Euskarari dagokionez ezberdinak izango dira beharbada telefonia enpresak, baina bezeroarekiko errespetuan argi eta garbi ikusten da elkarren familiakoak direla. Bezeroak begirune minimoa ere merezi ez dugun diru-iturri soilak baino ez gara, eta edozein trikimailu da zilegi iturrioi zuku gehiago ateratzeko.

Egunen batean kontatu behar dizuet YA.COMen baja emateko laster urtebete egingo duen nire abenturatxoa, YACOMen ustezko abokatuen gaueko 11:00etatik aurrerako dei intimidatorioak barne. Euskaltelera bueltatu naiz abenduan haiekin lasaiago biziko nintzatekeelakoan, baina bai zera! Baina tira, goazen atalez atal…

Frikazoek Euskaltel gomendatzen dute
Frikazoek Euskaltel gomendatzen dute

50M ‘prezio berean’

techminatorDuela aste batzuk eskuzabaltasunaren eredu agertu zaigu Euskaltel. FAIL guztien ama eta aita izan litekeen publizitate kanpaina batean, 12 megako banda zabaleko bezerooi urtebetez 50 megara pasatzeko eskaintza egin digu, orain arteko prezio berean, bide batez frikazo hutsak garela argi eta garbi esanez.

Baina tira, komunikazio arazoak alde batera utzita, eskaintza ona dirudi, ezta? Total, prezioa mantendu behar badidate…

Baina, eskaintzak letra txikiak ditu! Letra txiki asko, aukeran. Jadanik bezero garenok, idatzi bat jaso dugu egunotan (pdf) sustapen kode batekin, eta eskaintzaren baldintzekin. Hiru aukera eskaintzen dizkigute:

Euskaltel 50M aukerakLehen aukera: 12 megatik 24ra pasatzea, hilean 3 euro gehiago ordainduta.

Bigarren aukera: 12 megatik 50era pasatzea, orain arteko prezio berean. Berean? Tira, gutxi gorabehera, izan ere:

  • 50 M horietaz gozatzeko, egun duzun kable-modemaren ordez, azken belaunaldiko bat jarriko dizugu: WiFI N duen Docsis 3.0, 49€ trukeBaina niri duela hilabete eskas jarri didazue kablemodema, eta Wifi N eta Docsis 3.0 dauzka…
  • Ya, ya, baina eske eskaintzan sartzeko kobratzen dugun kuota finko bat da. (sic)
  • Aaaah, edeeerto ba!

Total, orain arteko prezio bera Euskaltelen arabera dela 49/12= 4,08 euro gehiago hilean.

Baina lasai, eskaintza gustuko izan ezean, hirugarren aukera bat ere badugu orain 12M dugunok: gauden bezala jarraitzea…

Egon! Zer da orriaren bukaeran izartxo batez markatuta dagoen lerrotxo mikroskopiko hori?

Otsailaren 1etik aurrera, abiadura lehenetsia 24 M-koa izango da, hilean 3€ gehiago ordainduta.

  • Hara, hara, hara, beraz, otsailetik aurrera ezin izango dut 12M izaten jarraitu?
  • Ez, 24Mra igoko dizugu abiadura, eta hilean 3€ gehiago kobratu. Baina lasai, e? Gutun bat bidaliko dizugu dena ondo azaltzen!
  • A, oso ondo ba…

Total, teorian nahi izanez gero 50Mra pasatu gaitezkeela dohainik. Praktikan, doakotasun horrek 49 euro balio du. Eta tira, ordaindu nahi ez baditut, otsailetik aurrera abiadura igo eta 3 euro igoko didate prezioa, nik abiadura igoera nahi ala nahi ez.

Ederra pagotxa!

EGUNERAKETA:

JGabiMark lagunak esan digunez, (mila esker!) antza 12Mrekin jarraitzeko aukera ere badago… baldin eta espreski eskatzen bada! Pentsatzen dut hori telefonoz egin daitekeela 1717an, edo bestela zuzenean kanpainaren webgunean, postaz bidaltzen dute kodea erabiliz, azken aukera hautatuz (12Mrekin jarraitu). Baina badirudi ezer esan ezean, 24Mra (eta hilean 3 euro gehiagora) pasako gaituztela.

Dena den, Gartzik dioenez, eskaintzen duten zerbitzua eta tarifa ohartarazi gabe aldatzea gurekin duten kontratua urratzea da. Pentsatzen dut horregatik esan zidala telefonokoak ‘idatziz azalduko digutela gutun batean’. Edonola ere, detaile dotore-dotorea ez da, ezta?

5 erantzun

  1. Iñaki Murua 2011(e)ko urtarrilak 20
  2. JGabiMark 2011(e)ko urtarrilak 20
    • joxe 2011(e)ko urtarrilak 20
  3. Gartzi 2011(e)ko urtarrilak 20
  4. leire 2011(e)ko urtarrilak 23

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.