Etxeko leihoak garbi WinBot errobotarekin

Oharra: sarrera hau Ecovacs eta Ayerbe enpresek utzitako materialean oinarrituta dago.

Lehengo egunean kutxatik atera ondoren, kargatu beharrekoak kargatuta eta eguraldi ona aprobetxatuz, etxeko lehioak garbitzen jarri naiz WinBot errobota erabiliz. Hona prozesua, bideoz jasota:

Lehen aldiz erabiltzean, segurtasun falta handia ematen du WinBotak. Piztean, barruan daraman motorea hasten da lanean, airea indar handiz aspiratzen, bentosa efektua egiteko. Trastea kristalean jarri, argi urdina piztu arte itxaron eta listo: inpresioa ematen du trastea kristalaren kontra bakarrik uzteak, ematen du edozein unetan jausiko dela kristaletik… Baina berehala ohitzen da bat makinaren funtzionamendura eta, benetan, zaila da trastea kristaletik jaustea. Garbiketa bukatutakoan ere kosta egiten da makina kristaletik kentzea, bentosa askatzeko botoiari emanda ere!

Segurtasuneko bentosak ez dit ba segurtasun handirik eman!

Segurtasuneko bentosak ez dit ba segurtasun handirik eman!

Segurtasunerako, bentosa bat?

Horrekin lotuta, ez nau asko konbentzitu WinBotaren “segurtasun bentosaren” kontua: suposatzen da bentosak errobotari eutsi behar diola dena delakoagatik motoreak huts eginez gero, baina niri behintzat hiru aldiz ere erori zait bentosatxoa ageriko arrazoirik gabe (aitor dezadan, dena den, ez naizela bereziki trebea, eta beharbada nire ondorioa izan dela). Horregatik erabaki dut segurtasun kablearen mutur bat WinBotari lotu eta bestea leihoaren kirtenari. Bentosa baino askoz ere seguruagoa iruditu zait!

Kable nahaspila handia

Roombarekin ohituta zaudetenok igarriko duzuen alderik handiena kablearekiko menpekotasuna da. WinBotak entxufeari lotuta egon behar du funtzionatzeko, eta gainera ez edonola: argindar adaptadoreak zoruan egon behar du, ezin da utzik leihotik zintzilik. Horrek esan nahi du entxufeak beharko dituzula leihoetatik hurbil, edo bestela luzagailu majo bat. Luzagailuari gehitu Winbotaren argindar kable luzea, eta kanpoaldean erabiltzen denean jarri behar zaion segurtasunekoa, eta laster irudikatuko duzu zer nolako kable nahaspila egin daitekeen errobotaren inguruan. Kontrapartida gisa, WinBota egun santu osoan izan dezakezu martxan jo ta fuego, bateriaren karga eta deskarga zikloen menpe ibili beharrik gabe. Baina horrek ez du esan nahi WinBotak bateriarik ez duenik: lehenengo aldiz erabili aurretik, ordu pare bat utzi beharko duzu entxufatuta, bateria kargatzeko. Bateria hori ere segurtasuneko neurri gisa jarri diote: makina garbitzen ari dela, argindarrak huts eginez gero, WinBotak bateria aktibatuko du automatikoki, kristalera lotuta mantentzen duen motoreak aspiratzen jarraitzeko. Hori bai, trasteak kristalean gora eta behera mugitzeari utziko dio, eta zarataka hasiko da lehenbailehen jaso dezagun.

Kontuz leiho zikinegiekin

Kristala OSO zikin badago, gure laguntxoak arazoak izan ditzake. Neuri ere gertatu zait: trastea hartu, kanpoaldeko leiho OSO zikin baten kontra jarri… eta errobota itsatsita geratu dela adierazten duen argi urdina piztu ez. Berriz saiatu eta ezertxo ere ez. Zikinkeria handia bada, hauts eta partikula asko egonez gero, horrek ‘laztu’ egiten du kristalaren testura. Ondorioz, WinBotaren aspirazio sistema ez da %100 segurua eta, badaezpada ere, ez dizu lanean uzteko aukerarik ematen, zorura jausteko arriskua saihesteko. Kasu horretan, lan apur bat egitea tokatzen da: garbitu nahi den kristalaren zati txiki bat eskuz garbitu, haren gainean jarri WinBota, eta orduan bai, orduan txintxo-txintxo ekingo dio lanari.

Leihoak estuegiak izanez gero, azkarrago bukatuko duzu eskuz garbituta!

Leihoak estuegiak izanez gero, azkarrago bukatuko duzu eskuz garbituta!

Leiho handietarako soilik

WinBotak urrutiko agintea eta guzti dakar. Oso lagungarria izan daiteke, kristalen bat garbitzean orbanik geratu bada, horiek ‘eskuz’ kentzeko. Baina bere abantaila nagusia modu automatikoan dago: leihoaren izkinatik 10 bat zentimetrora jarri, eta utzi berari lanean: berehala joango da leihoaren ertzen bila eta, behin topatuta, automatikoki kalkulatuko du leiho osoa garbitzeko egin beharreko ibilbidea. 4-5 minututan garbituko dizu kristala eta, bukatutakoan, txio-txioka hasiko da, jaso dezazun. Modu automatiko horrek, baina, tamaina batetik aurrera baino ez du funtzionatzen. Zure leihoak 45×60 cm baino txikiagoak badira, WinBot ez da zuretzat. Kasu horretan, errobotak ez du maniobratzeko leku nahikorik, eta horrek ez dio uzten garbiketa automatikoa egiteko kalkuluak egiten. Saia zaitezke garbiketa urrutiko agintearen bidez egiten baina, sinestuidazu, lehenago bukatuko duzu betiko trapua erabiliz. 🙂

Alde onak ere baditu, e? 🙂

Arazoak arazo, onartu behar zaio trasteari bere xarma baduela: leihoak oso azkar garbitzen ditu (4-5 minutu alde bakoitzeko), eta oso garbikari gutxi erabiltzen du gainera (nahiko da zapitxoa apur bat bustitzea). Winbotak bi zapi erabiltzen ditu: aurreko aldean zabalagoa, garbikariaz busti behar dena, eta atzeko aldean estutxoagoa den beste bat, berez sikatzeko balio duena. OSO zikin geratzen dira garbiketa egin ostean, baina amaitutakoan garbigailura sar daitezke lasai asko (edo eskuz garbitu), eta lehortu ondoren prest daude berriz erabiltzeko. Nire harridurarako, aitortu behar dut OSO ONDO garbitzen duela. Etxeko leiho guztiei eman diet errepasoa eta, nahiz eta egongelako kristal handiarekin lau zapiak erabat kakaztu, gainontzekoak ere oso duin utzi ditu. Leiho oso handietarako, baina, jainkoen bedeinkapena da, benetan: bideoan ikusten den leiho handia, etxeko salakoa, ezin izan dut ganoraz garbitu azken lau urteotan. Betiko trikimailuak erabilita ere: erratzaren makila eta abarrak, ez dago modurik txukun uzteko. Winbotarekin berriz, likido apur bat bota, PLAY botoiari eman, eta hortxe, kristala garbi-garbi!

Ondorio gisa…

Ranking bat egin behar izanez gero, esango nuke Roomba edo WinBotaren anaia den DeeBot estiloko errobot batek (erratz automatikoak, alegia) honek baino zerbitzu handiagoa eman dezakeela edozein etxetan. Orain: etxean leiho handi samarrak baldin badituzu, edo garbitzeko arriskutsuak direnak, WinBot hau oso-oso ondo etorriko zaizu. (Ai, oraintxe etorri zait burura txikitan leihoak garbitzen ari zela hirugarren pisutik behera jausi zen auzokide koitadua!).

Non eros dezaket?

WinBotaren banatzailea Ayerbe Industrial de Motores enpresa gasteiztarra da. Haiek eman didate probatzeko unitate hau eta, esan didatenez, burdindegietan banatzen dituzte produktuak, eta Best of Robots online dendaren hornitzaileak ere badira. Denda horretan 329 eurotan dute salgai W710 modeloa. Modelo horrek leiho markodunetarako soilik balio du. Markorik gabeko leihoak garbitzeko bada W730 deritzon modeloa, ertzak detektatzeko ahalmena duena. Ezin bukatu eskerrak eman gabe hala Ecovacs nola Ayerbe berari errobota bera bidaltzeko detailea izateagatik!

Ecovacs WinBot W710 / W730 Leihoak garbitzeko errobotak.

Aldekoak

Kontrakoak

Etengabeko funtzionamendua kableari esker. Kablearekiko menpekotasunak nahaspila handia.
Erraz eta azkar garbitzen du. Zaratatsua.
Erraz eta azkar garbitzen da. Mantenimendu erraza. Leiho txikietarako ez.
Eskuz iritsi ezin diren lekuetara iristen da.  Segurtasuneko bentosak segurtasun gutxi.
Prezioa: 329€
Teknopataren nota: 8/10
  • Eraginkortasuna
  • Erabilerraztasuna
  • Erosotasuna
  • Prezioa
3.8
Sending
User Review
0 (0 votes)

No Responses

  1. Pingback: Bitacoras.com 2014(e)ko otsailak 17

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.