Autorik moloienak Teslaren luxuzko elektrikoak direla uste baduzu, oker zabiltza. Azken garrasia Eslovakiatik dator, txikitan agindu ziguten etorkizuna gauzatzera: Aeromobil izena daraman enpresa batek zer egin lezake? Bai: auto hegalariak. Haien kontzeptuaren 3.0 bertsioa garatzen dabiltza, eta oso-oso aurreratua omen dute. Ikusi bestela, bideo eder hau:

Aeromobilak bi lagunentzako lekua dauka, eta, lurretik dabilenean, 160 km/h ere hartu omen ditzake, egileen arabera. Hori baino azkarrago joan nahi izanez gero, tira: hurbildu aerodromo batera, botoi bati eman hegalak zabaltzeko eta, riapa! Hortxe duzu zure abioneta partikularra, zerua zeharkatzeko.

Captura de pantalla 2015-05-12 a las 20.59.49

Jausitako aeromobilaren irudia
(Klik argazki gehiago eta jatorrizkoa lbistea ikusteko)

Teorian behintzat bai… zeren badirudi praktikan, tira, gauzak ezberdin samarrak direla: joan den ostiralean, bere asmatzaileak, 54 urteko Štefan Klein-ek, susto ederra izan zuen, aeromobila aireratu ostean emergentziazko sistema aktibatu behar izan zuenean. Trasteak sekulako zartakoa hartu zuen lurraren kontra, baina Klein laguntzarik gabe iritsi zen ospitalera, zauri arinekin. SME.SK agerkari digitalak argitaratu dituen argazkietan, ezin da gauza bera esan aeromobil gaixoari buruz…

Tira, aitzindaria izatearen ajeak, ezta?

 

Erantzunik ez

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.