MindMeld: trepetatxo guztiak adi-adi entzuten uneoro, ea zer esaten ari zaren

Expect Labs Kaliforniako enpresa txiki bat da, 2011n sortutakoa. Azken bolada honetan dirutza jasotzen ari da teknologiako erraldoien partetik. Bertan inbertitu duten azkenak Intel, Samsung eta Telefónica dira.

mindmeldunderstandsEnpresa sortu berria MindMeld garatzen ari da, “anticipatory computing” (‘aurreikuspen konputazioa’-edo) deritzon teknologia berri baten lehen urratsa. MindMeld proiektuaren helburua teknologiak garatzea da, gure elkarrizketak entzun, denbora errealean aztertu eta haietan oinarrituta informazioa ekoizteko, erabiltzaileok informazio eskaerarik egin beharrik gabe. Badirudi Intelek eta Samsungek interes berezia dutela teknologia horietan.

Teknologikoki erronka galanta da, zalantzarik ez, eta tresna baliagarria izan liteke erabiltzaileontzat, publizitate saltzaileentzat eta abar… Adibidez, lagun batekin telefonoz ari bagara, taberna batean geratzeaz, deia bukatutakoan, telefonoak automatikoki erakutsiko liguke taberna horretara iristeko mapa. Hori pagotxa izan liteke operadoreentzat (horra Telefónicaren ineresaren arrazoia), edo Google bezalako publizitate saltzaileentzat. Edo gure hozkailuak esnea behar dugula apunta lezake automatikoki gure erosketa zerrendan, esne gutxi dagoela edo amaitu egin zaigula esaten entzuten badigu…

Baina seguru nago askok eta askok honezkero ikusi diozuela alde ilun nabarmena: teknologia hori hedatzen bada, erabiltzaileok etengabeko zaintzapean egongo ginateke. (Bueno, orain baino gehiago, esan nahi dut). Expects Labseko sortzaileetakoa den Tum Tuttle-k azaldu duenez, honela laburbil liteke, esaterako, Samsungek proiektuan duen interesa:

“Samsungek irudikatzen du etorkizun ez oso urrunean, etxe bakoitzeko gela bakoitzean pantaila lau bat izango dela. Aldean tableta edo telefonoa eraman arren, Samsungek pantailak ere izan nahi ditu gure hormetan, hozkailuan… Input gisa gure ahotsa erabil dezaketen teknologiak nahi dituzte, elkarrizketa batean zer esaten ari garen entzun eta galderarik egin beharrik gabe ere erantzunak eman ditzaketenak”.

KAISO SETAN SABIS?

KAISO SETAN SABIS?

Ez da, ez, oso panorama lasaigarria. Eta ez soilik norberaren pribatutasunean dituen berehalako ondorioengatik…

Eta txarrena da, hotzean begiratuta, antzeko teknologiak izan baditugula jadanik gure inguruan: Google Now delakoak, esaterako, horixe egiten du Android telefonoetan: informazioa ematen digu, guk eskatu gabe ere, gure kokapena, emailak eta abarrak gurutzatuz. Baina beste hau are beldurgarriagoa da.

Izan ere, benetan nahi al dugu ordenagailuak etengabe saiatzea zer nahi dugun asmatzen? Benetan behar (edo nahi) dugu ordenagailuak erabakitzea uneoro zer nahi edo behar dugun? Horrek ez gintuzke askoz ere pasiboago bihurtuko denborarekin?

Zorionez, euskaldunak izanda, abantaila/desabantaila handi bat dugu alor honetan: hizkuntz teknologietan eta ahotsaren ezagutza automatikoan berde baino berdeago gaude oraindik euskaldunok, eta urteak ez, hamarkadak pasa daitezke martxa honetan makina batek euskarazko elkarrizketa naturalak ganoraz interpretatu ahal izateko. A ze suertea geurea, e?

Via androidauthority

Erantzunik ez

  1. Pingback: Bitacoras.com 2013(e)ko maiatzak 6

Eta zuk, zer diozu?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.