen urtebetetzeak direnean abisatzen digu, denboran atzera eta aurrera egiteko aukera daukate, egutegia bistaratzeko hainbat modu… eta uneoro daramagu poltsikoan. Gauzak horrela, denbora kontua da gero eta gutxiagotan ikusten diren kartoizko egutegitxoak museoko pieza bihurtzeko. Bide batez… gogoratzen duzue garai batean bogan egon ziren ‘egutegi perpetuoak‘? Edozein data emanda, zer egunetan jausi zen jakiteko bidea ematen zuten. Horiekin ere asko flipatzen nuen txikitan :)

12. Kalkulagailuak

HP-35

Egia esan, inpresioa daukat kalkulagailuek badutela bizirauteko nolabaiteko superbotere edo dena delakoa: ordenagailuetako sistema eragile guztiek badituzte kalkulagailu integratuak, eta hala ere sarritan ikusten dira oraindik bulegoetan. Beharbada smartphoneetako kalkulagailu birtualen aurkako borroka ere irabaziko dute kalkulagailu fisikoek, baina esango nuke denbora gutxi geratzen zaiela bizidunen munduan.

13. Itzulgailu elektronikoak

Craig M100
Egia esan, ez dut uste itzulpenak egiteko poltsikoko gailu hauek arrakasta handiegirik izan duten inoiz. Baina telefonoan Google Translate, Mitzuli, eta antzekoak eskura izateak ere errematea ekarriko die bitxikeria elektroniko hauei.

14. Kontsola eramangarriak

FIFA 12 on Nintendo 3DS - hands-on

Telefonoetarako bideojokoen industria gora eta goraka doa, eta Nintendok berak ere iragarri du bere jokoetako batzuk egokituko dituela sakelakoekin bateragarriak izateko. Berriz ere, uneoro aldean daramagun gailua izanda, smartphonea plataforma paregabea da aisialdiko aplikazioak bertan sartzeko, jokatzeko apartzeko gailu berezirik erosi beharrik gabe. Nekez jarraituko dute bideojoko egileek kontsola eramangarriak saltzen, ez bada oso ezaugarri bereziak garatuz, telefonoek ezin eman ditzaketenak: 3D, pantaila bikoitzak…

15. Ordenagailuak

Bluescreen

Ez al zaizu zuri ere gertatzen? Gero eta nagi handiagoa ematen du ordenagailua pizteak: piztu, itxaron sistema kargatu arte, nahi duzun aplikazioa ireki… etxeko erabiltzaile gehienen erabilerarako, telefonoa edo tableta askoz modu azkar eta erosoagoa da informazioa lortu, kontsultak egin edo mezuak bidaltzeko. Erabilera batzuetarako, ohiko ordenagailuek ezinbestekoak izaten jarraituko dute, noski. Baina etxeko gauza sinpleetarako, etorkizun iluna daukatela esango nuke. Denborak esango du!

Zer iruditzen? Faltan botatzen duzu arriskuan ikusten duzun beste trasteren bat? Edo soberan? Badakizu, utzi zure iritzia hor behean ;)

6 iruzkin

  • ermuko taldea
    ermuko taldea
    2015(e)ko maiatzak 11 at 12:05

    lehenengo eta behin, esan behar dugu iritzi hau oso ona dela adibide asko ematen dituelako eta asko nabaritzen delako idazleak asko dakiela gaiari buruz. Bestalde, orokorrean artikuluan esaten duenarekin ados gaude errealitatearekin bat egiten duelako, baina puntu batzuekin ez gaude hain ados, adibidez, eskaner puntuarekin eta telefono finkoaren puntuarekin. Eskanerraren kasuan, askotan erabili behar dugulako kudeaketa batzuk egiteko eta telefono finkoaren kasuan asko erabiltzen dugulako deiak egiteko, batez ere dei luzeak direnean.

    Reply
  • ari eta jess taldea
    ari eta jess taldea
    2015(e)ko maiatzak 11 at 12:11

    Kaixo:
    Asko gustatu zaigu idatzi duzun artikulua baina, ez gaude ados gauza batzuekin. Adibidez, guk uste dugu telefono finkoa oraindik ez dela desagertuko zeren eta merkeago ateratzen zaigun lagunekin denbora luzean hitz egiteko. Gainera, mugikor batean baino hobeto entzuten da.

    Reply
    • joxe
      2015(e)ko maiatzak 11 at 12:22

      Mila esker zuen ekarpenengatik, baina nire kasuan behintzat, hilabeteak dira etxeko telefono finkoa erabiltzen ez dudala, ez bada 902 horietako batera deitzeko. Eskanerra dela eta ez dela, egizue proba sakelako aplikazioekin eta ikusiko duzue: betiko eskanerrak baino azkarrago eta hobeto funtzionatzen dute, dokumentuak garbitu, itzuli eta bidaltzeko aukera ematen dute…

      Baina bueno, zenbat buru, hainbat aburu, badakizue! Mila esker bloga irakurtzeagatik! ;)

      Reply
  • luistxo
    2015(e)ko maiatzak 14 at 16:26

    1. puntuan egiten duzun galderaren inguruan: “ezagutzen al duzue telefonia enpresarik internet etxean jartzeko telefono finkoa jartzera behartzen ez duena?”. Bai: Pepephone ADSLa. Baina etxera telefono haria iristen dela ziurtatu behar duzu, eta kontratatzean 80 bat euroko gastua egin behar duzu Telefonicarekin haien teknikari bat etorri behar delako konexio magiko bat egitera zure etxera.

    Reply
  • Joseba Ibarretxe
    Joseba Ibarretxe
    2015(e)ko maiatzak 29 at 12:20

    Beste traste bi aipatuko dizkizut nik, Joxe.
    Musika tresnaren bat jotzen duenak, orain arte eta ia derrigorrez:

    afinatzailea


    eta

    metronomoa


    Batak laguntzen dizu musika tresna afinatzen, eta besteak, praktikatzen duzunean, konpasaren “tempoa” eramaten.
    Gaur egun, smartphoneak funtzio biak bete ditzake, aplikazio txiki bi jaitsiz.
    Nik traste biak erosi nituen, baina gaur egun soberan ditut, sakelean telefonoa eramaten dudanetan behintzat.

    Reply
    • joxe
      2015(e)ko maiatzak 30 at 15:45

      Mila esker, Joseba! Seguru nago erabilera espezializatuko halako gailu gehiago ere bide beretik joan direla, poltsikoan sekulako ordenagailu puskak eramaten ditugunetik…

      Reply
  • […] Konturatu orduko, sakelakoa gure gorputzaren beste atal bat bihurtu zaigu. Uneoro eramaten dugu aldean, gero eta eragiketa konprometituagoak burutzeko erabiltzen dugu, eta gero eta informazio ‘arriskutsuagoa’ eramaten dugu bertan: bankuko informazioa, ordainketak egiteko era guztietako zerbitzuak, laneko kontuak, osasun alorreko … […]

    Reply
  • […] Konturatu orduko, sakelakoa gure gorputzaren beste atal bat bihurtu zaigu. Uneoro eramaten dugu aldean, gero eta eragiketa konprometituagoak burutzeko erabiltzen dugu, eta gero eta informazio ‘arriskutsuagoa’ eramaten dugu bertan: bankuko informazioa, ordainketak egiteko era guztietako zerbitzuak, laneko kontuak, osasun alorreko … […]

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.