Birusak, infekzioak, kutsatzeak, lapurretak… denborarekin, zikin samarra bihurtu da ziberespazioa. Eta bizitza errealean bezalaxe, komeni da higiene neurriak hartzea.

Pentsa zer gertatzen den smartphoneekin esaterako: gero eta pantaila handiagoak, wifia, bluetootha, GPSa, sare bidezko konexioa… bateria berehala agortzen zaigu eta sarritan, kargadorea eta USB kablea poltsikoan ibiltzen gara, tartetxo bat dugunean segapotoari ‘jaten emateko’. Esaterako: batzar bat dugun bulego batera iritsi eta han topatzen dugun lehenengo ordenagailuko USB atakan konektatzen dugu telefonoa.

Baina noski: USB ataka horiek, energia ez ezik, datuak bidali eta jasotzeko ahalmena ere badute. Nola jakin USB ziritxoa sartu dugun makina hori ‘garbi’ dagoela? Eta telefonora kutsatu daitekeen birusen bat baldin badu? Eta nahita -edo nahi gabe- programatuta badago gure telefonoko datuak lapurtu edo haren kontrola hartzeko? Edo bertara konektatzen diren telefonoen jarraipena egiteko?

usbcondom
Inbentoak ez du, ez, diseinu ederrenaren saria jasoko…

8435737_origTira, egon zaitezte lasai: orain USB kondoiari esker, patxada osoz karga dezakegu telefonoa USB bidez, edonon gaudela ere, gure telefonoak ‘ezer arrarorik’ hartuko duen batere beldurrik gabe. Ikusten denez, oso gailu sinplea da: USB ‘ziritxoa’ dauka alde batean, eta USB zirrikitua bestean. Tartean, zirkuitu sinple bat, datuen garraioa eragotzi baina argindarrarena ahalbidetzen duena. Horrela, ziur egon gaitezke bertara konektatzen dugun telefonoak argindarra baino ez duela jasoko entxufatu dugun ordenagailutik, eta gure datuak, beraz, seguru daudela.

Konexio higienikoa nahi baduzu, USB kondoiak 10 dolarretan eros daitezke asmatzailearen webgunean.

Erantzunik ez

  1. Pingback: Bitacoras.com 2014(e)ko ekainak 3

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.