Apliak

Poltsikoan ere, Ubuntu

Ubuntu GNU/Linux banaketaren atzean dagoen Canonical enpresak 2013rako egitasmoen berri eman du. Ubuntu sakelako telefonoetara eta telebistetara eraman nahi dute, hartara gailu ezberdinen arteko konbergentzia bultzatuz. Itxura ederra du proiektuak.
Poltsikoan ere, Ubuntu 7 - teknopata.eus

Gehienok ezaguna izango duzue Ubuntu, Canonical enpresak bultzatutako Linux banaketa ospetsua. Enpresak aspalditxo egin zuen Linux bertsio sinple eta erabilterraza sortzearen aldeko apustua, eta esango nuke lortu ere lortu egin duela, sistema eragile libreari lehen ez bezalako hedapen eta ‘popularitatea’ emanez.

Ubunturen mahaigaineko bertsioak zabalkunde handia eman dio GNU/Linux-i
Ubunturen mahaigaineko bertsioak zabalkunde handia eman dio GNU/Linux-i

Gaur bertan, software itxiaren munduan hain ohikoak diren aurkezpen horietako bat egin du Canonical etxeko sortzaile Mark Shuttleworth-ek (ez dakit Ubunturen munduko Steve Jobs dela esan ala ez, baten bat #mindutanago ka hasiko ote den beldur). Eta, software itxiaren munduko aurkezpenetan aspalditxo ez bezala, zirraragarria egin zait Shuttleworthek gaur aurkeztu duena: Ubuntu ordenagailu ‘handi’ eta zerbitzarietatik telefono eta telebistetara ere eramateko ekimena.

Ekimenaren atzean ideia nagusi bat dago: ahalmen teknikoaren aldetik, gaur egungo smartphone asko eta asko mahaigaineko ordenagailuen parekoak dira, eta beraz, dauzkaten mugak sistema eragilearen mugak baino ez dira. Ubuntu sakelakoetara eramateko helburu nagusia, beraz, sakelako potente horiei ahalik eta zuku gehien ateratzea da. Bi produktu aurkeztu dituzte horri begira:

  • ubuntuphoneUbuntu sistema eragilea sakelakoentzat. Smartphoneetarako sistema eragile berria, orain arteko Ubuntu garatzeko lanetan ikasitako guztia aprobetxatzen duena: sisteman integratutako web aplikazioak, pantaila oso-osoa aprobetxatzeko diseinua, pertsonalizazio aukera zabalak… eta, segapotoa pantaila handi batera konektatuz gero, ordenagailu baten moduan erabiltzeko aukera ere bai. Pentsatzen dut datozen egunotan jakingo dugula sakelako Ubuntu honen inguruko xehetasun gehiago. Momentuz ingelesezko bideo batean azaldu digute zer eta nolakoa izango den. Izan ere, softwarea prest dagoen arren, orain sistema hori eramango duten telefonoak egiteko prest dauden enpresak falta dira. 2013 bukaera alderako ikus genitzake dendetan Ubuntu daramaten lehen segapotoak.
  • Ubuntu Android sistemarako. Ubuntuk izaera irekia du, Linuxek berak bezalaxe, eta horregatik ez da konpetentziaren beldur. Horren froga argia da Ubuntu for Android delakoa. Hari esker, Android telefonoa pantaila handi batera konektatu eta ordenagailua bailitzan erabili ahal izango dugu, Ubuntuk eskaintzen duen mahaigaina erabiliz. Bideo hau ere ingelesez dago, baina nahiko erraz ulertzen da:

    Androiderako Ubuntu hau 2013an kaleratuko da, eta ni neu behintzat ikusteko irrikitan nago!
  • Ubuntu telebistarako. Gero eta ohikoagoa da telebista aparailuak interneteko konexioa eta ordenagailu txiki bat ere izatea, eta Ubuntuk bere lekutxoa izan nahi du hor ere. Telebista egileentzako irtenbide dotore, ahaltsu eta estandarizatua eskaintzen du Ubuntuk, SmartTVen munduan gaur egun dagoen txolopoteari ihes egiteko.

Oso albiste onak, zalantzarik gabe

Teknopata euskaltzale baten ikuspuntutik oso albiste ona da Ubunturen egitasmo berri hau, bi arrazoirengatik:

  • Ikuspuntu teknozaletik, oraingoa baino askoz ere aukera libreagoa dakarrelako ‘listofonoen’ mundura. iOS eta Windows Phoneaukera itxiak dira definizioz… eta Androiden irekitasuna hutsaren hurrengo bihurtzen dute praktikan haren inguruan dauden mamoneo guztiek: fabrikanteek eta operadroreek sistemari kendu eta gehitzen dizkioten elementuek, interes komertzialen izenean merkaturatu berritan linboan uzten dituzten terminalak…
  • Ikuspuntu euskaltzaletik, Ubunturen inguruan bildu den komunitate zabalak sakelakoan (eta telebistan) ere euskararako euskarri duina bermatu ahal digu, aukera komertzialek zein Androidek berak euskara bazterrean utzi duten bitartean.

Dena den, eta Otsoa jaunak esaten zuen bezala:

Poltsikoan ere, Ubuntu 13 - teknopata.eusEsan nahi dut, nik neuk behintzat zalantza handiak ditut Ubunturen egitasmo berriaren bideragarritasunaz:

  • Batetik, zaila izango delako dagoeneko merkatua banatuta daukaten lehiakide handien artean lekua bilatzea. Eraso ‘bortitzak’ izan dira jadanik bereziki Apple eta Googleren sistemen artean. Microsoft ere hortxe dago, eta ez dut uste hiru oilar horiek erraz onartuko dutenik laugarren bat ere oilategian sartzea. Nahiago nuke hala ez izatea, baina ez ninduke harrituko bihar bertan abokatu, salaketa eta patente dantza hastea.
  • Gainera, ez dira oilategian sartzeko gogoekin dabiltzan bakarrak… hor ditugu, besteak beste, izaera ireki berbera duen Firefox OS edo Finlandiatik, Symbian eta Meegoren pusketak batuta eta Jolla Sailfish ikusgarriaren proposamena.
  • Testuinguru horretan, sistema berria daramaten gailuak fabrikatu eta saltzeko prest dagoen egileren bat topatzea ere ez da lan makala izango.

Tira denborak esango digu. Momentuz, esandakoa: albiste ona eta zirraragarria, nire ustez behintzat.

 

7 iruzkin

  • Bitacoras.com
    2013(e)ko urtarrilak 2 at 22:42

    Información Bitacoras.com…

    Valora en Bitacoras.com: Gehienok ezaguna izango duzue Ubuntu, Canonical enpresak bultzatutako Linux banaketa ospetsua. Enpresak aspalditxo egin zuen Linux bertsio sinple eta erabilterraza sortzearen aldeko apustua, eta esango nuke lortu ere lortu eg…..

    Reply
  • Dabid Martinez
    2013(e)ko urtarrilak 3 at 09:24

    Kaixo Joxe, lehenik eta behin, urte barri on!

    Ubuntuzale batek idazten du iruzkin hau, Ubuntuzalea ez Ubuntu talibana;

    Berri oso ona eta interesgarria dela uste dut, alde batetik software askearen inguruko mugikorren lehia zabaltzea ondo dagoela deritzot eta bestetik Android ahalguztidunari ez zaio txarto etorriko konpetentzia apur bat izatea (agian horrela hobeto lan egingo dute, modu askeago baten). Egiten duzun hausnarketarekin bat nator (publikoki beti ukatuko dut, baina baita Jobs-en ikuspuntu horrekin ere).

    Nire ustez Ubuntuk badu beste zeregin oso garrantzitsua 2013an, agian beste edozein baino garrantzitsuagoa; Unity garatzearren galdu dituen erabiltzaileak berreskuratzea (hau idazten duenak XFCEra alde egin zuen aspaldi, xubuntura, eta oso pozik bizi da). Hori izan beharko luke Ubuntu garatzaile taldearen zegin handienetariko bat, nire uste apalean.

    Telebisten inguruan… aspaldiko ideia da, eta prototipoak badaudela jakin badakit, hori ere oso berri ona dela uste dut, Ubuntu erabiltzen dugunontzat berri ona, beste aukera libre asko ere izanda (eta gero bakoitzak behar izanen arabera erabakiko du) seguru nago ordenagailu, telebista eta, orain, mugikorraren arteko integrazioa hobea izango dela, eta hori ona da. Batez ere gaitasun teknikorik ez dutenentzat, pug and play.

    Dena den kontu bat: Ez dut uste oso gatz izango dutenik telefono hornitzaile bat aurkitzea, seguru nago jada baten bat daukatela. Azken finean enpresa munduan Canonical erreferente mundial bilakatu da (hau de bokilla esaten dut, baina nire ustez Suse edo Redhat baino gehiago ezagutzen eta erabiltzen da), GNU/Linux komunitateak gustuko izan edo ez izan.

    Reply
  • Txopi
    2013(e)ko urtarrilak 3 at 10:56

    Firefox OS rulz!

    Reply
  • joxe
    2013(e)ko urtarrilak 3 at 22:44

    Mila esker bioi ekarpenengatik! (esplizitoegia ere izan zintezke, txopi :P)

    Badakit Ubuntuk zaletu eta aurkari sutsuak dituela GNU/LInuxzaleen artean, baina -eta neuk ere de boquilla esaten dut hau- arrakasta lortu du Dabidek aipatzen dituen beste horiek bidean geratu diren alor berean, Linuxen ‘domestikazioan’ nolabait esateko.

    Lehengo egunekoa bezalako mugimenduekin, Canonicalek norabide estrategiko bat markatu dio Linuxen garapenari, eta gainera norabide egokia dela esango nuke.

    Hala ere, zalantzak ditut oraindik hardwaregileen kontuarekin. Kontua ez baita horrenbeste ubuntufonoak egiteko prest dagoen enpresa bat topatzea, saltzen diren terminal kopuruak sistemaren garapenari eusteko besteko masa kritikoa azkar lortzea baino. Ez da ezinezkoa, baina bai zaila merkatua dagoen moduan, eta salmenta politika ‘agresiboak’ beharko ditu. Nik neuk -esaterako- bihotzez eskertuko nuke terminal erabat libreak izatea, ha da, ezelako operadorearekin ez ezkontzea, eta -noski- prezio lehiakorra eskaintzea. Nexus 4ren bidea izan liteke, edo beste zeozer, ez dakit.

    Dena den, ematen du urte interesgarria datorrela listofonoei dagokienez. Sarreran aipatzen nuen bezala, FirefoxOS eta Jolla Sailfish ere hor daude… eta gaur bertan irakurri dut Open WebOSen lehen porte bat egin dutela Galaxy Nexusentzat. WebOS lehen eskutik ikusteko gogoekin geratu naiz, baina oso itxura ona du hari buruz ikusi eta irakurri ahal izan dudan guztiak.

    Reply
  • joxe
    2013(e)ko urtarrilak 3 at 22:59

    Ui, eta oraintxe ikusi dut Samsungek ere sistema eragile propioa merkaturatuko duela datorren urtean: TIZEN izenekoa. Joer, panorama interesgarria! :-)

    Reply
  • Gabon on
    Espero dezagun Ubuntu (nahiago Kubuntu balitz :D baina beno) esaten dutena izatea. Gaur egungo segapotoekin ez luke arazorik egon behar SE berri hori mugitzeko, baina… Eta grafikekin izan ditu beti arazoak.
    Bestetik, Joxe, Samsungek ez du lehenengo aldia SE propioa ateratzen duena. Aurrekoaren (oraingokoa)
    izena Bada da, baina… eta oso kk da. Aitak izan du mugikor bat horrekin eta bufff

    Reply
  • Markel Arizaga
    2013(e)ko urtarrilak 4 at 08:19

    Iepa!
    Uste dut gurera datorren borrokan aktore bat ahastu duzuela: RIM eta bere Blackberry 10. Laster amaituta egon beharko luke eta hasiera batean Ubuntu, Firefox OS eta antzerakoak baino indartsuago izango da (bai, hasiera batean).

    Bestalde, ados nago smartphonetan bost edo sei sistema eragilerentzat lekurik ez dagoela esaten duzuenean eta “txikiek” oso zaila edukiko dutela pastelaren zatitxo bat lortzea.

    Aspaldidanik Ubuntu erabiltzailea izanda, “poza bezala identifikatu daitekeen” sentimendu bat eduki nuen Ubuntu mugikorrera iritsiko zela jakin nuenean, batez ere software askearen defentsa bultzatzeko. Inon irakurri ez dudana Ubuntu berri hau zenbateraino askea izango den. Honen inguruan antzeman ahal izan dudan guztia Shuttleworthen “trully open operating system” hitzak izan dira, baina honek gauza asko suposa ditzazke.

    Optimista ipinita, uste dut bostarren sistema batentzat lekua gelditzen bada, leku hau Ubuntuk hartuko duela. Canonicalek badu indar nahikoa produktua bultzatzeko eta Firefox OS adibidez ez dut ikusten oso berritzailea denik. Gainontzeko proposamenak ez ditut nahikoa ezagutzen, beraz ez dut askorik esateko.

    Laster arte!

    Reply
  • Markel Arizaga
    2013(e)ko urtarrilak 4 at 08:45

    Eta beste gauza bat. Androidentzako konpetentzia aparta izango dela esaten du Dabidek. Guztiz ados, baina konpetentzia honek Android gehiago irekitzera eramatearen inguruan nire zalantzak dauzkat.

    Uste dut Googlek Androidekin zerbait egiteko kasuan hau gehiago ixtea izango litzatekeela (eta ez dut uste hau egingo dutenik), baina inoiz gehiagi irekitzea.

    Motorola erosi zuenetik Android sistema eragilean oinarritu diren fabrikatzaileek B plan bat behar dutela dioen komentarioa askotan entzun dugu jadanik. Nik uste dut Googlek bere produktua iOS bat bihurtzen badu gaur egun duen lidergo posizioa galduko duela, baina hortik Android guztiz ireki bat (CyanogenMod eta antzekoak kontutan hartu gabe, noski) ikustera bide luze bat dagoela uste dut.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.