apokalipsi-whatsappKomunikaziorako tresna estandarra bihurtu zaigu konturatu orduko. Jendeak arraro begiratzen dizu Whatsappik ez duzula esaten baduzu. Baina bai, zuk ere ondotxo dakizu: Whatsapp gorrotagarria da. Erdeinagarria. Whatsapp UPyD da, telefonoko apli bihurtuta. Hona bost arrazoi eder, berehalako mezularitza aplikazioa gaitzesteko.

  1. Facebook. Honezkero erdi ahaztuta daukagun arren, Whatsappen jabea Facebook da. Facebookek kontrolatu eta gordetzen du Whatsappen zer esaten dugun eta zer ez. Hala ere, sare sozialaren kontra sekulakoak eta bi esaten dituen intimitatearen defendatzailerik sutsuena ere, jo eta su ibiltzen da sakelako mezularitza aplian, diren eta ez diren emoji guztiei kea ateratzen.
  2. The Walking Dead.
    Kaixo Joseluis, Tia Paqui naiz, gonbidatuko nauzu merendatzera?
    Kaixo Joseluis, Tia Pepi naiz, gonbidatuko nauzu merendatzera?

    Orain arte Facebooken gertatu izan dena, orain zure poltsikoan gertatzen da, etengabe, gau eta egun: aspaldi kontaktua etetea erabaki zenuen ‘lagun’ hori linbotik itzuli da ustekabean, eta hortxe duzu, kaparrada ematen batere gupidarik gabe: <brrrrrr> Tia Pepiren mezu bat, duela 20 urte zaharra zen Jaimitoren txiste baten irudiarekin; <brrrrr> unibertsitateko ikaskide aprobetxategi hura, zure apunte eta liburu guztiak uzteko eskatu eta sekula itzuli ez zizkizuna, ‘olakease’-ka; <brrrr> amaren mezu kriptiko bat, zuzentzaile automatikoak bere erara berregituratutakoa, ama ondo ote dagoen galdetzeko deitzera bultzatzen zaituena; <brrrr> duela 20 urte ikusten ez duzun lehengusu hura, kalean ikusiz gero ezagutuko ez zenukeena, bere ezkontzara gonbidatuz…

  3. Taldeak. Taldeak gaizkiaren enkarnazio berria dira: institutuko ikaskideak –gehienekin institutuan zeundela ere hitzik egiten ez bazenuen ere— gertuko familia, urrutiko familia, ostiraleko afarikoak… bi lege unibertsal betetzen dituzte:
    1. Ganorazko zerbait tratatu behar denean (ostiraleko afari hori non eta zer ordutan izango den, adibidez), inork ez du ezer erantzuten. Orain, bati bururatuz gero ‘ikusi 125 Mb-ko bideo super barregarri hau’ estiloko zerbati bidaltzea, orduan bai, orduan deeeenak hasiko dira mezuak bidaltzen. Bideoa taldekide baten ume txikiaren ateraldi batena baldin bada, orduan hurrengo bideoen tamaina, iraupena eta maiztasuna biderkatu egiten da.
    2. Elkarrizketa bizi horiek lanean kontzentraziorik handiena behar duzunean gertatzen dira, beti, salbuespenik gabe.
  4. Deiak. Telefono dei arrunt bat egiten duzunean, deitzen duenak ordaintzen du. Whatsapp bidezko dei bat egiten duzunean, deitzen duenak eta erantzuten duenak, biek gastatzen dituzte 3G konexioko megak (unean WiFi konexiorik ez badute, behintzat). Baina ai! Nobedadea nobedadea da, eta orain, zure tarifako mega guztiak eta telefonoko memoriaren hiru laurdenak gatzik gabeko bideo absurdo eta astunak bidaliz gastatzen dizkizuten ‘lagunek’, soberakinak ere gastatzera behartzen zaituzte Whatsapp bidezko deien asunto hori probatuz.
  5. Adio euskarari!
    whatsapp
    Gauza on bakarra zuen Whatsapp apliak: euskaraz zegoen. Orain hori ere ez 🙁

    Ahots bidezko deiekin batera, Whatsappek beste ‘berrikuntza’ bat sartu digu, Android sistemarako azken bertsioetan bai behintzat: lehen guztiz euskaratuta zegoen aplia, orain ingelesez agertzen zaigu, telefonoa euskaraz konfiguratuta badugu ere. Lagun batek galdetu dit gaur bertan, ea zer egin behar zen aplia euskaraz jartzeko, eta azkarregi erantzun diot nik: “telefonoa euskaraz baduzu, aplikazioa ere euskaraz agertzen da!”. Neure sakelakoa atera eta, hara! Ingelesez dago orain lehen euskaraz zegoena! Mila esker Whatsappeko lantaldeari! >:(

Eta zuk? Zergatik gorroto duzu Whatsapp?

6 erantzun

  1. joxe 2015(e)ko apirilak 17
  2. e-gor 2015(e)ko apirilak 19
  3. joxe 2015(e)ko apirilak 19
  4. Jabi 2015(e)ko apirilak 20
  5. joxe 2015(e)ko apirilak 20
  6. e-gor 2015(e)ko apirilak 21

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.