Atzo hasi zen San Franciscon Google I/O 2015 , garatzaileentzako konferentzia, eta berrikuntza mordoxka aurkeztu du behinola “ez izan gaiztoa” leloarekin ezagun egin zen multinazionalak. Hona aurkeztutako sei nagusienak, labur-labur:

1. Android M

android-m-baimenak
Android M-rekin, baimenen kontrol askoz zehatzagoa izango dugu.

Horixe da Androiden sistema eragilearen hurrengo bertsioaren behin-behineko izena. Ingelesez M letrarekin hasten den gozokiren baten izena eramango du behin betiko bertsioak, orain arteko tradizioari jarraitzen badiote behintzat. Berrikuntza nagusienak teknikoak dira, tripetan ibili behar dutenek igarriko dituzte, baina ageriko bakan batzuk ere izango dira:

  • Aplien baimenen inguruko kontrol zorrotzagoa. Erabiltzaileok, adibidez, erabaki ahal izango dugu aplikazio bakoitzak telefonoaren hardwareko zer atal erabili dezakeen eta zein ez.
  • Hatz-marken irakurgailuetarako euskarria. Hartz-markaren bidez identifikatu ahal izango gara telefonoa desblokeatu, Play Store-n erosketak egin edo beste apli batzuetan sartzeko.
  • Gailuaren karga eta bateria. Esan dutenez, telefonoa erabiltzen ez dugunean automatikoki desaktibatuko da sistema, eta horrela bateriaren iraupena bikoiztu ere egin liteke. USB C konektore berrirako euskarria ere badakar.
  • Chrome Custom Tabs. Aplikazioek erabiltzen duten barneko web nabigatzailea (Twitter eta FaceBooken adibidez, erabiltzen dena) Chrome izatera pasatuko da.
  • Aplikazioen arteko komunikazio hobea, AppLinks sistemaren bidez.
  • Android Pay ordainketa sistema, NFC eta txartel emuladorea erabiliko duena eta Googlek dioena, irekia izango dena, erabiltzaileok sistema itxietan ez atxikitzeko. Sakelakoa erabiliz ordaindu ahal izango dugu, eta badira marka handi batzuk dagoeneko sistema onartzeko prest daudenak: MacDonald’s, Coca-Cola, GameShop…

2. Android Wear

Googlek errepaso sakona eman dio erloju eta bestelako gailu jantzigarrietarako sistemari, eta bertsio berriak aurrekoen arazo asko konponduko ei ditu:

  • Informazioa beti pantailan: hala behar duten apliek, pantaila piztuta mantendu ahal izango dute, kolore konbinazio edo distira baxuaz, bateria aurrezteko. Horrela, erloju adimentsuak errazago erabili ahal izango dira, besteak beste, GPS nabigaziorako.
  • Android Wear berrian, emojiak marraztu daitezke pantailan, lagunei bidaltzeko O.O
    Android Wear berrian, emojiak marraztu daitezke pantailan, lagunei bidaltzeko O.O

    Eskumuturreko keinu aurreratuak. Android Wear 5.1 daramaten erlojuekin, eskumuturreko keinu gehiago erabili ahal izango dira aplikazioen zerrendan mugitu edo aplikazioak irekitzeko.

  • Wifi konexio zuzena erlojutik, sakelakotik pasatu gabe.
  • Emojiak pantailan marrazteko aukera. Ez dirudi oso erabilgarria, baina…

3. Google Now

Googleren indargune nagusia guri buruz gordeta duen informazio kopuru eskerga da, eta abantaila hori baliatzen ari da Google Now, laguntzaile birtuala, askoz ere adimentsu eta eraginkorrago egiteko. Hala, Google Now berriak testuinguruaren arabera erantzungo digu.

  • Googlek askoz informazio gehiago dauka munduari buruz, eta besteak beste, 100 milioi kokalekuren inguruko datu xeheak ditu. Informazio hori erabiliko du bilaketetan testuinguruaren araberako informazioa emateko.
  • Itzultzailea hobetu omen dute, eta ahoz esaktu ahal izango diogu itzulpenak egiteko. (Euskarria duten hizkuntzetan bai, behintzat…)
  • Google Now berriak zabalik ditugun aplikazioekin komunikatuko da, eta haietan egiten ari garenaren araberako erantzunak emango dizkigu. Kanta bat entzuten ari bagara, galdetu ahal izango diogu non jaio zen abeslaria, zein urtetan kaleratu zen abestia, albumaren izenburua zein zen… (Bigarren irakurketa: Googlek uneoro jakingo du zer aplikazio dugun zabalik, eta zer egiten ari garen aplikazio horretan).
  • Txat-etan ere sartuko da Google Now: bezero batekin ari bagara bilera bat lotzen, Now-k esan ahal izango digu bezero horren egoitza non dagoen, edo bezeroari esan non gauden gu. (Hots: Googlek norekin txateatzen dugun ere jakingo du,baita zer esaten dugun).
  • Edozein unetan, hitz baten gainean zapaldu eta Now-k hitz horren inguruko informazioa emango digu. (Bigarren irakurketa zuek egingo duzue, ezta?)

4. Project Brillo

Beharbada izena aldatuko diote behin merkatura atera ondoren, baina momentuz, Googlek Brillo izena jarri dio ‘gauzen interneterako’ sortu duen sistema eragileari. Androiden oinarritutako sistema eragile hori bonbilletan, pertsianetan, etxeko etengailuetan, entxufeetan, kafe-makinetan, hozkailuetan… instalatu ahal izango da, gure sakelakoarekin eta haien artean ere komunikatu daitezen. Hartara, etxeko berogailua edo aire girotua automatikoki piztuko da gu (bueno, gure sakelakoa) etxera hurbiltzen den heinean, edo argiak ilundu egingo dira pelikula bat ikusten hasten garenean. Horretarako, haririk gabeko protokolo berri bat ere sortu du Googlek, eta Weave deitu dio. Protokolo hori irekia izango da, beste sistema eragile eta enpresa batzuek ere erabili ahal izan dezaten. Momentuz ez dute xehetasun askorik eman, baina dirudienez, udazkenerako ikus genitzake lehen adibide komertzialak.

5. Google Photos

Informazio asko du Googlek, bai, baina badirudi bere datu egarria ase ezina dela. Google+ zerbitzuak eskaintzen zuen aukeran oinarrituta, Google Photos berriak gure sakelakoarekin egindako argazki guztiak gordetzeko aukera eskaintzen digu orain. Espazio mugarik gabe eta dohainik. 16 megapixel bitarteko argazkiak ez ezik, HD bideoak ere gordeko dizkigu, 1080ko bereizmena bitartekoak. Web zerbitzu gisa ez ezik, aplia ere eskura daiteke, Android eta iOS sistemetarako.

Argazkiak eta bideoak biltzeaz gain, ordenatu ere ordenatu egingo dizkigu, Googleren informazioa kudeatzeko teknologia guztiak erabiliz: kokapenaren arabera, kronologikoki, argazkietan agertzen den aurpegien identifikazioa erabiliz… egia esan, zerbitzua oso ahaltsua da, baina prezioa (gure argazki guztiak eta haiei buruzko informazioa Googleren esku uztea) ondo baloratu beharrekoa dela. igotzen dugun material guztia online partekatzeko aukera ere ematen du, noski. Eta pena handia eman dit urteotan hain zerbitzua ona eman digun Flickr-ek, adibidez. Aldeko datu bat: web zerbitzua behintzat euskaraz badagoela.

[app]com.google.android.apps.photos[/app]

 

6. Google Inbox, Gmail sinplifikatua

Inboxek automatikoki antolatuko dizkizu posta, eta, nahi baduzu, ataza-kudeatzailea bailitzan erabili ahal izango duzu
Inboxek automatikoki antolatuko dizkizu posta, eta, nahi baduzu, ataza-kudeatzailea bailitzan erabili ahal izango duzu

Azkenik, Googlek iragarri du gaurtik aurrera publikoari zabalik dagoela Google Inbox zerbitzua. Erraz azaltzeko, Inbox Gmail postarako interfaze aurreratua da, adimentsuagoa, posta automatikoki ordenatu eta sailkatzen duena. orain arte gonbidapenarekin baino ezin zen erabili, eta gaurtik aurrera edonork erabil dezake.

Ez, ez du Gmail ordezkatuko: Gmailera sartzeko bide alternatiboa da. Dituen funtzio interesgarrien artean, jasotako mezuak programatu ahal izatea, norberak erabakitzen duen momentuan berriz jasotzeko, jakinarazpen eta guzti. Ni neu urduri jartzen nau sailkapena eta abarrak makinak berak egitea, baina tira, automatizazio hori lagungarri gerta daiteke erabilera kasu batzuetan. Inbox webgunetik edo Android zein iOS aplikazioaren bidez erabil daiteke.

[app]com.google.android.apps.inbox[/app]

 

 

 

 

Erantzunik ez

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.