Firefox OS probatu nahi?

Firefox OS simuladoreaAurreko batean esan nizuenez, urte interesgarria izan daiteke 2013 hau sakelako sistema eragileen munduan, batez ere Ubuntu mugikorrak eta Firefox OS-ek oso ekarpen interesgarriak egin dezaketelako.

Firefox OSek Mozillaren nabigatzaileak jarraitzen dituen printzipio berberei erantzunez pentsatuta dago, eta, zentzu horretan, arrakasta badu laguntza handia eman dezake sistema eta estandar irekiek bere horretan jarrai dezaten sakelakoen munduan ere. Horren inguruan oso gogoeta mamitsua argitaratu berri dute Librezale.org-ren blogean.

Baina arrakastatsua izateko, printzipioak printzipio, sistema ‘gustagarri’ suertatu behar zaio erabiltzaileari. Nik jakinmin handia daukat Firefox OSek eskainiko duen erabiltzaile esperientziaren inguruan. Zuk ere bai? Bueno, ba lasai: orain erraz samar probatu ahal duzu Firefox OSen simulazio bat zure ordenagailuan. (AH, eta bide batez, gogoratu datorren astean izango dela Informatikari Euskaldunen Biltzarra, eta mugikorrak izango direla nai nagusia!!!)

Eta onena da simuladorea ezin errazago instalatu ahal duzula. Bi osagai baino ez dituzu behar:

  • Firefox nabigatzailea bera, seguruenik lehenagotik ere izango duzuna 😉
  • Firefox OS Simulator gehigarria. Bai, bai, ez al da zoragarria? Simuladorea nabigatzailearen gehigarri edo plug-in sinple bat da, klik pare batekin instalatua geratzen dena, konfiguraziorik eta horrelakorik gabe. Behin instalatuta, Firefoxen ‘Garapen tresnak’ menutik aktibatzen da eta, voilá, hortxe agertuko zaizu pantailatxoa, zure nabigadorearen barruan telefono txiki bat sartu izan bazenu bezala.

    Firefox OSera iristeko bidea

    Firefox OSera iristeko bidea

 

Ezarpen menua, argi eta funtzionala

Denetarik egin daiteke simuladorean: nabigatu, konfigurazioa ikusi, aplikazioak instalatu… izan ere, suposatzen da bere helburu nagusia aplikazio egileek beren produktuak probatu ahal izatea dela. Baina tira, begiluzeontzat ere aukera polita da sistema probatzeko telefono berririk erosi beharrik gabe.

Zer iruditu zaidan? Ba egia esan, atsegina izan da. Ez ditu Androidek eskaintzen dituen konfigurazio aukera guztiak eskaintzen, esaterako, baina uste dut erabiltzaile profil batzuek asko eskertuko dutela hori. Ematen du ‘harira’ joateko sistema dela, erraz erabiltzen ikastekoa edonorentzako modukoa. Beharbada hasierako bertsioaren gauzak izango dira, eta garatzen denean konplikatzen joango da, baina momentuz esango nuke bere sinpletasunak puntu asko eman ahal dizkiola smartphonearen funtzioak bai baina bizitza konplikatu nahi ez duten erabiltzaileen aurrean, esaterako.

Puntu txarra: espero nuen interfazea euskaraz ere egotea, baina simulazioan behintzat ez dut aurkitu (ikusi Julenen argipena iruzkinetan). Tira, pentsa dezagun simuladorearen mugak direla, eta ez sistema osoarenak, ezta?

Baina tira, honako kasuetan, beti bezala, onena zuk zeuk probatzea eta -nahi baduzu- zure inpresioak zeintzuk diren kontatzea. Adi-adi irakurriko ditut!

Erantzunak (5)

  1. Pingback: Bitacoras.com 2013(e)ko maiatzak 4
  2. Julen Ruiz Aizpuru 2013(e)ko maiatzak 4
  3. Urtzi Odriozola 2013(e)ko maiatzak 4
  4. joxe 2013(e)ko maiatzak 4
  5. makilakixki 2013(e)ko maiatzak 4
  6. joxe 2013(e)ko maiatzak 5

Eta zuk, zer diozu?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.