Offline dendetan ere jarraitu nahi digute

Captura de pantalla 2013-07-16 a la(s) 22.42.44

Hona etortzen zaretenean ere, Googlek xehe-xehe aztertzen du nondik zatozten, zenbat denbora pasatzen duzuen hemen, nora joaten zareten gero, eta abar, eta abar…

Konturatzen ez bagara ere, online erosten dugunean jarraipen estua egiten digute saltzaileek: nola iritsi garen euren dendara, zer artikulu kontsultatu dugun, non egin dugun klik, zer orritan egon garen denbora gehien eta zeinetan gutxien, zenbat kostatu zaigun erosteko erabakia hartzea, konpetentziako dendetan konparatu dugun ala ez, lehenengo bisita den ala beste batzuetan ere etorri garen… Finean, edozein webgune bisitatzean uzten dugun arrasto berbera, baina erosketa prozesuarekin lotuagoa, eta xeheago aztertua. Esan bezala, sarritan konturatu ere ez gara egiten, baina tira, nolabait barneratuta daukagu online erosteak dituen abantailen truke ordaindu behar dugun bidesaria dela.

Eta betiko dendetan?

Tira, ba kontua da offline dendek inbidia handiz begiratzen diotela denda birtualek erosleen inguruan jaso dezaketen informazio kopuru erraldoiari, eta datu preziatu horiek eskuratzeko teknika berrien bila dabiltza.

Online gabiltzanean oso erraza da gure jarraipena egitea, etengabeko arrastoa uzten dugulako batetik bestera nabigatzean. Baina erosle presentzialak zenbatzea beste kontu bat da. Nola identifikatu eta jarraitu denda batean sartzen den lagun bakoitza? Minority Report ikusita baduzue, irtenbide drastiko eta efektiboa proposatzen da bertan:. Jende guztiari erretina eskaneatzea, eta erretina eskanerrak kokatzea non-nahi, hiritar bakoitza uneoro identifikatua egoteko: dendetan, garraio publikoan, erakundeetako egoitzetan… Akabo identifikazio txartelen beharra! Metroan sartzean, kamera batek zure erretina irakurri eta zure izen abizenekin agurtuko zaitu! Bide batez, nondik nora zoazen ere gordeko du. Denda batera sartzean, iragarki automatiko batek gomendioak egingo dizkizu zure azken erosketetan oinarrituta: halako prakak ofertan daude… aurrekoan erosi zenuen kamisa berde horrekin oso ondo doazen zapata berri batzuk iritsi zaizkigu…

Offline dendetan ere jarraitu nahi digute 2 - teknopata.eus

Paperean oso sistema eraginkorra izan liteke,baina baita garestia ere. Gauza sinple eta egingarriagoen bila hasita, sakelakoak erabiltzen hasi dira AEBetan denda handietako bezeroak identifikatzeko. Ia guztiok daramagu segapoto (gutxienez) bat poltsikoan, eta gailu bakoitzak bere identifikadore propioa du. Hori jakinda, trikimailu estrategia ezberdinak baliatzen ari dira dena handiak bezeroak sakelakoaren bidez identifikatzeko:

  • Aplikazio propioak eskaini, eta aplikazio horietan datuak sartzeko eskatu, deskontu kupoien eta halakoen truke. Modurik kaskarrena da beharbada,baina jende asko prest dago bere informazioa emateko deskontu txikien truke. Aplikazio horiek zerbitzari batera konektatzen dira bezeroa dendara sartzen denean, eta eskaintza pertsonalizatuak, azken orduko pagotxak eta bestelakoak eskaintzen dizkiete jabeei.
  • Wi-Fi edota Bluetooth bidez telefonoaren MAC helbidea (identifikadore bakarra) eskuratu, gorde eta horrela identifikatu eroslea. Metodo hori aurrekoan komentatzen genituen beste batzuekin uztartu daiteke, telefonoaren jabea zehazki nor den jakiteko (doako internet konexioa erabiltzeko email helbide bat eskatuta, esaterako).

minority-report-ocular-scan-adBi bide horietatik, zehazki erregistratu daiteke noiz sartu eta noiz irten den eroslea dendatik, baina baita zer ibilbide egin duen dendaren barruan, non egon den geldi, begira, eta nondik pasatu den azkar samar… lehenengo aldia ote den dendara etorri dena ala beste bisita batzuk eginak dituen aurretik… teknologia horri beste batzuk gehituz gero (kamera bidezko jarraipen automatizatua, esaterako), jakin daiteke gainera zeri begira egon den zehazki, zelako umoreaz sartu eta zelako umoreaz irten den dendatik…

Informazio hori guztia hartuta, ez dirudi oso urrun dagoenik denda batera sartzean, saltzaile birtual batek neurri-neurrira egindako eskaintzak egingo dizkigun eguna. Amazonen gertatzen den gauza bera, baina offline dendatan. Orain, zer inplikazio izango du horrek gure pribatutasun eta intimitate eskubidean? Esistitzen dira halakoak oraindik, ala iraganeko kontuak dira?

Informazio gehiago (ingelesez) The New York Times-en. Mila esker @iturri jaunari pista emateagatik!

3 Comments

  1. Pingback: Bitacoras.com 2013(e)ko uztailak 16
  2. Joseba 2013(e)ko uztailak 19
  3. Joseba E. 2013(e)ko abuztuak 5
  4. joxe 2013(e)ko abuztuak 5

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.