iPad: Zeozer esan beharko, ba!

Tira, urteotako zurrumurruen ondoren, Applek atera du azkenean TabletPC kontzeptuaren interpretazio propioa: iPad deritzon iPod “hormonatua”. Aitortu behar dut ez diodala arreta handiegirik eskaini Appleren azken gadgetari, baina batzuek galdetu didatenez, hona trastearen inguruko boteprontoko ideia batzuk:

iPad: Zeozer esan beharko, ba! 1

Cariño, he agrandado al niño

  • Pentsatzekoa zen Applek TabletMac bat aurkeztuko zuela, hots, Mac OS X sistema eragilea eramango zuen teklatu fisikorik gabeko portatil bat. Aurkeztu dutena, ordea, pantaila handia duen iPhone bat da, iPhonearen sistema eragilearen aldaera batekin, eta hark dauzkan limitazio berdinekin (aplikazioak iTunesetik deskargatu beharra, esate baterako).
  • Beste jende askok (tartean liburu eta prentsa editore gehienek)  liburu elektronikoen iraultza ekarriko zuela uste zuen. e-Reader guztien ama, nolabait esateko, iPodak bere garaian MP3 gailuen munduan jokatu zuen paperaren antzera. iPad-ak pantaila arrunta darama ordea, ez tinta elektronikoa: ikusgarriagoa, koloretsua, ukimenari erantzuteko gai dena, kontsumoko gai gisa askoz ere erakargarriagoa… baina luzaro irakurtzen egoteko deserosoa. Ez dirudi iPad-a liburu elektronikoekin lehiatzeko egin dutenik. Baina gauza bera esan nuen hasieran iPhonearen inguruan, eta ezin ukatu gaur egun erreferentzia dela beste fabrikante guztientzat. Eta, diot nik, iPad honek eReaderren lidergoa bereganatzen badu… zer puntutan geratuko da tinta elektronikoaren garapena?
  • Egia esan, ez dirudi gaur egun ezagutzen ditugun gatxet kategoria bakar batekin ere lehian sar daitekeenik. Mugatuegia da netbook funtzioak betetzeko. Handiegia multimedia erreproduktore eramangarria izateko. Zalantzatan dago telefonoz berba egiteko aukerarik ematen duen… Edo oso oker ibili dira Cupertinon, edo kontzeptua ulertzeko urte batzuk beharko ditugu, iPod eta iPhonearekin bezala.
  • Harrigarria egiten zait hardwarean ere gero eta itxiago izateko joera, nahiz eta horrek azalpen komertzial erraza duen: SD txartel ziztrin bat irakurri nahi duzula? Arazorik ez… irakurgailua erosteko prest bazaude, noski. Argazki kameretatik ere hartu ahal ditu irudiak… baina hori ere, lehenengo eta behin dagokion akzesorioa erosi ondoren. Bluetootha ere ba omen du, baina noraino egongo da murriztuta? Edozein BT teklaturekin erabili ahal izango da, ala Applekoekin bakarrik? Eta aurikularrak? Aurrekariak ezagututa, erraza da erantzuna asmatzen…
  • Aspaldi da Apple Computer zenak Apple Inc. izena hartu zuela, eta atzoko aurkezpenarekin argi ikusten da ordenagailuek, Macintoshek, behin betiko galdu dutela garai batean Jobsen enpresan zuten lehentasuna. Gero eta Sonyfikatuagoa dagoela iruditzen zait.
  • Aurkezpena bera ez dut ikusi, baina han-hemenka topatu ditudan irudietan bi gauzek eman didate atentzioa:
    • Lehenengoa Jobsen piura da. Demakratuta ikusi dugu azken aurkezpenetan, eta oraingoan ere ez du hobera egin. Are gehiago, besaulkia eta dena jarri diote oraingoan aurkezpena eserita egiteko.
    • iPad: Zeozer esan beharko, ba! 2

      Jony (ez Jonathan) Ive, Appleko diseinu burua

      Bigarrena txorrada bat izango da agian, baina konbentzituta nago honelako kontuetan ezer ez dela kasualitatea. iPadaren aurkezpen bideo ofizialetan, beti bezala, Jonathan Ive agertzen da, Appleko diseinu ataleko burua, gailuaren formaren nondik norakoak azaltzen. Asmatu ezinik nabilen arrazoiren batengatik, ordea, izena aldatu diote Ive-ri. Bideoan ikusten duguna ez da Jonathan, Jony baizik. Asko komentatzen da Appleren barruan Jobsen irteera prestatzen ari direla just in case, eta Ive-k daukala haren ordezkoa izateko boleto gehien. Akaso izena laburtu eta orain arte nahiko ikustezina izan den pertsonaia hurbilago bihurtu nahi dute horrela, ordezkatzea gertatzen denerako? Ez dakit, baina esan bezala, ez dut uste izena laburtzearen kontu hori kasualitate hutsa denik…

Enfin, horixe kontu honen inguruan bururatzen zaidana. Bueno, horixe, eta azken boladan betikoa: urteak dira Appleren aurkezpen batek ez nauela beste garai batzuetan bezala harritzen. Zahartzen ari naizen seinale, beharbada?

Eta zuk, zer diozu?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.