Benga, aitortu, zenbatetan gertatu zaizu? Sofan jarrita zaude, edo sukaldeko mahaian, edo lanekoan, edo gidatzen… eta halako batean, sakelakoaren dardara igarri duzu poltsikoan. Eskua patrikan sartu, eta ikusi duzu ez duzula inolako dei galdurik edo bestelako abisurik telefonoan edo -are txarrago- segapotoa aldean eraman ere ez daramazula!

Inoiz gertatu bazaizu, ongi etorri dei fantasmen sindromedunon klubera!

Mamu bat, deitzeko keinua egitenOngi etorri klubera, bai, eta egon zaitez lasai, oso klub zabala da eta. Hainbat ikerketa daude kontu honen inguruan, eta guztiek dute ondorio berbera. 2010ean Estatu Batuetan egindako honen ondorioak ondo laburbiltzen ditu besteak: dei fantasmen sindromea oso fenomeno zabala da gailu elektronikoak erabiltzen ditugunon artean. Zenbakitan jartzeko, gutxi gorabehera segapoto erabiltzaileon %80k pairatzen dugu ‘gaitza’.

Hara! Poltsikorik ere ez daukat eta!!!
Hara! Poltsikorik ere ez daukat eta!!!

Azalpen psikologikoa

Ikerlariek ez dute oraindik dei fantasmen arrazoi zehazta aurkitu, baina boleto gehien dituen azalpena psikologikoa da, eta zerikusi zuzena du gure burmuinak egunean jasotzen dituen estimulu eta seinale guztiak jaso, prozesatu eta iragazteko duen moduarekin. Horren oinarria ‘seinaleen detekzioaren teoria’ deritzona da. Gure burmuinak seinale bat antzeman behar duenean, lau egoera posible suerta daitezke:

  • seinalea (kasu honetan telefonoaren dardara) benetan ‘piztu’ da, ala ez, batetik eta
  • burmuinak seinalea antzeman du ala ez, bestetik

Horiek konbinatzen hasita, lau aukera ditugu:

  • ez dago seinalerik eta ez dugu seinalerik antzeman
  • ez dago seinalerik, baina guk seinalea antzeman dugu (alerta faltsua)
  • seinalea dago, eta antzeman egin dugu
  • seinalea dago, baina ez dugu antzeman (hutsegitea)

benetakodeiaHala telefonoaren dardararekin nola inguruko beste seinale guztiekin, gure burmuinaren helburua da posible den kasu guztietan asmatzea, eta alerta faltsuak eta hutsegiteak saihestea. Horretarako, seinaleak jasotzeko sentiberatasuna eta positiboak emateko joerarekin jokatzen du etengabe.

Sentiberatasuna handitzea ona da beti seinaleak xehe-xehe antzeman ahal izateko, baina positiboak emateko joera handiegiak alerta faltsu asko ekar dezake. Horregatik, joera hori egoeraren arabera aldatzen dugu konturatu gabe, alerta faltsuek ekar dezaketen kaltea eta seinalea xehe ez jasotzearena (dei bat galtzearena) alderatuz.

Telefonoko deien kasuan, alerta faltsuen kaltea ez da handia (telefonoa poltsikotik atera behar izatea alferrik, besterik  gabe), eta horregatik, egoeraren arabera (inguruan zarata handia baldin badugu, dei garrantzitsu baten zain gaudenean eta abar), nahiago dugu alerta faltsuak probokatzeko arriskua handitu, benetan jaso dugun dei bat galtzen uztea baino. Hortik omen datoz dei fantasma horiek, eta adituek diotenez fenomeno erabat natural eta osasungarria ere badira.

Ikerlari batzuen arabera, izaera irekiagoa duten pertsonek eta neurotikoek ere joera handiagoa izan dezakete dei fantasmak jasotzeko. Lehenengoek sare sozial zabalagoak dituzte, lagun eta ezagun asko, eta aukera gehiago lagun eta ezagun horiengandik mezuak, deiak eta abarrak jasotzeko. Eta neurotikoek berriz, kezka handiagoa izan dezakete jasotzen dituzten dei eta mezuak ez galtzearekin, eta horregatik joera handiagoa abisurik jaso duten ala ez etengabe begiratzen egoteko.

 

No Responses

  1. Pingback: Bitacoras.com 2014(e)ko abuztuak 25
  2. Pingback: Kontuz mugikorrekin! - Sarean .eus 2019(e)ko otsailak 5
  3. Pingback: Kontuz mugikorrekin! • ZUZEU 2019(e)ko otsailak 11

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.