Mundu mailako krisi ekonomikoa, langabezi tasa altuak, gizarte aurrekontuak maldan behera, zergak gora, BEZ %18ra… panorama horrekin gero eta zailagoa gizaki arruntok erosketak egitea… …bai eta saltokiek saltzea ere, noski.

Horregatik, seguruenik, Eroskik kontsumitzaile-bezero-gizaki arrunton aldeko kanpaina zoragarria jarri du martxan: erosketak egiterakoan etxeko poltsak eramaten badituzu, zentimo bateko deskontua egiten dute eramaten duzun poltsa bakoitzeko!!! Ikusi bestela:

Zentimo bat poltsa bakoitzeko
Zentimo bateko deskontua ERABILI DUZUN POLTSA BAKOITZEKO. Wow!!!

Hain eskuzabalak iruditu zaizkit Eroskikoak ezen ‘1 zentimo’ hori ere barkatzeko prest bainago! Pentsa! Aurrerantzean etxean pilatutako poltsa zaharrak Eroskira eraman besterik ez dugu erosketak dohainik (edo dirua itzulita akaso!) egiteko! Horri esaten diot nik krisiaren kontra gogor aritzea!!!

Enpin, ordenagailua itzali eta korrika batean noa Bilbondora, etxeko poltsa zahar guztiak hartuta, noski!

Baina… …oh, wait!

0,01 euroko deskontua
¿Cómo se dice "hubieras usado"? Esto... um... bah! Pon "erabili duzun", total, la parte en euskera no la lee nadie!

Um… beraz, gazteleraz zentimo bat deskontatzen dute erabiltzen EZ DEN poltsa bakoitzeko, eta euskaraz ERABILTZEN DEN poltsa bakoitzeko? Hau zer da, euskaldunen diskriminazio positiboa? Esker bikoitzak eman beharko Eroskiri orduan! Joe! Benetan eskuzabalak, ezta?

Eta, diot nik, publizitate legea kontuan  hartuta (iragarkiek kontratu balioa dutela dio nonbait), joan liteke edozein euskaldun Eroskiko kutxara zaku bete poltsarekin, eta exijitu publizitatean jartzen duena bete eta poltsa bakoitzeko zentimo bat deskontatzeko? Horren ko-ofiziala da euskara, ala zerbait gutxiago? ¬.¬

6 erantzun

  1. Gump 2010(e)ko uztailak 5
  2. joxe 2010(e)ko uztailak 5
  3. joxe 2010(e)ko uztailak 6
  4. behelainoa 2010(e)ko uztailak 7
  5. joxe 2010(e)ko uztailak 27

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.