Zirraragarri bezain beldurgarria
Zirraragarri bezain beldurgarria

Beharbada adinean aurrera egitearen ondorioak izango dira, baina gero eta sarriagotan gertatzen zait garatzen ari diren azken berrikuntza teknologikoen berri irakurri eta zailtasun handiak izatea erabakitzeko asmakizun berria ‘moloia’ den, ala arbuiagarri-gorrotagarri-beldurgarria. Halaxe gertatu zait gaurko aurkikuntza honekin: oraindik ez dut erabaki gustatzen zaidan ala ez. Ea lagundu ahal didazuen:

Estatu Batuetan bada Microchips izeneko enpresa bat, eta bere zeregina da botikak era programatuan emateko gailuak sortzea. Izenagatik pentsatuko zenuten bezala, ‘gailu’ esatean tamaina mikroskopikoko makinei buruz ari dira. Webgunean diotenez, dagoeneko badute prototipo funtzional bat, 20x20x7 milimetroko tamaina duena, ordu erdiko ebakuntza sinple batean azalaren azpian ezarri eta irrati bidez kontrola daitekeena.

Mikrotxip horrek botikak gordetzeko mikro-edukiontziak ditu. Agindua ematen zaionean, argindarrak edukiontzi horietako baten ‘atea’ zeharkatu, berotu eta urtu egiten du, minutu bateko prozesu batean, botikaren mikro-dosia (30 nanogramo) gorputzean libre utziz. Egileek haurdunaldiak ekiditeko erabiltzen den levonorgestrel izeneko progestina sintetikoarekin probatu dute gailua jadanik, eta batere arazorik gabe funtzionatu du. Levonorgestrela gaur egungo ‘biharamuneko pilulen’ eta partxe antikontzeptiboen oinarria da. Azal azpian kokatzen diren partxe batzuetan ere erabiltzen da gaur egun, baina partxe horiek 2 urteko iraupena baino ez dute. Mikrotxip berriek 16 urte iraun dezakete, eta erabiltzaileak nahi erara gaitu eta desgaitu ahal izango ditu, haurdun geratu nahi duen ala ez.

Txip antikontzeptiboa 2 - teknopata.eusMikrotxiparen mikro-edukiontziak beste edozein drogarekin bete litezke, noski, haurdunaldiak ekiditea ez diren beste helburu batzuetarako. Osteoporosia tratazeko probak ere egin izan dituzte egileek menopausia igarotako emakumeekin, eta kasu horretan ere emaitzak onak izan omen dira. Egitasmoak orain duen erronkarik handiena da mikrotxipak kontrolatzen dituen irrati-seinalea modu eraginkorrean enkriptatzea, jabea ez den beste inork manipulatzeko aukerarik izan ez dezan.

Eta ideia horren bueltan sortzen zaizkit niri beldur eta paranoiak. Kontua da Bill eta Melinda Gates Fundazioaren Senide Planifikazio Egitasmoak dirutza jarri duela orain mahaigainean, Hirugarren Munduan nahi gabeko haurdunaldiak saihesteko estrategiaren barruan era masiboan erabiltzeko. Eta jakinda hor zehar izan diren behartutako esterilizazio programen berri, ikuspuntu aztoragarri samarra irekitzen da. Eta lehen munduan produktu gisa saltzen diren bitartean, garatu gabeko herrialdeetan ‘derrigorrezko bakuna gisa’ erabiliko balira mikrotxipak? Eta herrialde horietan txipen gaineko kontrola norbanako emakumeek baino, gobernuak edo dena delako agentzia batek izango balu? Eta -Cuarto Milenio larregi ikusten dut, daitort- aitortutako botikarekin batera, ezagutzen ez ditugun beste kimiko batzuk ere sartzeko erabiliko balira?

En fin, zer iruditzen?

Via: CNet

Erantzunik ez

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.