Badirudi Telefónicak gogor ekin diola lagunak egiteko kanpainari. Eduki hornitzaileei kobratzen hasteko mehatxuaren oihartzunek oraindik ere hor dirautela, Cesar Aliertaren enpresak beste ateraldi bat izan du egunotan, eta argi esan du tarifa lauak ez diola nahi beste etekin ematen.

Telefónica hasia da jadanik tarifa lauak mugatzen 1 - teknopata.eus
O2 Telefónicaren Inglaterrako adarra da

Hedabide gehienetan tarifa lauaren amaieraren kontu hori balizko kontu gisa aurkeztu digute egunotan, baina gauza da Telefónica hasia dela jadanik bezeroen tarifa lauak mugatzen. Zorionez, esperimentuak Inglaterran egitea erabaki du, baina ez izan dudarik gauza ondo ateraz gero berehala zabalduko duela bere adar guztietara. Eta Telefónica horretan hasiz gero, ez izan dudarik gainontzeko operadoreak ere berehala egingo dutela. (Besteak beste, gehienek haren sarea erabiliz eskaintzen baitute zerbitzua).

Bandaancha webgunean irakurri dugunez, Telefónicaren filiala den O2 operadore ingelesak aldaketak egin ditu asteon bere tarifa lauaren baldintzetan. Orain hiru tarifa lau eskaintzen ditu operadoreak, streaming eta P2P zerbitzuetarako murrizketaren araberakoak. Hiru tarifetan, oinarrizko abiadura 20 Mb-koa da, baina, ordaindu nahi duzunaren araberako mugekin.

Lehenengo eta behin, hilabeteko trafiko muga bat dute tarifarik merkeenek, 20 Gbkoa. Eta gainera, Youtube bezalako zerbitzuek abiadura muga berezia dute: 0,05 eta 0,8 Mb bitartean oinarrizko tarifan, 0,1 eta 8Mbps bitartean tarifa ertainean, eta 0,25tik aurrera tarifarik altuenarekin.

Telefónica hasia da jadanik tarifa lauak mugatzen 2 - teknopata.eus

Onura bikoitza lortzen du horrela operadoreak: batetik, garestiago kobratu ahal die trafiko gehien erabiltzen duten bezeroei, aurrekoan iragarri zutena beteaz, eta bestetik internet bidez bideo edukiak jasotzeko ahalmena mugatzen du, bere telebista plataforma propioak hobeto saltzeko aukerak areagotuz.

Tarifikazioaz gain, O2k “Fair Usage Policy” edo “Gizalegezko Erabilera Politika” delakoa ere ezarri du bere baldintzetan. Horrek esan nahi du, sinple azalduta erabiltzaile batek bere linearen “gehiegizko erabilera egin” eta beste bezeroei “kalte eginez gero”, operadoreak berehala jakinaraziko diola, erabilera murrizteko ohartaraziz. Erabilera murriztu ezean, kontratuko baldintza berri horrek ahalmena ematen dio operadoreari zerbitzua bertan behera lagatzeko.

Telefónica hasia da jadanik tarifa lauak mugatzen 3 - teknopata.eus

Panorama ederra, ezta? Telefónicaren Espainiako bulegoetan esan dute ez dutela horrelako sistemarik ezartzeko asmorik… baina bertako arrain lodien hitzak entzunda, ez da oso sinesgarri geratzen, ezta?

Atzo bertan kontu honen inguruan aritu ziren solasean Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Tarifen kontua beste herrialde batzuetan nola dagoen kontatu zuten korrespontsalek (baten batek ez zuen ondo bereizten abiadura eta trafikoa 😉 ), eta gero CodeSyntax-eko Gari Araolaza eta Euskalteleko marketing zuzendaria, Koldo Unanue elkarrizketatu zituzten. Bigarrenez entzun nion Euskaltelekoari haiek ez dutela asmorik tarifak igotzeko, eta bide batez, O2k egindako aldaketen aipamena ere egin zuen. Garik, bestalde, kontu honetan neure ustez ere gakoa dena aipatu zuen: Telefónicak dio ‘internetek gainezka egin duela’ ordaintzen dugun tarifaren ahalmen osoa erabiltzaile maltzur, pirata eta arimagabeon erruz, baina benetan esan behar duena da bere azpiegiturak egin duela gainezka, ez duelako inbertsio nahikorik egin, eta hala ere zukua ateratzen jarraitu nahi diola.

Enfin, 20 minututxo baduzue merezi du entzutea. Hemen behean klik eginda egin dezakezue, edo EiTBren webgunetik bertatik.

Play

Erantzun bat

  1. joxe 2010(e)ko irailak 15

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.