IMG_20141203_121308
Jendetza batu da EITBren egoitzako Multibox aretoan Puntu Eus-i harrera egiteko… eta tartean pintxorik izan gabe, e?

Jendetza batu da —batu gara— gaur EiTBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan. Beranduen iritsi garenak zutik geratu behar izan gara. Ez zen gutxiagorako. Josu Waliñok azaldu duenez, domeinua publikora ireki orduko 1.292 domeinu egon dira erregistratuta, eta han eta hemen ikusitakoagatik, harrituko nintzateke une honetan 2.000tik gora ez balira.


Disgusturen bat edo beste ere izan da, noski: baten batek ezin izan duela bere domeinua erregistratu, erregistratu bai baina aktibatu ezinik dabilela bestea… Urkullu “ulertuko eta onartuko diogulakoan” mintzaldiaren erdian gazteleraz hasi izana… Baina egun handia izan da gaurkoa. Orain euskara mundialagoa da. Gure domeinuak mundu osora zabaldu du euskararen esparru birtuala. Aprobetxa dezagun hori, bada, nukleoa eta motorea euskararen eremu fisikoan dagoela ahaztu barik, noski!

Enfin, blog hau ere .eus da gaurko bazkalostetik aurrera 🙂 Gauzak ondo egin baditut, .eus-era sartuko zarete teknopata.net-eko lotura zaharretara joanez gero ere, gordeta izan ditzakezuen loturak baliagarriak izaten jarraitzeko. Eta txarto egin baditut… tira txarto egin baditut esango didazue, seguru 🙂

Kaixo Puntu Eus :-)

Ah! Beste behin ere, mila esker bihotz-bihotzez, eta nire miresmen eta errespetu osoa PuntuEus lantalde osoari, eta batez ere, nola ez, honaino ekarri gaituen Iratxe Esnaola Arribillagari. Aizkora batzuk zarete! 🙂

Erantzunik ez

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

%d bloggers like this: