Asteko erosketa, metroan

Asteko erosketa metroan egiteko aukera. Horixe eskaintzen die HomePlus supermerkatu kateak Seulen bizi diren bezeroei.

 

erosketak metroan

Berez, Erresuma Batuko Tesco kateak eta bere jaioterrian apur bat denetik egiten duen Samsung enpresa korearrak elkarrekin sortutako marka da HomePlus  supermerkatu katea. Nonbait, Hego-Koreako bigarren katea izatea lortu dute, eta erronka jarri diote bere buruari: lehenengoak izatera iristea, denda gehiago zabaldu gabe.

Erosketak supermerkatuetatik kanpo egiteko bideak irekitzea bururatu zitzaien horrela. Korearrak munduko jenderik lanpetuena izateko ohorea dutela kontuan hartuta, ideiak arin hartu zuen forma: zergatik ez eman aukera korear lanpetuei erosketak egiteko metroan batetik bestera doazen bitartean?

Esan eta egin. Supermerkatu kateak panel erraldoiak instalatu ditu hainbat geltokitan, dendetan aurki daitezkeen espositoreen argazkiekin. Argazkiotan salgai dauden produktuak ikus daitezke, bakoitzak bere prezioa eta QR Codea duela. Erosketa egin nahi duenak, sakelakoan dabilen aplikazio batekin nahi dituen produktuen QR Codeen argazkiak egin behar ditu. Aplikazioak erosketa zerrenda osatzen du kode horietan oinarrituta, eta supermerkatura bidaltzen du automatikoki. Gure korear nekatua gauean etxera iristen denerako, hantxe izango du eskatutakoa, bere zain.

Ideia era esperimentalean probatzenari dira, baina bultzatzaileek diotenez oso emaitza onak izan ditu, eta nahi zituzten helburuak bete egin dituzte. Bideo honetan dituzue, ingelesez, ekimenaren inguruko azalpen gehiago (autobonbo kutsu handiarekin, hori bai).

Zer iruditzen? Nik, egia esan, ez daukat oso argi ideia erabilgarria, beldurgarria, lasaigarria ala are estresanteagoa den…

Erantzun bat

  1. makilakixki 2011(e)ko uztailak 21

Eta zuk, zer diozu?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.