
Txikitan txoratzen ninduten zientzia-fikzioko telesail eta marrazki bizidunetan, gauzarik flipanteenetako bat garai hartan ‘konputagailuak’ deitzen zirenak ziren. Zer Google eta zer Googleondo! Nahikoa zen galdera ahoz botatzea, eta makinak di-da erantzuten zuen, erantzuna osatzeko beharrezko irudiak eta bideoak aldi berean erakutsiz… Halaxe egiten zuten G Komandoko kideek, Ulises 31k edota Star Trek-eko eskifaia osoak.
Bada, gaur flipatu egin dut. Qwiki izeneko webgunearen alfa bertsioa probatzeko aukera izan dut eta, galderak idatziz egin behar zaizkiola alde batera utzita, horixe egiten du: sartutako bilaketa terminoa hainbat gunetan arakatu, haietatik testu, irudi eta bideo informazioa atera, eta horixe erakusten digu era ezin txukunagoan. Ahots gozo batek testuzko informazio klikagarria irakurtzen digu, eta lokuzioa entzuten dugun bitartean erlazionatutako bideo eta irudiak ikusteko aukera dugu.
Oso-oso era erakargarria iruditu zait informazioa erakusteko, batez ere helburua informazio orokorra eskuratzea denean. Wikipediako artikulu batek eman dezakeen sakontasuna nekez emango digu Qwikik, baina kontsulta azkarretarako ezin aproposagoa iruditu zait. Hona, esaterako, ‘Bilbao’ galdetuta zer erantzuten digun. (‘Bilbo’ idatziz gero, Eraztunen Jaunako Bilbo Zorrozabalen inguruko informazioa ematen digu!).
Imajinatu zer izan daitekeen hau galderak ahoz sartzeko eta beste hizkuntzetarako euskarria erantsiz gero. Flipatzekoa, ezta?
(Bide batez, alpha bertsioa probatzeko gonbidapena nahi baduzue, eskatzea baino ez duzue!)
Suposatzen dut gaurko Nick dut Nik-ean banatuko diren gonbidapenak honentzako izango direla. Tira, bertan lortzen ez badut eskatuko dizut bat.
Portzierto, nik beste Konputagailu bat gehituko nioke zure zerrendari: Alien filmeko Nostromo espazio-ontziaren Madre (Mother) konputagailua.
Jeje, ba ez, nickdutnikekoak beste inbentontxo baterako dira… bidaliko dizut honetarakoa.
Eta bai, Mother ere izugarria zen. Baina horrek teklatua zuen, ezta? Orain, gainera, HALekin gogoratu naiz…
Pues arrazoia zenuen, qwiki benetan awesomea da! Beste gauza bat da erabilgarritasunarena… Mileskeeeer 🙂