Gero eta nagi handiagoa ematen dit zinemak, hainbat arrazoi tarteko:

  • Areto gehienak etxetik urrun samar dauzkat. Bilbon bertan ere oso zinema gutxi geratzen dira.
  • Are gehiago: aretorik txukunenak merkataritza zentro erraldoi, gorrotagarri eta urrunetan daude.
  • Prezioak absurdoak dira: 8,50 eurotik gora ere kobratu izan didate azken bolada honetan. 8,50!!! Mesedez! Diru horrekin hiru film edo gehiago har ditzaket Play Storen esaterako, eta nahi dudanean ikusi!
  • Prezio absurdo horien truke jasotzen dena ere ez da makala:
    • aretozainik ere ez dago. Norberak bilatu behar du bere eserlekua eta, baten batek hartu badu (gertatu izan zait), edo filma hasi ondoren nerabe hiper-hormonatu koadrila bat builaka hasiz gero, norberak hartu behar du haiengana hurbildu eta isilik egoteko eskatzeko lana.
    • 8,50€ ordaindu ondoren, gainera, inork ez zaitu libratuko 15 minutuko iragarki tarte amaigabea irentsi behar izatetik.
    • Ezta jabetza intelektualaren defentsaren aitzakiarekin zuzenean delitugile arriskutsutzat jotzen zaituen SGAEren kartel beltzetik: gogoratu debekatuta dagoela irudiak grabatzea. Hori gutxi balitz, aretozainik ere ez duen aretoan polizia lanak egiteko eskatzen dizu karteloiak: irudiak grabatzen ari den baten bat ikusiz gero, mesedez jakinarazi aretoko arduradunei… Hurrengoa zer izango da, pelikula bukatzean erratza pasatzeko eskatzea?!?

Okerrago izan liteke…

[amara url=http://www.youtube.com/watch?v=9AFf0ysgNiM width=600 height=440 data-initial-language=”eu”]

Bullet Screen sistemaren irudi bat. Argazkia: thenangfang.com
Bullet Screen sistemaren irudi bat. Argazkia: thenangfang.com

Eta bai: beti izan daiteke okerrago. Zinera joateko esperientzia nahikoa gorrotagarria ez, eta azken asteotan esperimentu bat egiten ari dira Txinako hainbat aretotan: aukera eskaintzen hasi dira, telebistako saioetan bezalaxe, SMS bidez tarifazio bereziko zenbaki jakin batera bidaltzen diren mezuak aretoko pantailan agertzeko, filma proiektatzen ari den bitartean. Mezuek pantaila osoa zeharkatzen dute, eskumatik agertu eta ezkerretik desagertzen diren arte, ‘bullet screen’ deritzon sisteman oinarrituta. Hau da: ez dira mugatzen pantailaren beheko aldera. Edozein puntutan agertzen dira eta, mezu asko baldin badaude, denak batera agertzen dira pelikularen gainetik.

BulletScreen delako hori oso gustukoa omen dute Txinan, eta aspalditik erabiltzen da hainbat bideo webgunetan. Hona, esaterako, ACFUN ataritik hartutako bideo bat. Kai Ko aktore taiwandarraren adierazpenak dira, poliziak droga trafikoagatik atxilotu ostean. Bideoaren gainetik ikusten den letra zopa ikusleen iruzkinak dira. Webgunean aparteko leiho batean agertu beharrean, bideoan bertan gainidatzita irakur daitezke.

Badirudi esperimentuak askotariko erantzunak izan dituela Txinan bertan. Sistema estreinatzeko Qin-en Kondaira izeneko animazio film bat aukeratu dute. Shangai. Beijing eta beste hainbat hiri handitako aretoetan jarri dute pantailara mezuak bidaltzeko aukera eta filmaren zuzendaria, Shen Leping, poz-pozik dago esperimentuarekin. Telefonora lotuta bizi den publiko gaztearengana hurbiltzeko modu ona izan daitekeela iruditzen zaio, eta gainera bere ustez interesgarria izan daiteke aztertzea zuzeneko interakzioak nola eragiten dion pelikulari.

Niri neuri infernala iruditzen zait ideia, baina tira, beharbada zaharrunoegia naiz honezkero. Zer uste duzue zuek? Interesgarria litzateke halako proba batzuk egitea hemengo zinemetan? Parte hartuko zenukete?

Erantzunik ez

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

%d bloggers like this: