Puntu Eus: poz eta erronka handia

Poz handia

Zalantzarik gabe, sekulako albistea da, albiste ona noski, ICANNek .eus domeinu eskaria onartu izana. Eta ez da kasualitate hutsa izan, noski. PuntuEus Fundazioak izugarrizko lana egin du hori ahal izan dadin. Esker on mugagabea adierazteko moduko lana egin dute fundazioko lagunek, eta ‘mugagabeki’ zorioneko sentitzekoa ere bai, halako saltsatan sartzeko prest dagoen jendea dugulako. Eskariarekin batera aurkeztutako dokumentazioari errepaso azkar bat egitea besterik ez dago argi ikusteko zer tamainako diplomazia lana egin behar izan den puntu honetara iristeko.

Puntu Eus: poz eta erronka handia 1 - teknopata.eus

Eskertuta eta harro egon behar dugu honelako jendea izateaz

Alde horretatik, argi eta garbi esan beharra dago: Zorionak eta mila-mila esker PuntuEuseko kideei egindako lan guztiagatik, lan hori egindako moduagatik eta, noski, lanak eta lan egiteko moduak ekarritako emaitzagatik. Bizi ditugun garai latz hauetan, gutxitan etortzen dira halako albiste onak, eta nabarmendu beharra dago. Aupa zuek!

Erronka handia

Albistea jasotzeko pozarekin batera, hala ere, kezka bat ere handitzen ari zait. Domeinu berria aukera paregabea da euskararentzako gune hegemoniko berri bat irabazteko. Eta ez nolanahikoa: ez gune hegemoniko bat euskararen eremu tradizional eta -barkaidazue gordintasuna- folklorikoarekin lotutakoa, oso bestelakoa baizik. .EUS euskararen domeinua izateak inoiz ez bezalako aukera da euskara eta euskal kultura esparru ‘nostalgikoarekin’ baino, etorkizunerako proiekzioa duen esparru batekin lotzeko. Euskara eta euskaldunoi perspektiba ‘futurista’ bat emateko.

Aukera hori ondo aprobetxatzen jakin behar dugu beraz, eta akordio zabalak lortu .EUSen euskarak izan behar duen zentraltasunaz. Bestela erraz samar galduko dugu eskura dugun inoiz ez bezalako aukera hau.

Erronka latza iruditzen zait hori ere, bizpahiru zantzu ikusi/entzun ditut atzoz geroztik, alarma piztu didatenak. Badakit Fundazioak argi dauzkala horren gaineko irizpideak, baina esango nuke pedagogia lan handia egin beharko dugula guztion artean datozen hilabeteotan gauzak argi izateko. Hedabideetan (EiTBn zehazki), honelako perlak entzun ditut atzoz geroztik:

  • “Los vascos tendremos un signo propio de identidad en la red” (ETB2ko ekainaren 14ko gaueko Teleberria,3:30 mintutuan gutxi gorabehera).
  • “Euskadi ya tiene su propio dominio en internet” (ETB2ko ekainaren 15eko eguerdiko Teleberria).
  • “Euskarak presentzia minimoa izan beharko du .eus webguneetan” (transkripzio aproximatua). Euskadi Irratiko 18:00etako buletina, ekainaren 15ekoa).

Ondo azaldu beharko zaio orain publiko handiari .eus ez dela Euskadiren domeinua, ezta “los vascos”-ena ere, euskaldunena baizik. Eta uste dut temati samar jokatu beharko dela horretan, bestela “euskal kultura” (askorentzat “cultura vasca”) eta “euskararen presentzia minimoaren” leloei helduta, erraz samar topa genezake laster “elcorreo.eus”, “elmundodelpaisvasco.eus” edo -zergatik ez- “deia.eus” eta “naiz.eus”. Gai korapilatsua da, badakit, eta asko hitz egin beharko da horretaz datozen hileotan. Hor ere amore emanez gero, euskarari hegemonia emateko aukera paregabea galdu egingo dugu. Eta ez dakit nik hau bezalako beste aukera asko geratzen ote zaizkigun…

No Responses

  1. Pingback: Bitacoras.com 2013(e)ko ekainak 15
  2. Pingback: Puntu Eus: poz eta erronka handia | zuzeu.com 2013(e)ko ekainak 16
  3. Pingback: Puntu EUS eta euskalduntasun banatua | Turutene 2013(e)ko uztailak 15

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.