Aguretxo bat da honezkero, baina ez dago botatzeko moduan!
Aguretxo bat da honezkero, baina sasoi betean dago!!!

Nire ordenagailu nagusia 2008 hasierako MacBookPro bat da, 2,5 GHzeko Intel Core 2 Duo prozesagailua eta 4 Gb-ko RAM memoria duena. Puntako makina zen bere momentuan, eta traste potentea izaten jarraitzen du, baina urteak (eta zaharkitze programatua) ez dira alferrik igarotzen, eta azken bolada honetan mantso samar zihoan.

Beharbada makina bera ez da larregi moteldu baina, bi minutu eta gehiago behar izaten zituen sistema abiatzeko eta, denbora asko ez den arren, esperientzia frustrante samarra zen piztea, tabletaren berehalakotasunari ohituta. Gainera, disko gogorrak gero eta zarata arraroagoak egiten hasita zegoen.

Gauzak puntu horretara iritsita, aukera ofizialak bi dira: makina berria erosi (1.500 euroren bueltan), ala diskoa konpontzera eraman (operazio garesti samarra zerbitzu ofizialean eginez gero). Han eta hemen saltseatzen hasi, eta hirugarren batekin egin dut topo: pazientzia, kemena eta bihurkinak hartu, SSD bat erosi, eta nik neuk jarri disko gogorraren ordez. Arriskuko operazioa da, baina hamaika lekutan irakurri dut oso emaitza onak ematen dituela.

Zer da SSD?

SSD, nola ez, ingelesezko siglak dira: solid-state drive edo estatu solidoko unitate esan nahi dute. Datuak gordetzeko gailuak dira, disko gogorrak bezalaxe, baina teknologia ezberdina (eta aurreratuagoa) erabiltzen dute. Disko gogorrek bueltaka dabiltzan xafla magnetikoen gainean grabatzen dituzte datuak. SSDek, berriz, memoria iraunkorra erabiltzen dute, argazki makinetako SD txarteletan bezala, eta ez dute, beraz, atal mugikorrik. Ondorioz, askoz ere azkarragoak dira datuak irakurtzen eta idazten ohiko diskoak baino 10 aldiz azkarrago aritu daitezke), ez dute zaratarik egiten, eta energia gutxiago kontsumitzen dute.

Disassembled HDD and SSD.JPG
DIsko gogorra (ezkerrean) eta SSDa (eskuman) barrutik. SSDak ez du diskorik, memoria pastillak baizik. CC BY-SA 2.5 vía Wikimedia Commons. (Klik jatorrira joateko)
Diskoaren abiadura (goian) eta SSDarena (behean). Datuak irakurtzeko abiadura hirukoiztu egin da, eta idaztekoa ere hortxe-hortxe
Diskoaren abiadura (goian) eta SSDarena (behean). Datuak irakurtzeko abiadura hirukoiztu egin da, eta idaztekoa ere hortxe-hortxe

Desabantailak ere badituzte ez pentsa: edukiera txikiagoa dute oraingoz ohiko diskoek baino, iraupena laburragoa da, eta kaltetuz gero normalean ez dago modurik datuak berreskuratzeko (disko gogor tradizionaletan zaila izaten da, baina egin daiteke). Eta tira, azken desabantaila bat ere bai: prezioa askoz ere altuagoa da. Hasierako asmoa nuen, behin diskoa aldatzen hasita, jatorriz zeuzkan 250Gb ordez 500 edo gehiagoko disko gogorra jartzea… baina SSDa nahi izanez gero 250 Giga horiek mantentzearekin konformatu beharko… 500 gigako SSDek 300 euro inguruko prezioa dute!!!

Total, han eta hemen prezioak begiratzen ibili ondoren, Samsung etxearen 250 gigako SSD bat erosi, tutorialak han eta hemen irakurri eta aurrekoan bihurkinak hartu eta lanari ekin nion. Eta esan behar dut oso-oso pozik geratu naizela emaitzarekin. Ordenagailuaren adina dela eta, ezin dio atera SSDari eman dezakeen abiadura osoa, baina hala ere askoz ere azkarrago doa. Ezkerreko grafiko horretan ikusten da, Disk Speed Test aplikazioarekin egindako probetan, datuak irakurtzeko abiadura hirukoiztu egin da (44,4tik 121,6ra) eta idaztekoa, bikoiztu baino dezente gehiago (50,6tik 135ra).

Baina datu horiek oso hotzak dira eta ez dute argi adierazten nolakoa den aldaketa. Ikusi ondoko bideoa: bertan ikusten da zenbat denbora behar du orain portatilak sistema abiatzeko (minutu erdi inguru), eta zenbat behar zuen lehen (bi minuturen bueltan!).

Efektu berdina gertatu da aplikazio astunak irekitzean (Word, Photoshop, Firefox bera…) Orain klik egin eta ti-ta irekitzen dira, eta ez lehen bezala: koloretako bolatxoa agertu, diskoa zarataka hasi, ikonoa saltoka…

Bide batez, erakutsi diot neure buruari gauza naizela destornilladorea hartu eta hondamendirik ez sortzeko! Laburbilduz, oso esperientzia gomendagarria iruditu zait, eta nire egoeran dagoen beste edonork egiteko modukoa. Ordenagailuak hartu duen arintasunarekin, seguru nago beste bizpahiru urte eman ditzakeela lanean arazo handirik gabe.

Animatzen bazara, jarraibide zehatz eta errazak dituzu hainbat lekutan (ingeles batuan, hori bai):

Gogoratu prozesu ‘fisikoarekin’ hasi aurretik, gomendagarria dela disko zaharra ‘klonatzea’ SSD berrian. Horretarako, USB-SATA III moldagailu bat beharko duzu (SSD berria ordenagailuarekin kanpotik konektatu ahal izateko aldaketa lanekin hasi aurretik). Pausu hori ere bideo honetan aurkituko duzu ondo azalduta.

Erantzunik ez

  1. Pingback: Bitacoras.com 2014(e)ko ekainak 9

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

%d bloggers like this: