Zientzialariak beldur dira iPhone hormonatuaren aurkezpenaren biharamunak zer nolako eragina izan behar ote duen negutegi efektua eta beroketa globalaren gainean. Han-hemenka irakur eta entzun daitekeenez, ez da giro California aldean, iPad ditxosozkoaren inguruan enpresa batekoek eta bestekoek egindako adierazpen zaparradaren ostean.

iPad Wars 1
Gozo jarri zaigu Jobs iPad famatuaren kontuarekin!

Batetik, Steve Jobs bera daukagu. Cupertinoko gurua bere egoera fisikoaren eta Appleren gaineko lidergoaren inguruko zalantzak argitu nahian omen dabil, eta lehengoan Appleko langileekin izandako bilera batean, egurra partitzen ibili zen, Amazonia osoa ordu erdi batean goitik behera desforestatzeko beste:

  • Googleren inguruan, suabe hasi zen Jobs: Apple bilatzaileen munduan sartu ez den arren, Google telefonoen merkatuan sartu dela buru-belarri Nexus One delakoarekin, iPhonea ‘hil’ eta merkatu hori bereganatzeko asmoz, eta ez duela batere asmorik Googleri aitzindaritza hartzen uzteko. Bide batez, eta bertan egondako langileek ei diotenez, Googlek darabilen “ez izan gaiztoa” leloaz “is a load of crap” esan omen zuen Jobsek. Kakamokordo bat dela, alegia.
  • Baina Google ez da Jobsen haserrea pairatu duen bakarra. Adoberen kontura ere bereak eta bi bota ditu, esanez alferrontzi hutsak direla. Sekulako gauzak egiteko ahalmena dutela, baina ez dutela lanik egin nahi. Appleren gailu mugikorrek Flash euskarririk ez izatea Adoberen errua dela esan omen zuen Jobsek, “errorez josita dagoelako, Mac bat kolgatzen den gehienetan, Flashen errua izaten da”. Gainera, mundua HTML5erantz mugitzen ari dela ere esan zuen Appleren sortzaile eta buruak, eta laster ez dela Flashen beharrik izango.

Bien bitartean, Adobeko jendea ez da isilik geratu, noski, eta iPad-ak Flashik ez izatearen ondorio praktikoei buruzko sarrera bat egin dute euren blogean.

iPad Wars 2
Milioika webgunek erabiltzen dute Flash. Hasi ohitzen lego fitxa urdina ikustera...

Acer etxearen Taiwango adarra zuzendu arren, Bilbokoa ematen duen Scott Lin-ek bere aldetik, esan du iPadaren antzeko gailu bat diseinatzeak ez duela batere zailtasunik bere enpresarentzat. Acer liderra da netbooken salmentan, eta Lin-ek esan duenez, ez du batere asmorik iPadarekin lehian sartzen saiatzeko. Linek ez du espero iPad eta netbook merkatuaren artean lehia handirik egotea.

Googlekoek ez dute ezer esan momentuz (nik dakidala behintzat), baina honela jarraituz gero, norgehiagoka honen inguruko apustuak kiroljokoa.com-en ere egiteko modua izango dugu laster!

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.