Susedido bat kontatuko dizuet gaur. Ez zait gustatzen hona teknologiarekin loturarik ez duten gaiak ekartzea, ezta honelako beroaldietan idaztea, baina tira, bospasei aldiz gertatu zait jadanik gauza bera eta dagoeneko ezin diot publikoki kontatzeko gogoari eutsi. Horra bada, ipuintxoa.

Honezkero jakingo duzuenez, Topagunean lan egiten dut, Euskara Elkarteen Federazioan, alegia. Hedabide saileko sustatzailea naiz han, euskara elkarte askok sortutako hedabideei laguntza (eta sarritan, berez daukatena baino lan gehiago) ematea da. Gurasoei azaltzen zailak diren lan horietako bat da. Batez ere gurasoak Rondako mendizerran galdutako Jubrique izeneko herrixka batekoak badira. Berrogeitaka urtez Euskal Herrian bizi arren euskaraz hitz bat ere ikasi ez duten horietakoak dira (are, gazteleraz ere hango doinuaz egiten dute biek oraindik ere, amak bereziki). Bulegoan ez naiz antzeko profila duen bakarra. Gazte Saileko sustatzaileak, Sonia Perez Anguerak, eta Kulturgintzakoak, Manuel Morenok, guraso andaluzak dituzte. Txantxetan, Comando Malagita deitzen diogu gure buruari sarritan.

<i>Comando Malagita</i> 1

Baina tira, harira. Hona gaur arratsaldean (esan bezala, laugarren edo bosgarren aldiz) telefonoz izan dudan elkarrizketa. Telefonoak jo du eta:

  • Topagunea, bai esan?
  • Arratsalde on. Begira, Arrate Irratitik deitzen dut. Udagoieneko Osterari buruzko elkarrizketatxo bat egin nahi dugu bihar eta jakin nahi nuke norekin hitz egin behar dudan.
  • Bai, horretarako gure kultura teknikariarekin hitz egin behar duzu. Manuel Moreno da bera, baina orain ez dago bulegoan. Mobila emango dizut harekin zuzenean hitz egiteko: zenbakia hau eta hau da.
  • Ondo, bere izena errepikatuko didazu?
  • Bai: Manuel Moreno, kultura teknikaria.
  • Zera… baina elkarrizketa euskaraz da, horrek euskaraz badaki?

Ez ba, jatorria Ebrotik behera dugunok ezintasun genetiko bat dugu euskaraz aritzeko, baina Euskara Elkarteen Federazioak erdaldun kuota bat du bere plantillan berdintasuna sustatzeko, eta horri eskerrak ari gara hirurok hor lanean…

Behin gerta daiteke, birritan ere bai, baina Sonia Perezekin, Manuel Morenorekin edo neronekin hitz egin behar duen bakoitzean galdera berbera egiten du! Sinestuidazue, oso-oso-oso amorragarria da.

Baina tira, konponbide bat ere bilatu dugu, ez pentsa. Aurrerantzean, bulegora deitu eta gugandik galdetu behar duzue, gogoratu Sonia Perez orain Ixone Petrikorena, Manuel Moreno berriz, Manu Montero Imanol Baltza (eskerrik asko Bolizko Dorreko Yodari), eta ni Joseba Gorriti. Kontuan izan, e? ¬.¬

2 erantzun

  1. Maria 2010(e)ko abenduak 2
  2. joxe 2010(e)ko abenduak 2

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

%d bloggers like this: