US Navy 030620-N-7391W-007 Cashier Sue Amine assists a customer at the Pearl Harbor Commissary, run by Defense Commissary Agency's (DeCA), in the new Pearl Harbor mall complex, which opened earlier this year
Zure posta kodea mesedez? Bai noski!
Gero eta gehiagotan entzuten da galderatxoa saltoki eta merkataritza gune handietan. Erosketa ordaintzen bukatu aurretik, posta kodea eskatzen digute, eta arrazoia galdetuz gero, laster erantzuten digute ‘estatistiketarako’ dela. Erantzun logikoa dirudi, erosleak nondik etortzen zaizkien jakin nahiko dute akaso…

Kontuz ibili, bada, galdera inuzentearekin. PRISM auzi famatuak denok asaldatu gaituen arren, kutxatik pasatzea bezain jarduera ohikoekin ere egunero-egunero datu piloa lapurtzen digute eta.

Izan ere, posta kodea eskatzearen moda berri hori ez da interes estatistiko hutsaren ondorioa. Erosketa ordaindutakoan gure posta kodea emanez gero, geure bizitokia adierazteaz gain, saltzaileari gure datu guzti-guztiak ateratzeko modua ere eskaintzen diogu.

Estatu Batuetan, esaterako, bada Harte-Hanks izeneko enpresa bat. Datu-zerbitzuak eskaintzen dizkie enpresa handiei, eta bereziki bezeroak ondo identifikatzeko datu gurutzaketa masiboak.

Haien zerbitzuetako batek GeoCapture du izena: bezeroak kreditu txartelarekin ordaintzen duenean, posta-kodea eskatzen zaio. Txartelaren titularra eta posta kodea datu-base erraldoi batekin konparatzen ditu sistemak eta, hartara, bi datu horiekin soilik ti-ta jakin dezake eroslea nor den zehazki, eta bere helbide zehatza ere zein den. Enpresak eskaintzen dituen beste zerbitzuen bidez, gainera, informazio horri etxeko eta sakelako telefono zenbakiak, email helbidea eta abar eta abar gehitu ahal zaizkio. Harte-Hanksek maneiatzen duen datu-basea hain da handia ezen %100eko fidagarritasuna eskaintzen baitie bere bezeroei.

Hortxe GeoCapture zerbitzuaren deskribapena, Harte-Hanksen katalogoan agertzen den bezalaxe.
Hortxe GeoCapture zerbitzuaren deskribapena, Harte-Hanksen katalogoan agertzen den bezalaxe.

 

Bide batez, emozio gogorrak gustuko badituzu beharbada gustatuko zaizu Harte-Hanksen katalago osoari gainbegiratu bat ematea (ingelesez dago, hori bai). Enpresaren balio erantsi nagusia horixe da: erosleon datu-bilketa erraldoiak egin han eta hemen, datuak gurutzatu eta dirutza kobratu saltoki handiei datu gurutzatu horien truke, marketin kanpainetan eta horrelakoetan erabiltzeko. Hori agerian egiten dutena, noski, ikusi beharko litzateke zer beste erabilera ezkutu ematen dizkieten datu multzo izugarri horiei.

Dirudienez, sistema hauek arazo legalak izan dituzte AEBetako estatu batzuetan, pribatutasuna urratzen dutelako. Pentsatzekoa da Europako estatu gehienetan ere antzeko arazoak izan beharko lituzketela baina… nori ez diote posta kodea eskatu azken bi-hiru urteotan?

Enfin, denok gaudela PRISM horri begira, baina inguruan ere baditugu beste makina bat arrazoi gure datuen inguruan kezkatzeko. Ala benetan uste duzue Travel Cluben opariak ‘dohainik’ direla?

Info gehiago ingelesez eta gazteleraz

5 erantzun

  1. Pingback: Bitacoras.com 2013(e)ko uztailak 15
  2. Uxo 2013(e)ko uztailak 15
  3. Joseba 2013(e)ko uztailak 15
  4. 01001 2013(e)ko uztailak 15
  5. Joxe 2013(e)ko uztailak 16
  6. Josetxo Mikeo 2013(e)ko abuztuak 3

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.