<i>Prey</i>, kode irekiko segurtasuna plataforma anitzetan 1
Lisboako 'Feira da Ladra' edo lapurren azoka. Gero eta errazagoa da gure gadgetak horrelako 'merkataritza zentroetan' bukatzea. Behingoagatik, argazkia neuk egina da, ke patxa? 😛

Gatxeten artean, gero eta arruntagoak dira gailu eramangarriak: portatilak, telefonoak, irakurgailuak, tabletak… Ondo dago gure tresneria guztia edonora eraman ahal izatea, baina horrek arazoak ere sortzen ditu: bateriaren iraupena, pantailen irakurgarritasuna eguraldi eguzkitsua dagoenean… …eta, batez ere, segurtasuna. Seguru nago guztiok ezagutzen duzuela segapotoa, PDA, tableta, portatila edo dena delakoa inoiz lapurtu dioten baten bat. (Neuri ere gertatu zait jadanik, snif!).

Gauzak horrela, ez dago soberan gutxieneko segurtasun neurri batzuk hartzea. Eta, hain zuzen ere, horretarako balio du gaur erakutsi nahi dizuedan softwarea, Prey izenekoa. Prey galdu edo lapurtutako gailuen jarraipena egiteko software bat da, kode irekikoa eta dohainik erabil daitekeena. Baina gainera, plataforma pilo batean erabil daiteke: Windowsen, Mac OS Xn, GNU/Linuxen eta Android OSen ere bai. (Ez, iPhone eta antzekoetan momentuz ez dabil: kuaaakuaaakuaaakuaaaaa!!!).

<i>Prey</i>, kode irekiko segurtasuna plataforma anitzetan 2
Preyren web bidezko kontrol panela. Klik handiago ikusteko

Bi elementuk osatzen dute sistema: makinan behin instalatu eta konfiguratu ondoren ikustezina bihurtzen den kontrol panel bat, alde batetik, eta web bidezko beste kontrol panel bat. Web horretan zure Prey kontuan aktibatu dituzun gailu guztiak agertzen dira: izan mac, pc, netbook edo Android telefonoak, eta bakoitzaren egoera eta aukerak aldatzeko kontrolak.

Gailu bakoitzeko, egoera zehaztu ahal dugu, hots, galduta dagoen ala ez (mugikorren kasuan, ‘galduta’ egoera ez da web bidez ezartzen, gure zenbakira SMS berezi bat bidalita baizik), gailuan instalatua dagoen Preyren bertsioa automatikoki eguneratuko den ala ez, eta zenbatero ‘esnatuko’ den ordenagailuaren egoera aztertu eta, galdura badago, txostena bidaltzeko. Beste alde batetik, ‘Moduluak’ ere konfiguratu ahal ditugu: hots, Prey esnatzen den bakoitzeko zer egingo duen gailua galdutzat jo badugu, eta zer informazio jaso nahi dugun:

<i>Prey</i>, kode irekiko segurtasuna plataforma anitzetan 3
Prey moduluak eta ekintzak
<i>Prey</i>, kode irekiko segurtasuna plataforma anitzetan 4
Prey testuzko alerta, Android telefono batean

Ikusten duzuenez, moduluen artean honako datuak jaso ditzakegu galdutako gailutik:

  • SAREA: gailua zer saretara konektatua dagoen, inguruan dituen WiFi puntuen izenak eta bestelako datuak, eta batez ere, NON dagoen fisikoki (nahiko zehazki ematen du datua gainera).
  • SAIOA: unean zer erabiltzaile dagoen aktibo, zer artxibo aldatu dituen azken boladan, zer programa erabiltzen ari den, eta uneko pantailaren irudia.
  • WEBCAM: gailuaren kamerak unean ateratako argazki bat.
  • GEO: kokapenari buruzko informazioa.

Bestetik, ekintzak zehaztu ahal ditugu. Preyk ekintza horiek gauzatu egingo ditu gailuan esnatzen den bakoitzean, berdin dio gailua galdutzat eman dugun ala ez:

  • ALARMA: Gailua zarataka hasten da 30 segunduz, inguruan baldin baduzu erraz topa dezazun.
  • ALERTA: Jakinarazi gailuaren jarraipena egiten ari zarela, testzko mezu baten bidez, eta pantaila fondoa aldatuz.
  • BLOKEOA: Eragotzi ordenagailua erabiltzea pasahitza sartu ezean
  • SEGURTATU: E-maila ezkutatu, pasahitzak eta cookieak ezabatu… egileek gomendatzen dute aukera hau oso muturreko egoeran soilik erabiltzea.
<i>Prey</i>, kode irekiko segurtasuna plataforma anitzetan 5
Nire netbooka, 'locked' egoeran.Klik handiago ikusteko.

Dohainik… …ala ez

Uste dut lehen esan dudala: Prey dohainik erabil daiteke, eta guztiz funtzionala da gainera, baina muga batzuk ditu:

  • Gehienez hiru gailuren jarraipena egin daiteke
  • Gailu bakoitzeko gehienez 10 txosten gorde daitezke
  • Txostenen arteko tartea bost minutukoa da gutxienez

Soluzio ‘profesionalagoa’ behar izanez gero (gailu gehiago zaindu, bakoitzaren historial luzeagoa gorde…), ordaindu beharra dago. Horretarako lau plan diferente eskaintzen du Preyren egilea den Fork Ltd.enpresa, hileko 15 eta 400 dolar bitartekoak.

Laburbilduz…

Oso aukera ona gure gailu ibiltariak bytheface babesteko, asko ez baditugu behintzat. Egia esan, behin gailua lapurtuta ez dakit honelako aplikazioak noraino diren lagungarri, baina tira!

Bide batez, Preyren jarraibideetan ikusi dudan segurtasun gomendio garrantzitsu bat: ahal baduzue, babestu zuen eramangarrien BIOSa pasahitz batekin, eta desgaitu CD edo USB gailuetatik abiatzeko aukera. Horrela, lapurtuz gero, lapurrek ezin izango dute sistema eragile berri eta ‘garbia’ instalatu. (Hori eginez gero, alferrik dira segurtasun software guztiak!).

Aldekoak

  • Kode irekia
  • Doakoa
  • Era askotako gailuak leku bakar batetik kontrolatzeko aukera

Kontrakoak

  • Bat ere ez (momentuz!)

Info gehiago eta deskargak: www.preyproject.com

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.