Nanobotak minbiziaren kontra 1KONTUZ: sarrera honetan ondo menperatzen ez dudan gai zientifiko baten inguruko azalpena daude, beharbada okerren bat izango dutenak. Ez larregi fidatu eta, okerrik aurktiuz gero, jakinarazi mesedez! 😕

Nanobotak, zelulen tamainako errobotak, oraindik zientzia-fikziozko kontua zirelakoan nengoen ni (bueno, eta beste asko ere, antza), etorkizun hurbilean ikusiko genituelakoan…

Eta hara non, ezusteko galanta hartu nuen aurrekoan, nanobotak minbiziaren aurkako tratamendu gisa erabiltzeko lehen probak egin dituztela irakurtzean. Antza denez, aspalditik ezagutzen da ‘RNAi’ edo ‘isiltze genetikoa’ izeneko teknika bat, proteinen ekoizpena blokeatu eta, ondorioz, zelulen arteko komunikazioa eteten duena.

Teknika hori erabiliz sortutako molekulek erabilgarritasun handia izan dezakete osasungintzan, birusen eta minbizi-zelulen hedapena eragotziz. Orain arazoa da sendagileek ez dakitela nola bideratu molekula horiek zelula nukleo zehatzetara, hots, ez dakitela nola eragotzi zelula gaixoen komunikazioa soilik, besteena bakean utzita.

Bada, California Institute of Technology-ko ikertzaileek arrakastaz saiatu dira nanobotak zeregin horretan jartzen: RNAz kargatu dituzte polimerozko nanobot bereziak, sentsore kimiko bat dutenak. Minbizi-zelulen inguruak sentsorea pizten duenean, nanobotak bere karga askatzen du, zelula horren komunikazioa eta erreprodukzioa eragotziz.

Esperimentuan melanoma duten hiru lagunek hartu dute parte. Nanobotak injekzio bidez jaso dituzte hirurek hiru astez. Epe hori pasata egindako probetan, hiru lagunen emaitzek argi adierazten zuten RNAren presentzia, batetik, eta bestetik, murrizketa nabarmena ere tumore-geneen presentzian.

Teknikak bide luzea du oraindik ohiko tratamendu bihurtu arte, baina aurrerapauso nabarmena da zalantzarik gabe, eta hala minbiziaren nola bestelako gaitz birikoen aurkako ikerketa lerro ezin interesgarriagoa ireki du, RNAn oinarritutako teknikek askoz erabilera orokorragoa izan baitezakete orain arte ikertu diren DNAn oinarritutakoek baino.

[via: Popular Science]

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.