Vodafone SMS
Horra Vodafonek bidali zidan abisua: urtarrilaren 17an onartu ninduten haien familian

Ate interdimentsionalak zientzia-fikziozko kontua direla pentsatuko duzue askok. Errealitatea  bat eta bakarra dela, eta bi gehi bi beti direla lau. Baina oker zabiltzate: errealitateak asko dira, gurearekin zerikusirik ez duten dimentsioak aurki daitezke hor zehar. Dimentsio horietan, fisikaren legeek ez dute gure mundukoekin zerikusirik, eta matematika bera ere sorpresaz beterik dago.

Eta, han-hemenka ezkutatuta, badira ate interdimentsionalak: gure mundutik beste batera (eta alderantziz) igarotzeko balio duten pasabideak. Nik horietako bat topatu dut: Vodafoneren Espainiako egoitza nagusian dago, eta jarraian erakutsiko dizkizuet froga ezin argiagoak.

Dakizuenez, duela ez asko erabaki nuen etxeko internet konexioa eta telefonoa Vodafonerekin kontratatzea, Euskaltelen prezio politikarekin astebetez flipatu ondoren. Eskaintza ezin gozoagoa egin zidaten Vodafonekoek, eta, tramite guztiak egin ostean, urtarrilaren 17an aktibatu zidaten zerbitzua. Hona eskaintzaren baldintza zehatzak:

17 mega inguruko abiadura

Horixe agindu zidan komertzialak nire etxe inguruko baldintza teknikoak aztertzen ari zen itxurak egiten zuen bitartean: auzo berria denez, zentralita digitala denez, eta etxetik gertu samar dagoenez, iragartzen dituzten 20 megak ez, baina 16-17ren bueltan geratu behar zitzaidan konexio abiadura. Baina ai! Vodafone dimentsioko 17 zenbakia ez da gure mundukoa. Hori argi erakusten du Vodafoneren routerrak berak:

Vodafoneren matematika paraleloak 1
2 + 2 ez dira 4, eta 17 ere ez du zertan 17 izan

Antibirusa, doan

Horrez gain, Vodafoneren komertzialak Protección PC izeneko antibirus zerbitzu bat ere eskaini zidan, dohainik lehen hiru hilabeteetan, probatzeko aukera izan nezan. Hirugarren hilabeterako gustatu ezean, baja eskatu eta listo, besterik ez nuen egin behar. baina berriz ere, “dohainik” hitzak ez du gauza bera esan nahi Vodafoneren dimentsio paraleloan: gurean ZERO euro direnak, Vodafoneren munduan 8,97 dira!!!

29,90 euro hilean lehen 9 hilabeteetan

Konexioaren prezioa guztira, hileko 29,90 eurokoa izan behar zuen lehen 9 hilabeteetan. Baina honezkero ikasi duzue ezta? 29,90 ez da kopuru bera hemen eta Vodafonelandian:

Vodafoneren matematika paraleloak 2
29,90 = 80,15. Zer iruditzen?

Izan ere, Vodafoneren mundu miresgarrian, enpresa batek zerbitzua hilaren 17an aktibatzen dizunean, hilaren 3tik aurrera hasten da kobratzen. Eta dohainik diren zerbitzuak ere kobratu egiten dira, birritan kobratu ere. Ikusi, ikusi:

Vodafoneren matematika paraleloak 3ADSLa urtarrilaren 17an aktibatu baina 3tik kobratzeaz gain, dohainik zen Protección Pc delako horren kuota HIRU BIDEZ kobratu didate (urtarrilaren 3tik 14ra, urtarrilaren 15etik otsailaren 14ra eta, berriz ere, urtarrilaren 17tik otsailaren 14ra), eta alta ere birritan. Arraroak direla matematikak Vodafonelandian?

Total, arrasalde pasa egin dudala bezeroaren arreta zerbitzuko neska batekin, eta 32 euro bueltatu behar dizkidatela. Gainera, zerbitzu teknikoan esan didate nire lineak ez duela abiadura gehiagorako ematen, eta nahi izanez gero, 20 megako konexioaren ordez 6koa eskatu dezakedala aur bat aurrezteko. Laburbilduz: bihar Euskaltelen 177ra deituko dut, ea bezero berri gisa onartzen nauten ¬.¬

A!Hurrengo batean beste istoriotxo bat kontatuko dizuet. Duela aste pare bat uholdeak izan ditut etxean, eta hiru telefono dei egin ditut Lagun Arora, egoeraren berri emateko. LagunTel zerbitzuaren 902 zenbakiak 13 euro pasatxo kobratu dizkit ura orkatiletaraino nuela kontatu eta zer egin behar ote nuen galdetzearren…

Eta gero ez dagoela negoziorik. Ja!

7 erantzun

  1. Pingback: Bitacoras.com 2012(e)ko otsailak 25
  2. haritz 2012(e)ko otsailak 25
  3. makilakixki 2012(e)ko otsailak 25
  4. joxe 2012(e)ko otsailak 25
  5. Bihar 2012(e)ko otsailak 26
  6. Markel 2012(e)ko otsailak 29
  7. maria gonzález gorosarri 2012(e)ko martxoak 11
  8. joxe 2012(e)ko martxoak 11

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

%d bloggers like this: