Phonebloks, telefonoa nahi erara

PCen munduan, nahi izanez gero behintzat, erraz-erraza da nork bere gustuko ordenagailua sortzea: hartu zure gustuko oinarrizko plaka, eta joan haren gainean nahi dituzun osagaiak jartzen: prozesagailua, memoria, txartel grafikoa, sare eta konektibitate txartelak, biltegiratze gailuak, monitorea… neurri-neurrira eraiki daiteke ordenagailua, benetan pertsonala eginez. Horrek, gainera, beste abantaila handi bat du: osagaietako bat hondatu eta zaharkituta geratuz gero, aldatu eta listo, ez dago zertan ordenagailu guztia bota beharrik.

Haurrak Ghanako Agbogbloshie-ko teknozabortegian

Haurrak Ghanako Agbogbloshie-ko teknozabortegian. cc-by-sa Daniela@ipernity. (Click irudi gehiago ikusteko)

Baina gaur egun, informatika kontsumorik handiena ez dator ordenagailuen aldetik, sakelako gailuetatik baizik. Telefonoak dira elektronikako kontsumoaren izarra, neurri handi batean duela gutxira arte aparteko produktuek eskaintzen zituzten funtzioak bereganatu dituztelako: argazki eta bideo kamera, irratia, mp3 entzungailua, bideo erreproduktorea… Ordenagailuetan baino, telefonoetan gertatzen dira orain berrikuntza teknologiko nabarmenak… edo, beste era batera esanda: telefonoetan eragiten du gehien zaharkitze programatua deritzonak. Telefono egileek nahita eragiten dute gailu berriak urtebetera-edo zaharkituta geratzea, horrela erabiltzaileok produktu berriak erostera behartzeko. Horrek, besteak beste, zabor teknologikoa sortzen du, kopuru benetan industrialetan. Zabor teknologiko hori gero eta arazo larriagoa da, eta ingurugiro arazo larriak eragiten ditu multinazionalek eta kontsumitzaileok teknozabortegi bihurtu dugun Ghana bezalako herrialdeetan.

Phonebloks, telefonoa nahi erara 1 - teknopata.eusHori dena kontuan hartuta, Herbeheretako Dave Hakkens diseinatzaileak proposamen interesgarri bat egin du (Applek bere iPhone 5 “berriak” aurkeztu dituen aste berean). Phonebloks deitu dio kontzeptuari eta, oinarrian, PCen munduko modularitatea telefonoen mundura eramatean datza.

Hala, telefonoak produktu itxiak izan beharrean, oinarrizko plaka baten gainean Lego piezen antzekoak gehituz eraiki ahal izango lirateke, nork bere gustu eta beharren arabera. Horrela, osagarrietako bat zaharkitu edo apurtuz gero, haren lekuan berri bat jarri eta listo, ez genuke telefono osoa zaborretara bota beharko. Bideo laburra prestatu du Hakkensek (ingeles ezin sinpleagoan) kontzeptua zertan den azaltzeko:

Hakkensek sortutako eredu horretan gainera, telefonoen osagaiak enpresa ezberdinetatik erosi ahal izango genituzke, behin plataformaren estandarrak ondo zehaztuta. Ideia oso polita da, baina horixe: ideia baino ez. Hakkensek pausu bat gehiago eman nahi du, eta era guztietako enpresa, inbertsore, diseinatzaile, ingeniari eta ikertzaileak konbentzitu kontzeptua teknikoki posible egiteko.

Phonebloks, telefonoa nahi erara 3 - teknopata.eus

Horretarako, kanpaina bat abiatu du Thunderclap plataforman. Ez, ez da diru-bilketa kanpaina horietako bat, “crowdspeaking” kanpaina baizik. Diseinatzaileak dioenez, proiektuak aurrera egiteko diruak ezin du lagundu, garrantzitsuena era bateko eta besteko eragileak konbentzitzea baita. Horregatik, Hakkensek nahi du ahalik eta jende gehienak erakus dezala ideiarekiko interesa, garatzeko konbentzitu beharreko adituak errazago konbentzitu ahal izateko. 400.000 sinadura sortu nahi zituen hilabetean, eta kopuru hori gainditu egin du astebete eskasean. Baina hala ere, zenbat eta gehiagok sinatu, hobeto, noski!

Zer iruditzen? Gustatzen zaizu ideia, ala utopikoegia da?

 

No Responses

  1. Pingback: Bitacoras.com 2013(e)ko irailak 14

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.