Apple Lisaren sagua
Macintosharen amama zen Apple Lisak ekarri zuen lehen sagu komertziala. Ez zen oso ergonomikoa ezta oso polita ere, baina sekulako berrikuntza suposatu zuen.

Fosforo zuriko testu hutsezko pantailen munduan, pantailako erakusleak eta hura mugitzeko saguak erabateko iraultza suposatu zuten 80ko hamarkadaren erdialdean. Harez geroztik, aldaketa estetiko-ergonomikoak alde batera utzita, berrikuntza gutxi izan da erakuslea mugitzeko gailuen teknologia horretan.

Duela urtebete luze Light Touch delakoa aipatu nizuen hemen, pantaila eta erakusle teknologia uztartzen zituen gailu berri bat, edozein azalera lau ukimen pantaila bihurtzeko gailua. Kontzeptua eta azoka komertzial bateko aurkezpenaz gain, beste ezer gutxi jakin dugu haren inguruan azken hamabi-hamabost hilabeteotan. Pena, zeren eta kontzeptu benetan interesgarria ematen baitu.

Bada, gaurkoan antzeko beste gailu baten berri ikusi dut han-hemenka. Bere garaian teklatu laser birtuala sortu zuen enpresa berberak, Celluon delakoak, bee azken asmakizunaren loriak kantatzen dituen bideo bat jarri du sarean. Gailuak evoMouse du izena eta, sagua baino, txakurra dirudi:

evoMouse, sagua zakur bilakatu zenekoa 3

Sagurik gabeko sagua dela esan genezake: bere bi begitxo berde horiek eskuarekin zer keinu egiten dugun aztertu, eta horren arabera mugitzen dute ordenagailuko erakuslea batera ala bestera, klik bat edo bi egin, irudiak alde batera edo bestera biratu… hori dena eskutan ezerri heldu beharrik gabe.

Baina hitzez azaltzea nahiko konplexua da: onena zuek zeuek ikustea:

Baietz txuloa, e? Bueno, ba orain merkaturatze data eta prezioa jakitea baino ez zaigu falta Olentzerorentzako zerrendan txakurtxoari lekutxo bat egiteko…

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.