Blogosfera

Agur, nick, eta eskerrik asko!!! (eta 2)

Agur, nick, eta eskerrik asko!!! (eta 2) 7 - teknopata.eus

<-hemendik dator…

Eraberritu ala hil

back stage nickdutnik office
Aste osoa lanean eman ondoren, zapatu goiza ere nick prestatzen: tak-tak-tak-takakakatakatak

2009a amaitzerako hobetzekoen zerrenda luze bat bagenuen, eta Rubenek oso argi zuen: formatuak astindu handi bat behar zuen. Eduki laburragoak behar genituen, eta erritmo biziagoa. Horrela, albiste laburrak eta ‘webkulturak’ sartzea erabaki  genuen, web kulturaren inguruko pieza laburrak, minutu pare batekoak. Hasieratik kaotiko samarra zen lan antolaketa ere apur bat ordenatzea erabaki genuen, eta edukiak lantzeko erritmo eta epe jakinak jartzea, ordura arte bizi ginen anabasa hura apur bat ordenatzeko ahaleginetan…
Emaitza? Tira: saioak berak eskertu zuen formatu aldaketa, nire ustez. Ordura arte hamar-hamabi minutuko pasako elkarrizketak zirenak 6-7 minutura ekarri genituen, eta saio bakoitzeko askoz ere eduki gehiago sartu: asteko albisteak, webkulturak, bitxikeriak. Saioa dinamikoagoa zen, bai, baina edukiak ‘erretzeko’ kapazidadea ere biderkatu egin zuen… eta lan erritmoaz zer esan: albisteak ‘freskoak’ izateko (hau da, aste batetik besterakoak gehienez) azken-azken orduan idatzi behar ziren, gaupasa amaitu ezinetan editatu, saioak ETBn ‘in extremis’ entregatu, emisio ordua baino lehentxeago, hango ‘ingesta’ saileko langileen haserrea (arrazoi guztiarekin) piztuz…

Taldea handitzeko ordua

Gero eta argiago zegoen lan-taldea indartu beharra zegoela erritmoari eutsi ahal izateko. Garazik Madril aldera alde egin zuen, eta edizio lanak egiteko Bittor Gonzalez eta Eraitz Loiti gehitu ziren lan-taldera, eta Sara Gandara eta Arantza Garces bera ere erredakzio lanetan hasi ziren. Horrekin nahikoa ez eta, pixkanaka-pixkanaka, lan-taldea osatzen joan zen: bideogintzan sartuta zebilen Haritz Rodriguez ere kolaborazioak egiten hasi zen.

Agur, nick, eta eskerrik asko!!! (eta 2) 12 - teknopata.eusOrdurako, ETBn arazo ekonomikoak agertzen hasi ziren han eta hemen. Kultura kate gisa sortu zen ETB3ren izaera bera ere aldatzen hasi zen aurrekontuari aurre egin ezinda. ETB3ren hasierako ikurrak ziren saioak bata bestearen atzetik jausten hasi ziren: Martina eta Burp! bata bestearen atzetik joan ziren. Kalifornia ere Luis Mendizabalen erretiroarekin bukatu zen…

Nick ere bide beretik ez joateko aukera bakarra eman ziguten ETBn: saioa ETB2rako ere prestatzea, hartara aurrekontua kate bien artean banatzeko. Programak oraindik zeresana bazuela uste genuen, eta Rubenek zioenez, gazteleraz ere egitea nazioarteko publikora zabaltzeko aukera ere bazen. Proposamena onartu genuen.

Eta lana bikoiztu egin zen: aurkezpenak eta lokuzioak birritan grabatu, azpitituluak hizkuntza bietan jarri… . Saioak gero eta eduki-gose handiagoa zuen gainera, eta denbora behar izan genuen erritmo berrira egokitu arte. Presioa oso handia zen, eta horrek gorabeherak ekarri zituen taldera: Dabid Leon hasi zen edizio lanetan laguntzen, eta Libe Lombraña eta Emma Marin erredakzioan. Lokuzioak egiten zituen Urtzik alde egitea erabaki zuen, eta neu hasi nintzen offeko ahotsak haren ordez egiten, teknika baino gogo askoz ere gehiagorekin. Zorionez, azken denboraldiak Iker Bengotxearen ahotsarekin kontatu ahal izan dugu lokuzioak behar bezala egiteko ;)

Esfortzuak merezi izan zuen: Vicent Partal, Bernardo Hernandez, Jennifer Preston, Jordi Ribas edo Laura Gomez bezalako pertsonaiak ekartzeko aukera izan genuen, eta elkarrizketatuen jatorrizko hizkuntza euskarazko azpitituluekin agertzeak zentzu gehiago hartu zuen. Buber saria ere jaso zuen saioak. Jolasten ere jarraitu genuen, eta jolasean sortu ziren twitter jarioa zuzeneko emisioan txertatzeko ideia,  loturak QR bidez txertatzekoa, pieza bat zeinu hizkuntzan ere ematea

Agur, nick, eta eskerrik asko!!! (eta 2) 14 - teknopata.eusAgonia luze bat

Saioaren azken atalak, ordea, agonia luze bat izan dira: ETBren aurrekontu arazoek eta ildo aldaketek eraginda, azken denboraldiko saioak 2011ko udazkenean ekoitzi behar izan genituen, 2012ko hasieran emateko. Ordurako, ETB3 edukiz hustuta egon da praktikan, eta nabari-nabaria izan da hasieran nick inguratzen zuen programazioaren falta. Gehitu horri taldearen etsipen sentsazioa eta horrenbeste saioren ostean gai berriak topatzeko izan ditugun zailtasunak, denboraldia emititzen hasteko datarekin izandako dantza, askotan futbolarekin bat egin izana, eta saioak emititzeko ordenean izandako despisteak… eta beharbada ulertuko duzue zer zapore gazi-gozorekin geratu garen saioaren atzetik ibili garenok.

Balantze positiboa

Edonola ere, uste dut oso balantze positiboa egin daitekeela hiru urte hauetan egindakoaz. Hainbat puntu nabarmenduko nituzke:

  • Telebistaren ohiko ekosistematik kanpoko talde bati bertan muturra sartzeko aukera eskertu behar diogu ETBri. Gorabeherak gorabehera, uste dut oso puntu freskoa ekarri diola horrek telebistari, eta taldea osatu dugun guztioi piloa ikasteko aukera ere eman digu. Sekula ez nuen pentsatuko telebista saio baten “koproduktore” gisa agertuko nintzenik!!! :)
  • Esperimentuak gaseosarekin ez, baizik eta saioarekin egin ahal izan ditugu: Twitter zuzeneko emisioan sartzen lehenak izan gara Europan, eta ETBk berak ere aprobetxatu izan ditu esperimentu horren emaitzak. Europa mailako berrikuntza hori euskarazko saio batek egin izana saioa bera, ETB eta euskara bera ere jarri izan ditu mapan. Horregatik bakarrik merezi izan du.
  • Sarelari eta proiektu asko ezagutarazteko aukera eman digu. Erdaldunak eta euskaldunak. Hemen pasadaz aipatzen dudan zubigintzaren alorrean emaitza onak eman ditu formulak… Bi komunitateek elkarren berri izateko behintzat balio izan du. Hasieran errezelo asko sortzen zizkidan hizkuntz trataera ‘naturala’-ren formulak hikuntz lubakiaren bi aldeak apur bat hurbiltzeko balio izan duela esango nuke (baina beharbada triunfalistegia izaten ari naiz!).

Enfin, amaitzeko besarkada handi-handi bat bidali nahi diet hemendik saioa aurrera ateratzen lagundu duten guztiei: Arantza, Urtzi, Garazi, Sara, Bittor, Eraitz, Libe, Emma, Dabid eta Ikerri… eta batez ere, ideiak aurrera egin zezan ahaleginak eta bost egin dituzten Cristina eta Rubeni. Sarritan kontrakoa eman zezakeen arren, ohorea izan da zuekin honetan jardutea!

3 iruzkin

  • Bitacoras.com
    2012(e)ko apirilak 10 at 18:58

    Información Bitacoras.com…

    Valora en Bitacoras.com: Agonia luze bat Saioaren azken atalak, ordea, agonia luze bat izan dira: ETBren aurrekontu arazoek eta ildo aldaketek eraginda, azken denboraldiko saioak 2011ko udazkenean ekoitzi behar izan genituen, 2012ko hasieran emateko……

    Reply
  • bertol
    2012(e)ko apirilak 13 at 13:22

    ETBk ateak itxi eta orain La2n La Nube saioarekin hasi eta kriston arrakasta.
    Ikasiko dute bai ETB eta jakingo dute zer galdu duten saioari ateak itxiz.

    Reply
  • Iñaki Murua
    2012(e)ko apirilak 13 at 18:58

    Eta agonia garaian izan bada ere, ohorea saio horretarako elkarrizketatua izana (lehendabiziko bertsioa hastapenetan izan zen eta hobe hura ez emititzea, karkar)
    Portzierto, Rubenek ezagutzen ninduen baina Libek nire bizitza nahiko arakatua zeukan antza ;-)

    Reply
  • joxe
    2012(e)ko apirilak 13 at 20:47

    @Iñaki, etzazuela txarto ulertu e? Fase agonikoan ere oso-oso gustura aritu gara elkarrizketatuen eta haien proiektuen berri jasotzen. Saiatu izan gara langa oso altu uzten… eta horrelako gonbidatuekin ez da oso zaila izan, jeje :)

    @bertol, ikusi beharko zer bide hartzen duen La Nube saioak. Argi dago ildo nagusia beste bat dela (saio patxadatsuagoa da Nick baino), baina ez du itxura txarrik… ETBren inguruan: bueno, erabakia dute garai batean (ETB2ri) audientzia handiak eman zizkion programazio ildoa berreskuratzea… Ikusi beharko horrek zer ondorio dakarren, bai.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.