NabarmenakTrepetak

Pebble, smartwatch ezberdina

Enpresa handiak espezifikazioen gerran sartuta dauden bitartean, Pebble erloju adimendunak oso lan txukuna egiten du era merke eta eraginkorrean.
Pebble, smartwatch ezberdina 7 - teknopata.eus


ADI: Pebble erlojuaren sistema eragilea ez dago euskaraz. Gaizki ulertu nuen sistema berriaren inguruko abisua. Barkatu!

Badakizue, orain ‘jantzigarriak’ dira modako trepetatxoak, eta kolore eta gustu guztietarako aukerak topa daitezke merkatuan. Protagonista nagusiak smartwatch edo erloju adimentsuak dira. merkatu horretan, kontsumoko teknologia enpresak espezifikazio gerra batean sartuta daude, zein baino zein Ghz, hazbete eta Gb gehiago, erosleok itsutzeko asmoz.

pebble gorria
Pebble gorria, beste hainbat koloretan ere eskura daiteke

Bien bitartean, askoz ere isil eta pausatuago, bada enpresatxo bat, crowdfunding proiektu batetik abiatutakoa, gauzak astiroago baina, itxuraz, buru apur bat gehiagorekin egiten ari dena: Pebble du izena, eta izen bereko erlojua egiten du.

Tinta elektronikoa: merkea eta kontsumo txikikoa

Pebble erlojuaren ezaugarririk nabarmenena pantailako teknologia da: tinta elektronikoa erabiltzen du, liburu elektronikoek bezala, eta horrek markatzen du bere izaera: pantaila zuri-beltzezkoa da, baina oso ondo ikusten da eguzki argitan eta, atzealdeko LED argiari esker, ilunpetan ere kontsulta daiteke, noski.

Alde estetikoa gorabehera, tinta elektronikozko pantailak beste ezaugarri nabarmen bat ematen dio erloju honi: bateriak 7 egun arte iraun dezake.

pebblegama
Oinarrizko Pebble gama

Hori guztia gutxi balitz, tinta elektronikoa ere merkea da lehiakideen pantaila koloretsu eta haien kontroladoreen aldean. Horrela, Pebbleren beste ezaugarri bat prezioa da: 99$ bertsio arruntaren truke, eta 199$ ‘Steel’ altzairuzko bertsioaren kasuan. (Europearrok garraioa ere ordaindu behar dugu, eta prezioak 129/229 eurotan saltzen dizkigute orri ofizialean).

Hortik gora, ezaugarrien artean honako hauek topa ditzakegu: ARM Cortex-M3 prozesadorea (80 Mhz-koa), Pebble OS sistema eragilea, Android zein iOSekin bateragarria, Bluetooth 4.0, 3D azelerometroa eta argi sentsorea, bibragailua eta USB bidezko karga, kable magnetiko propio baten bidez. Gomazko eskumuturrekoa dakar, 22 milimetroko neurri estandarrekoa, eta beraz edozein erlojudendatan topa daitezkeenekin bateragarria…

Steel bertsioa bi koloretan dator: metalikoa eta beltza
Steel bertsioa bi koloretan dator: metalikoa eta beltza

Horrekin guztiarekin, Pebble ondo maneiatzen da telefonoko jakinarazpenak erakusteko, telefonoko musika erreproduktorea kontrolatzeko edota deiak onartu ala errefusatzeko (hitz egin, telefonotik hitz egin beharko duzu, Pebbleak ez baitu ez mikrofono eta ez bozgorailurik).

Gainera, aplikazio propioak ere baditu: erlojuaren beraren itxura aldatzeko, telefonoa aurkitu ahal izateko galduz gero, kirol aplikazioen datuak erakusteko… eta egunez egun hazten doan aplikazio sorta handia, esan bezala, iOS eta Androidekin erabilgarriak.Hori guztia gutxi balitz, azken ezaugarri garrantzitsu bat ere azpimarratu beharra dago: Pebblek berak iragarri duenez, sistema eragilean egin duten azken eguneraketak euskarazko euskarria ere badu. Zer gehiago eska daiteke? :-)

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.