Android 'euskalduna'
Ez dut aurkitu muñekitoari jartzeko polarrik! XD

Sarean batetik bestera gabiltzanean ere, garrantzitsua da euskaldunak garela eta euskarazko edukiak nahi(ago) ditugula adieraztea. Hori erraz samar egin daiteke mahaigaineko sistemetan, nabigatzaile gehienek eskaintzen dituzten konfigurazio aukerak aprobetxatuz. Gure ohiko nabigatzailearen ezarpenetan aldaketatxo txiki bat eginda, euskaldun gisa identifikatuko gara bisitatzen ditugun webgune guztietan, euskara bera eta euskaldunok agerikoago bihurtuz.

Eta segapotoan?

Baina mahaigaineko gailuaz gain, gero eta gehiago nabigatzen dugu segapototik, eta hor nik behintzat ez dut oso argi zer egin nabigazio hizkuntza euskara izan dadin. Android sisteman, badirudi telefono egile batzuek behintzat euskara sartu dutela telefonoaren aukerako hizkuntzen artean. (Samsung Galaxy SII eta SIIIan ikusi dut gaur bertan, eta dirudienez, Sonyk ere euskaldundua du Android sistema bere telefonoetan). Horietan, teorian nahikoa da euskara aukeratzea telefonoaren hizkuntza gisa, euskaraz nabigatzen hasteko.

Eta nire Androideak euskaraz ez badaki?

Orduan, mahaigainetan bezala, Firefox erabiltzea da aukerarik onena. Kode irekiko nabigatzailearen sakelako bertsioak ez du euskarazko bertsiorik… baina nahiz eta menuak erdaraz agertu, aldaketa txiki eta erraz bat eginda berehala hasiko da bere burua euskalduntzat identifikatzen. Jakin nahi duzu nola? Ondoren duzue, patxada apur batekin, asteburu honetan Twitter bidez Librezaleko @julen lagunak emandako azalpena, pausuz pausu:

1.- Instalatu Firefox zure Androidean

Botoi berdeetan klik eginda edo QR kodea zure segapototik irakurrita egin dezakezu:

[app]org.mozilla.firefox[/app]

2.- Ireki Firefox

3.- Nabigazio barran, honako hau idatzi: about:config

Honelako pantaila bat ikusiko duzu:

Firefox Mobile. About: Config

4.- Bilatu accept_languages izeneko ezarpena

Buscar preferencias dioen koadro horretan, idatzi accept_languages, nabigatzaileak lehenesten dituen hizkuntzen kodeen zerrenda ikusteko. Ondo idatzi baduzu, honelako zeozer ikusiko duzu:

Firefox Mobile: Accept Languages
Nire kasuan, Espainiako gaztelera (es-es), gaztelera (es), Estatu Batuetako ingelesa (en-us) eta ingelesa lehenesten zituen Firefoxek zerbitzariei edukiak ‘eskatzeko’ orduan.

5.- Gehitu euskara hizkuntzen zerrendara

Hurrengo pausua ere erraza da: intl-accept_languages horren azpian agertzen den Modificar botoiari eman eta euskararen kodea (eu) zerrendaren hasieran gehitzea da kontua. Beste hizkuntzak ezabatu, ordenaz aldatu edo kendu ere egin ditzakezu nahi izanez gero (azken hori ez dizuet gomendatzen), baina gogoratu kodeek komaz bereizita joan behar dutela. Gure hizkuntz zerrenda, beraz, honela utziko genuke:

Firefox Mobile: hizkuntzen zerrenda
Hizkuntzen ordena aldatzea ere badugu, gure lehentasunen arabera. Beste batzuk ere sar daitezke. Frantsesa, esaterako, fr kodearekin adierazten da.

Listo! Dena ondo egin baduzu, aurrerantzean smartphonetik nabigatzen duzunean ere euskalduna zarela adieraziko duzu, eta, edukiak hainbat hizkuntzatan dauden kasuetan, lehentasunez euskarazkoak agertuko zaizkizu pantailan. Baietz erraza? Bada, eman eskerrak @julen i! 🙂

4 erantzun

  1. Pingback: Bitacoras.com 2012(e)ko irailak 9
  2. Julen 2012(e)ko irailak 10
  3. Josu O. 2012(e)ko irailak 10
  4. joxe 2012(e)ko irailak 10
  5. Iñigo Zendegi 2012(e)ko irailak 14
  6. Pingback: Teknopataren txokoa » Zuekin, Firefox 20 2013(e)ko apirilak 2
  7. Pingback: Zuekin, Firefox 20 | Teknopataren txokoa 2020(e)ko martxoak 31

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.