Honezkero ezagun egingo zaizue Elon Musk-en izena. Inbertsore eta teknozale amorratua Tesla enpresaren sortzailea da. Jakingo duzuenez, Teslak auto elektriko aurreratuak egiten ditu, arrakasta handiz egin ere. Estatu Batuetan ikur bihurtu dira jadanik Tesla autoak, eta -oraingoz oso garestiak badira ere- gero eta gehiago ikusten dira hango errepideetan.

Baina Musken ideiak ez dira auto elektrikoetara mugatzen, eta beste proiektu batzuk ere baditu esku artean, tartean SpaceX, Martitzerako bidaiak egiteko teknologia sortzen ari den enpresa, eta HyperLoop, lur bidezko garraioa irauli nahi duen sistema azkarra.

Bada, Muskek iragarri duenez, aste gutxi batzuk barru egon liteke merkatuan beste asmakizun bat, gure ohiturak goitik behera eralda litzakeena. Tesla Motors enpresak prest omen dauka bateria eramangarria, etxe bateko argindarra astebetez hornitzeko bestekoa. Bateria eguzki plaka, aerosorgailu edo halako beste gailuren batera konektatu daiteke kargatzeko, edo Teslak dituen argindar estazioetan kargatu. Ideia, beraz, ‘subiranotasun energetikoa’ bultzatzea litzateke, etxe bakoitzak bere argindarra sortu eta gordetzeko aukera bultzatuz… …bide batez, Teslaren  etekinak biderkatuz, noski.

Teslaren 'argindardegi' bat, auto elektrikoak kargatzeko. Etxerako bateriak ere bertan kargatuko omen dira
Teslaren ‘argindardegi’ bat, auto elektrikoak kargatzeko. Etxerako bateriak ere bertan kargatuko omen dira

Baina, ai!, MarcaEspañaren eraginpean bizi garenok nekez erabiliko dugu, momentuz halako sistemarik: Espainiako legediak zigortu egiten du nork bere argindarra sortzea, eta horrelako sistema bat etxean ezartzea, luzera, argindar sarera konektatuta egotea baino garestiago irtengo da -oraingo legedia aldatzen ez den bitartean, behintzat-. Gaur egungo legeekin, sistema ezin da erabili pisu blokeetan, eta etxe isolatuetan ere, zailtasun handiak daude. Besteak beste, derrigorra dago norberak ekoitzitako argindarra sareari saltzeko -hark ezarritako prezioan- eta kontsumitu behar dena ere hari berriz erosteko -hori ere hark nahi duen prezioan-. Oso lojikoa eta ekologikoa dena…

Erantzunik ez

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

%d bloggers like this: