Otsailean iragarri zuen Elon Musk enpresario/bisionarioak: aste gutxiren buruan prest izan behar zituen etxe oso bateko argindarra hornitzeko besteko bateria berria, gure energia kontsumoa goitik behera eraldatuko duena.

Tatxan! Ezin ukatu gailua polita behintzat badela.
Tatxan! Ezin ukatu trastea polita eret badela.

Aste batzuk pasatu dira, bai, eta erdizka bete du bere hitza Muskek: ostiralean, maiatzaren 1ean, aurkeztu du jendaurrean PowerWall deritzona: etxean instalatzeko moduko bateria erraldoi bat, galdara baten tankerakoa, baina dotoreagoa. Oraingoan baina, gailu berria “hiruzpalau hilabete barru” merkaturatuko duela esan du. Hasiera batean, gainera, PowerWall horiek Estatu Batuetan eta Alemanian baino ez dituzte salduko.

Gailuaren bi bertsio izango dira: etxerakoa 100 kilo inguruko traste bat izango da, 130 x 86 x 18 zentimetrokoa, horman eskegitzekoa, etxearen barrualde zein kanpoaldean. Beharraren arabera, bat baino gehiago instalatu ahal izango dira, elkarrekin konektatuta. Erabilera industrialerako aldaerak, berriz, PowerPack izena izango du, eta dezente handiagoa izango da.

Hiru Powerwall beltz, elkarrekin lotuta
Hiru Powerwall beltz, elkarrekin lotuta

Etxerako PowerWall bakoitzaren prezioa kapazitatearen araberakoa da. Bi modelo daude, 7 kWh kapazitatea duena, eguneroko ziklokoa (3.000 dolar), eta 10 kWh, asteroko ziklokoa (3.500 dolar), biak ere hamar urteko bermearekin. Teslako buruak dioenez, enpresa harremanetan jartzen ari da eguzki plakak, errotak eta halakoak instalatzen dituzten enpresekin, azken erabiltzaileei ekipamendu osoa alokairuan uzteko aukera negoziatzeko.

Beste hainbatetan bezala, Musk utopiko samar azaldu zen bateria hauen aurkezpenean. Esan zuenez, bere helburua mundua aldatzea da… hoberako, noski. Bateria hauek, eguzki plakekin erabilita, etxe baten subirotasun energetikoa berma dezaketela esan du, argindar sareekiko menpekotasuna apurtuz, eta karbono dioxido isurketak geraraziz. Sarera konektatuta jarraitu nahi izanez gero ere, bateria hauek energia pila dezakete prezio baxueneko tarteetan, edo hornikuntzan etenak gertatzen direnerako gorde. Sareak eraikitzeko zailtasunak dauden lekuetan ere oso erabilgarri gerta litezkeela iragarri du enpresak. Muskek dioenez, bateria hauek iraultza ekarri nahi dute argindarraren mundura, sakelako telefonoek telefoniara ekarri zutenaren bestekoa.

powerwall_front_angleIdeia, pentsa dezakezuen bezala, ez da argindar enpresa handien batere gustuko. Espainiako legediak zigortu egiten du argindarraren autoekoizpena, eta jakina da gobernuak ‘eguzkiaren zerga’ deritzona jarri nahi duela martxan. Bateria hauek, gainera, banakako etxeetan instalatzeko pentsatuta daude, eta ezin dira erabili argindar instalazioa partekatzen duten pisuetan. Gauzak horrela, ematen du urte asko pasatuko direla oraindik halakoak gure inguruan orokortu arte. Interes ekonomikoak, badakizue, aurrerabidea bultzatzen…

 

Erantzunik ez

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.