Hanhemenka irakur daitekeenaren arabera, badirudi telepresentzia dela datorren joera -edo moda- teknologia kontuei dagokienez. Telepresentziaren atzean dagoen ideia sinple-sinplea da, eta ez, ez du zerikusirik Star Trek-eko telegarraioarekin. Labur azaltzeko: ezin baduzu bilera edo bestelako hitzordu batera joan, bidali errobot bat zure ordez, eta haren bidez komunikatu.

Telepresentzia, hurrengo joera? 1
‘The Surrogates’ filmean (2009), gizakiek kopia errobotikoak erabiltzen dituzte etxetik atera behar ez izateko. Telepresentziarekin esajeraziotan ibiltzearen ajeak!

Batzuek diotenez, 2013 telepresentzia sistemen urtea izan daiteke. Abiapuntu teknologikoa ere ez da konplexua: hartu gaur egun nahiko hedatuta dauden telekonferentzia sistema bat, eta ezarri haren bideo eta audio sistemak urrunetik kontrola daitekeen plataforma mugikor baten gainean. Horixe besterik ez dira telepresentzia gailuak. Hona hiru adibide, dagoeneko salgai edo datozen asteotan merkaturatzekotan daudenak.

Anybotak: telekonferentzia sistema mugikorrak

Aurkit ditudan adibideetan, planteamendu klasikoena Anybot izenekoena da: hartu telekonferentzia kamera, mikroa eta bozgorailuak, erantsi pantaila txiki bat, eta jarri hori guztia plataforma motorizatu baten gainean. Gailuaren kontrola internet nabigatzailetik bertatik egiten da, plugin bat instalatuta.

Txuloa, ezta? Arazo bakarra: prezioa. Anybot bakoitza 9.700 dolarretan saltzen da. Bistan da ez dela kontsumo masiborako pentsatu. Baina lasai, badira beste aukera batzuk…

 

Zure tableta, gurpil gainean

iPadaren etorrerarekin, asko eta asko zabaldu da tableten merkatua. Tablet gehienek badituzte bozgorailuak, kamera, eta mikrofonoa, eta beraz, gurpil batzuk gehituta telepresentziarako errobot perfektua egin dezakete. Ideia horretatik abiatuta sortu dute ‘Double’ delakoa, iPadarekin erabiltzeko sistema motorizatua:

Hau ere ez da merke-merkea, 2.000 dolarreko prezio du, baina tira, inbertsio onargarriagoa izan daiteke enpresa ertainentzat. Android tableten erabiltzaileentzat, Mantrabot enpresak ere antzeko soluzioa eskaintzen du  (prezioaren berririk ematen ez badu ere!).

Botiful, telepresentzia merke-merke

Tableten merkatua baino askoz ere zabalagoa da smartphonena, eta horiei begira ere badaude proiektu interesgarriak. Hala, SIlicon Valleyko Claire Delaunay ingeniariak Botiful izeneko errobota sortu du. Aurrekoen antzeko plataforma motordun txikia, smartphoneekin erabiltzeko, eta Skype apliakzioarekin batera erabiltzeko prest dator.

Garapena crowdfunding bidez finantzatu du Delaunayk, eta laster pasako da produkzio fasera. Botiful bakoitzak 200 dolar inguruko prezioa izango du.

Antzeko izpirituarekin Helios proiektua finantzatzen saiatzen ari dira Kickstarter bidez. Asmoa da 99 dolarreko errobota sortzea, iPhone, Android eta Windows telefonoekin bateragarria, eta web bidez kontrolatzen dena. Momentuz proiektua garatzeko behar duten diruaren bosten bat baino ez dute lortu… baina tira, denborak esango du!

Lehen begiratuan soluzio garestiak ematen dute denek, baina esango nuke ondo aztertu beharreko inbertsioak direla. Kilometrotan eta bidaia orduetan asko aurrezteko balio dezakete, eta funtzionalak badira, aukera bat eman beharko zaie, ezta?

No Responses

  1. Pingback: Bitacoras.com 2012(e)ko urriak 29

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.