“Aizu Joxe, emango zenuke ordubete inguruko hitzaldia interneteko arriskuei buruz?” Halaxe galdetu zidan duela hilabete inguru Aritzak, Kultur Kabiako sheriffak. Ezetz esaten ikasteko ikastaroa egitekoen artean daukat oraindik, eta ondorioz, baietz esan nion. Gerora jakin nuen nerabeei zuzendutako kontua izan behar zuela (nerabeak, mustro ikaragarri horiek, glups!), eta batez ere gauza praktikoei begirakoa.

Eta bizpahiru datu horiekin, gaur joan naiz, MacBooka besapean hartuta, Sodupeko Kultur Etxe esteinatu berri eta ezin dotoreagoa. Inguru ederra da, paseo luze-luze batean. Han izan dut zain Amaia, Enkarterrietako Euskara Teknikaria, bertan duela hilabete batzuk eman nuen blog ikastaro batean ikasle aritutakoa.

Eta, enfin, goizeko hamarrak zertxobait pasata iritsi dira Kultur Etxearen ondoan dagoen ikastetxeko 40 bat ikasle, bi taldetakoak, euren irakasleekin. Identitate digitala, birusak, intimitatea, troianoak, phishinga, software librea… ahal dudana azaldu izan diet ordubete horretan, asteburuan landutako buru-mapa honetan oinarrituta:

Hori atseginago bihurtzeko, hainbat ideia eta albisterekin nahastu eta aurkezpen -ustez- ikusgarri batean jartzen saiatu naiz:

  • Internet ez da arriskutsua, arriskuak dituen arren (Japonian hiru lagun hil zituen masajeadore elektrikoaren adibidea jarri diet)
  • Seguru ibiltzeko klabea norbera dela ere kontatu diet
  • Informazioa konpartitzerakoan, zer eta norekin konpartitzen duten kontrolatzearen garrantziaz aritu gara. Atzo bertan Kanadako neska bati gertatutakoa komentatzen egon gara. Nire harridurarako, eztabaidatxoa sortu da horren inguruan, gaizki aritu dena neska ala haren jefea izan den.
  • Harritu nauten beste kontu batzuk:
    • 40 ikasleetatik, 30 inguruk dute perfila Tuentin (FaceBooken dozena batek-edo), eta haiek komentatu didate kontrolatu egiten dutela haien informazioa nork ikus dezakeen eta nork ez, eta benean ezagunak dituzenak soilik onartzen dituztela lagun gisa. Espero nuena baino zentzudunagoak dira zentzu horretan.
    • Ikasleetako askok Firefox eta/edo Thunderbird erabiltzen dutela esan dute. Euskaraz batek ere ez ordea 🙁
    • Irakasleak ahozabalik ikusi ditut, oharrak hartu eta hartu 🙂 Haietako batek eMule etxean instalatzeko laguntza eske ere etorri zait amaitutakoan! o.O

Badakit honelako aurkezpenek ezer gutxirako balio dutela horrela, ‘a pelo’, baina tira, baten batentza erreferentzia gisa balio badu, hor dago erabilitako aurkezpena. On egin!

4 Iruzkinak

  1. aitzol 2009(e)ko azaroak 26
  2. dabid 2009(e)ko azaroak 26
  3. @ainhoaeus 2009(e)ko azaroak 26
  4. Joxe 2009(e)ko azaroak 26
  5. Pingback: Segurtasuna sare sozialetan | Teknopataren txokoa 2018(e)ko azaroak 25

Utzi zure erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.