Dakizuenez, hautsak harrotu samar dabiltza azken egunotan telefonia alorreko eragile handien inguruan. Patenteak direla eta ez direla, era guztietako salaketak, kontrasalaketak, erosketak eta abarrak ikusten ari gara. Zurrunbiloaren erdian, esan bezala, patenteak: ideien jabetza, hain zuzen ere.

Bada, gaur irakurri dudanez, gerra horren erdian zeharka behintzat sartuta dagoen Amazon ezagunak gerra horrekin guztiarekin nolabaiteko zerikusi ilun eta misteriotsua duen patente bitxia aurkeztu du: telefonoetarako airbag moduko bat dela esan liteke. Sistema bat, telefonoa jausten ari dela antzematen duenean, gailua babestuko lukeena ahalik eta kalterik txikienak jasotzeko.

Babes hori airbag moduko bat izan liteke, edota, patentearen testuan irakur daitekeenez, telefonoaren posizioa aire bufaden bidez alda lezakeen gailu bat, edo kolpearen aurretik zabaltzen diren malguki txiki batzuk… Ideia argiago ikus dezazuen, hona irudi batzuk (egin klik handiago ikusteko):

Esan behar da ideia ez dela guztiz berria: Appleren portatilek aspalditik darmate Sudden Motion Sensor delako bat, eramangarriak astindu edo ezusteko mugimenduren bat sumatzean disko gogorreko burua geldiarazi egiten duena, diskoa babestu eta datuak galtzeko aukerak murrizteko. Lenovok ere Amazonek patentatu berri duenaren barruan sar litekeen txantxetako kontzeptua erakutsi zuen aspaldiko bideo honetan:

 

cracked iphone screen - Day 4 (by zooboing@flickr)Zer iruditzen? Nik aitortu behar dut ideia interesgarria iruditzen zaidala, batez ere ikusita zer nolako dramak gertatzen diren batzuetan gure segapoto ‘megalistoak’ behar bezala ez zaintzeagatik (Maite Goñiren iPhone deskalabratuaren irudi bat lortzen saiatu naiz, baina arrakastarik gabe!).

Edonola ere, ideia bera alde batera utzita, gero eta harrigarriagoa egiten ari zait patenteen kontuaren funtzionamendua. Esan nahi dut: Amazonek ideia bat soilik erregistratu du, eta haren inguruko aldaera posibleak (airbaga, gas ufadak, malgukiak…). Orain patentea onartu diotenez, aurrerantzean antzeko sistema bat darabilen edonork ‘Amazonen ideia’ lapurtzen ari da, eta beraz legez kanpo dabil.

Ez dirudi sormena, berrikuntza eta abarrak sustatzeko oso modu praktikoa denik, ezta?

(Mila esker Maite Goñi eta Iñaki Lakarrari laguntzagatik!!! XD)

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.